LAUHAZKA

Pertseidak Manjarresen

Ibon Aranberriren <em>Dam dreams</em> lanaren argazki bat.
Ibon Aranberriren Dam dreams lanaren argazki bat. BERRIA

Xabier Gantzarain Etxaniz -

2019ko apirilak 7
Urkulluren antza daukat: oporrak bukatu aurretik lanera itzuli zen lehendakaria, eta lanak bukatu aurretik oporretara itzultzen naiz ni, etorkizunekoetara maiz, eta beti iraganekoetara. Lana utzi eta munduko zoko batera erretiratzeko fantasiarik izateko ere koldar, imajina dezakedan paradisu bakarra egun batzuetako atsedena besterik ez da. Eta mapetan galduz entretenitzen naiz, Berlinera joango nintzateke berriz, Lisboara, Londresera; Japonia ezagutu nahiko nuke, Islandia, Vladivostok, Zagreb. Zenbat eta zenbat leku ezagutzeko, zenbat bizitza bizitzeko, baina zenbat etorkizun geratzen zait?

Beharbada jada batere ez.

Ur geldietan igeri ari naizen irudipena gailendu zait aspaldian, ustel usainagatik diot, baina ustel usaina neurea da. Egurastu egiten naiz oporretan, batez ere fantasiari jaten emateko ausardia biltzen dudalako bigarren garagardo lata zanpatu eta zaborretara botatzearekin: eta dena utzi eta bertan geratuko banintz bizitzen? Eta ia berdin zait lekua.

Badakit, ilusio faltsua da, Joseph Brodskyk aspaldi esan zien ikasleei: edan egingo duzue, drogak hartu, hiriz aldatu, sexuan urtuko zarete, adulterioan, lana utziko duzue, beste bat bilatu, bikotea utziko duzue, beste bat bilatu, eta goiz batez ohean esnatzean airea, eta argia bera ere, zahar mindua irudituko zaizue, eta konturatuko zarete ez dagoela eskaporik.

Kavafisena, berriz, hobe sekula irakurri ez banu: hemen galdu duzuna ez duzu beste inon berreskuratuko.

Eta hala ere arindua hartzen dut, eguneroko bizitzan hainbeste zapaburu eta apo irentsi behar izan eta gero, leku batean zerotik has nintekeela pentsatuta, ur garbietan, ur bizietan igeri.

Errioxako kanpin batean geunden, goizean plisti-plasta, bazkalondoan siesta, iluntzean ardoa beste zereginik gabe. Gauetan, argira hurbiltzen ziren intsektuen konpainia bakarrarekin, aspaldi egin gabea neukana egiten hasi nintzen: nobela bat irakurri. Irentsi idaztera nindoan, zer diren hizkuntzaren konbentzioak, zer den inertzia, zer korronteak eramaten uztea. Dastatu egin nuen, Bohumil Hrabalen Bakardade ozenegia liburuko Hantak ohi zuen gisan, goxokia bailitzan, likorea bailitzan, ahoan hartu eta matrail barrenak busti, aho sabaia gero, ondoren izpiritua eztarrian behera joaten utziz, erre, nigan disolbatzeko. Michel Houllebecqen Mapa eta lurraldea zen, ez dakit Hantak salbatuko lukeen paper orea egiteko makinatik, nik bai.

Kasualitate politak gertatzen dira batzuetan liburuekin, Camusen Arrotza uztailean irakurtzea adibidez, edo Mapa eta lurraldea Errioxako kanpin batean, husten ari diren herriz inguratuta. Kasualitate politak: ez nintzen Sergio del Molinoren Espainia hutsa liburua irakurri zaharra. Egin beharko litzateke Euskal Herriari buruzkoa ere noizbait; Ibon Aranberriren lana etorri zitzaidan gogora, Itoizko urtegia, Artozki, ur geldoen pean geratu diren herriak. Urtegi inguruetan sortu ziren oporretarako urbanizazioak.

Bat-batean, dena bildu zen batean. Tabernako egunkariak handiz zekarren pertseidak ikusi ahal izango zirela hurrengo egunetan. Kosmosak bazuen zentzurik beraz.

Bisitan etorri zitzaigun familia, lagun batek etxea utzi ziela Manjarresen. Non?

Han bukatu genuen denok. Ondoko herrian igerilekua zegoen, taberna zeukan, sua egin eta arkume txuletak erretzeko lekua ere bai, harrizko banku eta mahaiekin, itzaletan. Eguna han pasatuta Manjarresera erretiratu ginen iluntzean. Kalean ez zebilen inor. Etxea zaharra zen, terraza zeukan. Zuhaitzak ikusten ziren urrunera, behean baratzeak, soroak. Izarrak loretan zeuden. Pena hartu nuen konstelazioez tutik ez nekielako, ez hartzik ez antzekorik aurkitzeko gai ez nintzelako. Baina berdin-berdin egon nintzen miraz begira.

Okinak esnatu gintuen goizean bozinarekin. Bilbotik etortzen zela egunero, han ogiak hartu eta inguru haietako herriak pasatzen zituela, lana zela behintzat, zerbait. Astean behin pasatzen zela arrandegia, eta baita denetik saltzen zuen furgoneta ere. Ikusi egin genuen gero: albo batetik igo, arroza, pasta, detergentea, komuneko papera erosi eta atzetik jaisten ziren denak, laurogei urte inguruko emakumeak. Fantasia bere tartea eskatzera ez zela egun hartan etorriko iruditu zitzaidan.

Ondoko herrira joateko plana egin genuen eguna pasatzera, gauean etxera itzuli eta, ordua ere emana zuten, goizaldean terrazatik pertseidak ikusteko. Nobela dastatzen eman nuen eguna igerileku inguruko zelaian etzanda, nigan disolbatu arte, baina ez naiz gauza askorekin akordatzen orain, bakar batekin baino ez: Jed Martin artistak, liburuko protagonistak, bere erakusketa bati izenburu hauxe jarri zion: «Mapa lurraldea baino hobea da».

Egunak emango nituzke Google mapsen. Oraintxe sartu naiz azkena, Itoizko urtegia bilatzeko, satelite bidez ikusteko, eta gero Manjarres. Egunkarietan agertu zen handik gutxira, narkotrafiko talde batek Manjarreseko txabola batean gordetzen zuelako droga, taldeko buru zenaren aitona-amonen txabolan, biak laurogeita hamar urtetik gorakoak.

Gauean terrazan etzan ginen pertseidak ikusteko. Segituan nintzen zurrunka, esan zidatenez.