Ion Celestino.
LAUHAZKA

Alan Moore Bidankoze karrikan

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
NOVA: «Gaia erabat aldaturik, musika usu entzuten al duzu? Zure gustuak zein ote, superheroi gisa...».

VEIDT: «Musika elektronikoa maite dut, superheroiei dagokiena-edo, ezta? Eta orokorki avant-garde musika. Cage, Stockhausen, Penderecki [...] eta Jamaikako musika berri bat entzun dut. Musika elektroniko eta reggaearen arteko uztarketa moduko bat. Irakaspen harrigarria da nolako musika forma berriak sortzen dituen oro har pre-teknologikoa den kultura batek grabazio teknika berrienak ezagutzen dituelarik, gure soa mugatu duten pilatutako teknologia aurreiritzirik gabe. Dub musika esaten diote. Ziur naiz maitatuko duzula...».

Lagun bat galdezka, ea baden XX. mendetik honanzko musikari buruzko liburu bateren bat, baina teknologiaren garapena kontuan izango duena. Eta ez, ez dut zehazki horrelako libururik ezagun. Zuetako inork gomendiorik badu, MZ faborez, eskerturik.

Gaitzat harreman hori duenik ez, baina hamaika toki diferentetan loturak bai. Berehala Alan Mooreren Watchmen komikiko elkarrizketa hori etorri zitzaidan gogora, hor goian punpa lasterka euskarara ekarri dudan horixe. XX. mendetik gaur arteko teknologiaren garapenak bide ezberdinetatik busti du. Gogoangarriak zaizkidan adibide batzuk honatx. Gehienak, pentsatzen hasiz gero, bistako izatetik hurbil daude, noski.

Irratia inguruotako azken muturrera iritsi zen arte, afinazio sistema tenperatua ez zen toki orotara zabaldua. Harrigarria zaigu prozesu hau gure inguruan bertan ez-hain-aspaldikoa dela ulertzea. Marie Hirigoyen Bidarten tesi ezinbestekoa (Le chant basque monodique 1897-1990) irakur dezake honetan interesik duenak, edo/eta Iruñeko gaiteroek Pierre Caubeti buruz idatzitakoa (Caubet Chubuko Arhan: Txanbela eta khantoriak). Afinazio posible ezberdinak «mingarri» zaizkigu, epaitu egiten ditugu. Uniformizazio prozesu honen bidez, hain ziur gara «naturala» eta «zuzena» zer den... Baina nolanahi irratirik gabe akulturatu zen jendearen aldean, neuk behintzat soinu pertzepzio urriagoa dudala onartzen dut. Eta hau horrela izanik ere, irratiaren abantailez ez dut dudarik egiten, kar-kar-kar.

Grabaketa sistemak hasi zirenean, grabaketa horien salerostea hasi zenean, erregistragarria zenaren luzera urria zen: materialki ez zen toki gehiagorik. Honek egiteko moduan eragin zuzena du. Bere zuzeneko praktikan luzeago izan litekeen musika—adibide garbia dira bebop klasikoaren grabazioak— moztu eta zehaztu egin behar da, luzera jakin bat behar du. Honek musika eraikitzeko modu batzuk baztertuko ditu, baina beste batzuk posible egingo. Ez da, berez, ez txarra ez ona. Pop musika eraikitzeko bidea eman du, kantu motz eta zehatza. Gaurko pop musikaren merkatuan are gehiago estutu da laburtasun hori, baina dagoeneko ez da biltegiratze arazoengatik, bistan denez. Streaming-aren saturazioa aipatzen da, zehaztasun beharra, adi egoteko zailtasuna edo ohitura urria. Hamabost segundo, Burutikekoek dioten bezala.

Nolanahi, whatsapp bidez lehen begiratuan gaiarekin bai, baina euren artean lotura agerikorik gabeko audio andana bidali nion, burura etorri ahala. Pentsa zer aldaketa errotik: duela ehun urte (gutxiago zorrotz izatera) musika bakarka entzutea, besterik gabe imajina ezinezko ekintza bat zen. Gizateriaren historian sekula gertatu gabekoa. Eta erregistratutako musika zabaldu ondoren ere, ohikoena ez zen bakarka aditzea. Renato Valeruzek behin kontatutakoa etorri zait: 1950ko hamarkada bukaeran, Wattens bere jaioterrian larunbat gaueko ohitura zutela beste gazteekin etxe batean elkartzea, gau osoz jazz diskoak elkarrekin entzun eta kafea edatera.

Zera esan diot: musika, historia eta teknologia elkartzen diren bidegurutzeko pasadizo ederrenak asmakuntza teknologiko bat subertitu eta herri musika egiteko ezusteko bidea sortzean dautzala. Soinuaren sintesiak eta elektroakustikak soinu hutsaren muga intelektualera eraman behar gintuen? Dantzarako rave kultura sortzera iritsi zen, ordea. Perkusioaren kuantizazio algoritmoek inoizko musikarik karratuena produzitzea erraztu behar zuten? Jay Dilla eta besteek kalkula ezinezko polierritmo eroak asmatzeko subertitu zuten. Mikrofonoak bolumena ozenagoa izan zedin asmatu ziren? Lehen aldiz boz apalenean oinarritutako kantaerak posible egin ziren. Ordenadore batekin posible da norbanako batek beste inoren beharrik izan gabe musika ekoiztea? Kuadrilla osoa dago Bidankoze karrikako gela batean hiriarentzat hurrengo ereserkia sortzear.

Bukaera hasieran berriz ere: kondairak dio —hots: ez da garrantzizkoa egia ote den edo ez den— dub musikaren sorrera ausazkoa izan zela: The Paragons taldearen On the beach kantuaren single esklusibo bakar bat egiteko unean, teknikariak nahigabe ahots pistak muteatu omen zituen. Gau hartan, kantua sound system-ean jarri zutenean, dantzatokia suak hartu zuen bertsio hutsaren gainean ikusleria kantuan hasi baitzen... Ondorioz, ekoizleek honelako version-ak egiteari ekin zioten, eta efektuz atondutako reggae instrumental hutsaren garapena hasi zen.

Entzuteko modua aldatu ahala, egiteko modua aldatuz doa. Entzuteko ahalmena, aditzeko gaitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.