Albistea entzun

LAUHAZKA

Inbasioa

Miriam Cahn artistaren 2011ko <em>o.t</em>. lana. Arkatza paper gainean. Meyer Riegger galeriaren kortesiaz.
Miriam Cahn artistaren 2011ko o.t. lana. Arkatza paper gainean. Meyer Riegger galeriaren kortesiaz. OLIVER ROURA Tamaina handiagoan ikusi

Oier Iruretagoiena -

2022ko azaroak 27

Posta elektronikoan jasotako mezu batzuei spam esaten diegu. Geuk eskatu gabeak eta asmo komertzialekin bidaliak izaten dira. Gogaikarriak zaizkigu, eta arrisku-zeinuren bat ezartzen diete posta-aplikazio batzuek, baina itxura ahalik eta otzan eta erakargarrienaz datoz mezuak eurak, guri ustezko onuraren edo laguntzaren bat proposatuz. Aldiz, erasokorra eta ezerosoa da Xabier Erkiziaren 2008ko Spam detect diskoa, belarrietan min egiten duten soinu gordinezkoa. Mozorroa kendu, eta funtsean mezu horiek zer inbaditzaileak diren agerian jarri balu bezala.

Ez da posta elektronikoan bakarrik gertatzen, eta iragarkiak ditugu nonahi kalean, etxeko postontzian, komunikabideetan, sare sozialetan, eta abar. Spama ez bezala, nolabait araututa daude, baina eskatu gabe agertzen dira, eta geure arreta lortzeko diseinatuta daude berdin. Zenbat eta informazio gehiagorekin egin behaztopa, orduan eta txikiagoa da bakoitzari arreta eskaini ahal izateko dugun gaitasuna, eta orduan eta handiagoa geuk kasu egitea lortzeko lehia. Ez digute pentsatzeko tarterik utzi nahi, eta mezu sinplea eman behar digute azkar. Efikazak izateko diseinatuta daude, eta horretara bideratuta euren irudiak, konposizioak, kolore konbinazioak, tipografiak, soinuak, musikak, iraupenak, dena. Spam mezu asko baino dezente sofistikatuagoak dira, eta horregatik, Erkiziaren diskoa ere bada posta elektronikoan jasotakoaz haragoko zentzu zabalagokoa. Inbasioa zer den adibide bidez adierazteko tresna ona da gainera soinua, ezin zaiolako erraz ihes egin, batetik: geure belarriek ez dute begietan ditugunak bezalako betazalen parekorik, eta giro ozenean bagaude, pixka bat baxuago entzutea baino ez dugu lortuko belarri-zuloak estalita; ez, ordea, guztiz entzuteari uztea. Eta bestetik, gugan eragiteko gaitasun handia du soinuak: beste zentzumenetatik baino errazago bidera daitezke hortik geure sentimenduak, eta argi ikusten da zineman adibidez. Eszena bereziki alaia sortu nahi badigute, erraz lortuko dute hori musika alaiaren bidez, eta eszena bereziki epikoa, tristea edo urduria nahi badute ere bai. Manipulaziorako tresna oso indartsua izan daiteke, eta, horregatik, soinuarekin lan egiten duenak kontuz ibili beharra duela esango nuke, duen indarra ez alferrik galtzeko alde batetik, eta indar horrekin entzulea ez gainezkatzeko ere bai bestetik.

Robert Bresson zinemagilearen oharrak aztertzen baditugu, askotan agertzen da musikaren erabilera ezegokiarekiko kezka. «Musika laguntzailerik, sostengatzailerik edo indargarririk batere ez. [...] Beharrezkoa da zaratak musika bihurtzea». Horri jarraitzen zion berak. «Musikak dena hartzen du, eta ez dio irudiari balio gehiago ematen», «[gozamen musikalak] zure filmaren bizitzatik urruntzen du filma. [...] Errealaren eraldatzaile indartsua da, eta baita suntsitzailea ere, alkohola edo droga bezala». Gehiegikeria saihesten zuen berak, eta baliabide minimoei ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen zen. Argigarria da ohar hau ere: «Baztertu paroxismoak [emozioen handitzea eta asaldura], horietan derrigorrezkoa baita itxurak egitea, eta denok antzekoak izaten gara». Ikus-entzulea kolpatu ordez, errespetuzko tartea utzi nahi dio bere interpretazioak egin ditzan, eta klixe bihurtutako muturreko sentimenduetan eror ez dadin. Agerikoa da Bressonek proposatzen zuenaren kontrakoa egiten dutela iragarkiek: arreta eman, gainezka egin, erraz harrapatzeko moduko klixeei heldu, manipulatu…

Soinuzkoak izan gabe ere, badira hartzailearekiko errespetuzko halako tarterik uzten ez duten artelanak. Jean-Luc Nancyk 2006an Milanen emandako hitzaldi batean esan zuen ezeroso sentitzen zela artelan batzuen aurrean, baina ez ulertzen ez zituelako, gehiegi ulertzen zituelako baizik, erantsia zuten esanahien gainkarga zela eta. Mundua ireki ordez, itxitako mundu baten testigantza zirela uste zuen, eta pobrezia artistikoaren adibidetzat zituen, ez ziotelako beretzako lekurik uzten. Badira bestelako gainkarga dakarten lanak ere: epatante izan nahi duten horiek, dela eskalagatik, sofistikazio teknikoagatik, erabilitako errekurtsoen ikusgarritasunagatik, edo horren guztiaren nahasketagatik.

Artelan bat geure arreta kolpatzeko modukoa ez denean, engainatuta sentitzea izaten da hartzaile batzuen erreakzioa, baina kontrako kasuan hasi beharko genuke errezelo txarrak egiten. Alegia, dena denean liluragarria, azukreztatua edo glutamatoztatua, itxi eta amaitua, mezu ongilea erantsita dakarrena... Iragarki baten antza hartzen duenean. Publizitatearen efikaziaz bestelako eremu batean ibili behar luke arteak, eta ez du zertan ezer saldu edo zertan esanahirik edo mezurik izan, ezta zertan gustatzeko edo txunditzeko egina egon ere. Estimulu asko ditugun honetan, oso erraza da geure eguna entretenimenduen kateaketa bihurtzea, eta ez da ahaztekoa arreta jartzen diogun hori dela batez ere momentu bakoitzeko geure errealitatea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joaldun bat Ortzaizeko kabalkadan, irailaren 18an. ©PATXI BELTZAIZ

Kultur politikaren eraikuntzan

Joanes Etxebarria

Heldu den otsailaren 4an Euskal Elkargoan kultur politikaren proiektua bozkatuko dute. Proiektuak, eragileen rolak definituz, Euskal Kultur Erakundearena argituko du. Garapen Kontseilua, berriz, ondoko urteetako proiekzioa lantzen hasiko da oraidanik.
Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral etnomusikologoak. ©Claudie Marcel-Dubois

Bigarren Mundu Gerlaren ondoko grabaketa batzuk, entzungai sarean

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Frantziako bi ikerlarik 1947an eta 1958an egin euskal kantu, bertso eta soinu grabaketak Interneten entzungai jarri dituzte berriki. Artxibo horiek gehienak aztertzekoak dira oraino.

Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria, eta Ana Teixeira eta Oier Etxeberria erakusketaren komisarioak, atzo, hainbat artistarekin. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Begi bistakoa den armategia

Naroa Torralba Rodriguez

Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.