Albistea entzun

LAUHAZKA

Etzan eta ixo

Emakume bat zelai batean eserita, sofa bati begira.
Emakume bat zelai batean eserita, sofa bati begira. JULEN LANDALUZE Tamaina handiagoan ikusi

Birkite Alonso -

2020ko ekainak 21

Disko batzuk ondoan esertzen zaizkigu, eta ez dute alde egingo, diskoz aldatzen saiatzen bagara ere, ezin burutik kendu. Egun eta gau laguntzen zaituzte etxetik bueltaka, trenean, autoaren bakardadean. Aholku emari, bizitzak beste behin ere norabidez aldatzen ari den une honetan zuretzat eginak diruditen melodiak xuxurlatzen ditu, etapa amaitu berriaren kapitulu ahaztezinak banan-banan artxibatzen dituzun bitartean.

Batzuetan badirudi abestiek guztia ulertu eta entzun beharrekoa erantzuten dutela.

Badira sendatzen duten ahotsak, Karen Peris The Innocence Mission taldeko abeslariarena kasu. Ilea laztandu eta ondo zoazela esan, oraingoz gelditu beharra dagoela iragarri, egon behar duzun lekura iritsi zarela azaldu. Lausotutako begiradaz diotsu ez duzula zertan korrika egin, ezta inoren arretarik erakarri behar ere, zenbat aurreratu duzun ikus dezaten. Belarrira kantatzen dizu zarata beharrezkoa zela, baina jada ez duzula horren beharrik, isiltasuna arretaz entzuteko modu bakarra denean.

Ulertzen duzu saltoka ari zinela besteak harrapatzeko, festara berandu iritsi zinelako. Gogoan duzu orain, festara sartzean aurrez jarraitzen zenituenak ezagutu nahian zenbiltzala, haietako bat sentitzeko baino gehiago, urteetan bakardadean sentitu zenuen guztia partekatzeko. Lagunduta sentitzeko. ABBAren Dancing Queen atzetik, inozoki agurtzen zenituen norbaiten etxeko egongela erdian, hunkiturik, batzuentzat garrantzi gutxi zuela antzeman gabe, mesfidatientzat haiek erabiltzeko saiakera zelakoan, agian.

Eskerrak izkina batean erretzen aspertuta zegoenak ahapeka deitu eta hurbiltzeko esan zizula, nor zaren galdetuz, kontatu beharrekoa arretaz entzutera ondoan geldituz. Dancing Queen amaitu da, eta orain dantzatutakoa ken diezazuten. Ulertu duzu batzuk festetara ez agertzearen arrazoia, ezagutu beharreko interesgarrienak, akaso. Ulertu duzu dantzan jarraitzeko ez dagoela festetara joateko beharrik. Bakardadean dantza egiteak baduela bere xarma, eta inor gerturatu behar bazaizu, jakin dezan orain bakarrik dantzatzen den horietakoa zarela.

Horrela batu zaizkizu hiru lagun berri, bideari begira nondik jarraitu jakin nahian zenbiltzala. Anplifikadore eta kable artean berriz lagunduta sentitzeak indarberritu zaitu, eta elkarrekin sortutakoa entzutearekin nahikoa duzu aurrera egiteko. Entsegu bakoitza festa bihurtu zaizue nahi gabe, ez pribatua, baina. Entzuleak festara batu daitezen gogotsu zarete. Garai txarrak dira norbait festara gonbidatzeko, baina, indarrak batuta, bidea egingo duzue gainontzeko ahaztuekin batera.

Egun hauetan irratsaioa amaituko da, eta otsailetik hona bizitako erritmoa motelduko. Inoiz baino azkarrago mugitu zara, emakume musikarien inguruan aritzeak bete zaituen bitartean. Hilabeteak aurrera, zeure burua eskaini nahi zenuela ahaztu duzu, haiena ezagutzera emanez. Apurka desagertu zara, abesti eta biografietan lurrundu. Inoiz baino erosoago, haiek entzutearen plazerean murgildu eta entzuleak gonbidatuz. Emakume musikariaren esentzia podcast batean blaituz, edertasunaren kontzeptua hainbat modutara helaraziz. Hainbat modu dago edertasuna adierazteko, zentzuz eta esanahiz aldatzen duen heinean: indarra, amorrua, adimena, bizi nahia, bazterketa, sekretua, negarra, desira. Ezezagunak ditugun soinu artean edertasuna gitarra baten linea bilakatu da, bateriaren kolpean salto egin eta ahots arrotz batean urtzeko.

Etapa honen azken diskoa aldatzeko unea heldu da. Oraindik ere analogikoan funtzionatzen dugunok badakigu antzematen abesti bat higatzen hasi dela, esaldi bera errepikatu eta amaierarik gabeko buklean sartu gaituenean. Hala ere, barruan geratu da betirako, bere lekua hartu du denborak eskuz eraikitako ganbarako apalategian. Badaki noizean behin entzun nahi izango dugula, eta orduan atzamar dardartiak bila joango zaizkio, bizitza oso bat lotzen duten diskoen artean.

Batzuetan badirudi abestiek guztia ulertu eta entzun beharrekoa erantzuten dutela.

Hortaz, ulertu duzu unean heltzen den doinuari arretaz entzun behar zaiola, eta azkenaldian eder bat belarrira ari zaizu: behar dut etzan eta ixo. Kasu egin, eta itzuli abuztuko azken izpi berritzaileekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

«Diskoa zuzenean defendatu behar da; hori falta zaigu»

Aitor Biain

Aurten emandako kontzertuetan, dantzatzeko ezohiko behar bat sumatu du entzuleengan Ortiz de Villalbak. Hutsune hori du berak ere, eta emankizun gehiago antolatzeko eskatu du.
Bilbo Arten bekadun izandako garaian sortutako obrak bildu ditu Zubizarretak <em>Eggs onna plate</em> erakusketan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bilbo Arten egindakoa, argitara

Olatz Enzunza Mallona

Alazne Zubizarretaren 'Eggs onna plate' erakusketa jarri dute ikusgai Bilboko arte zentroan
 ©JON URBE / @FOKU

Bekatarien boteretzea

Itziar Ugarte Irizar

Dom Campistronek 'Bekatorosak' liburu grafikoa ondu du, Aldude inguruko lesbiana, gay eta bisexualen zazpi testigantzatan oinarrituta

1 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

Denboraren kondentsazioak

Amaia Igartua Aristondo

Remigio Mendibururen hiru hamarkadako lana bildu du Bilboko Arte Ederren Museoak 'Mendiburu. Materia eta memoria' erakusketan. Eskulturaren esanahiaz dihardu. Irailaren 5era arte dago ikusgai

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna