Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Sentipentsatzen

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

Ernegatu egiten nau inorekiko gehiegizko mirespen eta lausenguak, eta beneratu ohi diren figura horietako bat da Jorge Oteiza. Nagusiki eskultorea izan bazen ere, euskara ikertzen jardun zuen, besteak beste, baina esan beharra dago; euskal hiztuna izan gabe batetik —euskara bere aho-belarrietan biziarazteko gai izan gabe—, eta hizkuntzan gordetako antzinako jakintzak azaleratu uste zituela bestetik —irakurketak bere komenentziara behartuz—. Hori eginaz, euskara beneratzen zuen, jatorri miragarrizko baten arrastoa balitz bezala. Horra benerazio katea: beneratuaren beneratzaile beneragarria.

 

Kate horrekin apurtu zuen Iñaki Segurolak, 2020an argitaratutako Sed quia sua saiakerarekin, «hizkuntza honek zer dioen antzemateko» ahaleginean. Keinu egin zien Oteizaren Quousque tandem...! ezagunari, eta haren hizkuntzalaritza ikerketei. Segurolak, ordea, ez zuen euskara aspaldiko ezer miragarriren gordailutzat aurkezten, eta zioen erabiltzen dugun aldiro ari garela hizkuntza sortzen eta gertatzen; «Creation is here and now». Hain zuzen, gaitasuna zuen berak oso bizi gerta dadin. Esan liteke gauza bera egin zuela Oteizarekin ere. Jainkotu ordez, biziarazi egin zuen, haren jolasei jarraipena emanez. Liburuaren azaleko estetika ere kopiatu zion nolabait, baina ez da parodia. Keinu jolastia da, begirunezkoa baina gurtzarik gabekoa.

Xalbador jarri zuen Oteizak bere liburuaren azalean, eta Segurolak, Lazkao Txiki. Irudi hori parean edukita, eta Segurola esanahia eta esan nahia ezberdinduz jolasten zela ikusita, Irriz eta malkoz-en irakurritako pasadizo bat oroitu nuen. Hala izan omen zen: zaldibiar batek bertsoa bota zuen, «ez hanka eta ez buru» ez zuena, eta hala erantsi gero: «Bertso hori esan nahi handikoa zuan, e?». Lazkao Txikik, orduan: «Hala beharko dik, esan ez dek ezer egin eta!». Ez omen zuen ez hanka eta ez buru, eta Sed quia sua-ri buruz ere antzekoak entzun ditut. «Ez du nondik heldu», diote batzuek. Esan liteke ez heltzeko saiakera dela preseski. Ez zuen eginegi, gauzatuegi, gauzagarriegi jardun nahi, hutsalegi jardutea litzatekeelako. Ez dut esango esanahirik ez dagoenik, baina nahita egiten dio iskin «errazegi ulertzeko zorian (zori txarrean)» egoteari. Olgetan-benetan ari da, eta zer esaten duen baino gehiago zaintzen du nola esaten duen.

Zurtz egotearen irudipenarekin utz ditzake irakurle batzuk. Baina, artetik begiratuta, ez da planteamendu bitxia edo batere eskasa. Adibidea jar liteke Oteizarekin berarekin. Zilindroaren irekiera edo desokupazioa lana aurrean edukita, esaterako, besterik gabe zilindroari egindako mozketak eta aldaerak identifikatzearekin —izenburuan deskribatzen denarekiko parekotasuna antzemate soilarekin— objektu hori ulertu duela uste duena oker dabil. Oteizak harrespilen eta hutsunearen inguruan esan zituenekiko loturaren bat igartze hutsarekin ere, berdin. Harrika botako bagenitu izenburu eta Quousque tandem...! guztiak, halere objektu horiek oso bizirik gertatuko lirateke. Erdiesteko erraza ez den bizitasun horregatik hartzen ditugu aintzat, eta, neure esperientzian, askotan ikusi dut neure burua bere eskulturei katigatuta. Hamaika bider ikusitakoak izanagatik ere, badute erakarpen indar berezi bat.

Artelanez ari garela, hala dio Segurolak: «Arte esperimental sublimehe goitar/goizale izantsua (...) motza eta gabea baita bere egitez eta iristen ez dena, esplikazio izanarazlerik ezean». Motza izan ohi da azalpen beharra duen artelana, baina, esan bezala, ez dira halakoak Oteizarenak, eta haiekin batera beste askorenak, lehenagokoak eta oraingoak. Kritikatzen zuenaren praktikatzailerik eta biziarazlerik onena izan zitekeen Segurola, gutxienez bi kasutan. Batetik, euskara batuarekiko kritikoa izan zen, baina batuak izan duen jostalaririk onenetarikoa ere bazen —berari buruz sarri esan izan dena—. Eta bestetik, lan esperimentalekin ere halatsu izan zela esango genuke, Sed quia sua testigu dela. Bere liburuak ez badu «nondik heldu», badu gurutzatzen duen emari jori bat, eta jario horretan sartzea besterik ez da egin behar. Erakarpen indar berezia dario bere idazketari, eta hizkuntza bera nahiz irakurketaren ekintza inarrosten eta gozarazten ditu, oso berea zuen eta bakana zen sentipentsaera-rekin.

Zaldibiako hark auskalo zer bertso bota zuen. Hori jakin gaberik, ez dakigu zer norabidetan hartu behar den «ez hanka eta ez buru», eta baliteke bertso gatzgabe eta motela izatea. Adarra jo zion Lazkao Txikik, baina artikulu honetan orain arte esandakoak esanda, zaldibiar bertsolari anonimoaren alde egiteko moduan gara, gutxien-gutxienik oinarri honetan: esanahirik gabeko zerbait egiteak, edo esanahi ez-itxi eta esan-nahi, esan-ahal edo esan-behar askoko zerbait egiteak, ez du zertan meritu makala izan, eta are, meritu galanta ere izan dezake.

Artikulu hau hasi dut esanez haserretu egiten nautela gehiegizko lausenguek, eta ez nuke horretan erori nahi. Baina gutxi ezagutzen genuenok ere kolpea jaso genuen duela hilabete eta erdi pasa, eta ez nintzen lasai geratzekoa begirune erakusketa hau egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.