Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

17 urte, atzo eta bihar

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ez dago eztabaidarik, ezta gai posiblerik ere. Pandemiak dena irentsi du: pentsaera, sentimenduak, iragana, etorkizuna... Dena baldintzatu du, globalizatu gara. Berdindu, leundu, xinxikatu. Orainaldiaren onurak ere hor ditugu, noski. Orain bizi dugun on apurra preziatzera kondenatuak gara eta elkarrekin hartutako garagardoaren zaporeak asko irabazi du. Gure hurbilekoen balioaz jabetu eta senidea gehiagotan deitzen saiatzen gara, hurbiltzen gara, igande pasa. Bakoitzak ukan du hausnarketarako tartea, eta funtsezko galderak pausatzeko espazioa. Baina komunitate gisa, iragana eta etorkizuna izurritearen paretaren kontra lehertu zaigu. Izoztu gara, barnetik zein kanpotik. Kanpotik diot, zeren elkartzeko aukera fisiko oso mugatuak gelditzen zaizkigu, kontsumorako ez bada. Eta barnetik, zeren gure gogoetak esfera pribatura mugatu zaizkigu: haurrak, gurasoak, bikotea, ni, etxea, balkoia, oporrak, lana... Baina gu?

Herria, hiria, generoa, lan taldea, klase soziala, euskara... Hauek guztiek osatzen dute gu hori, eta herri bezala ez dugu guzti horretarako mugarri berririk. Iceberg batean ibiltzearen sentsazio gazi-gozoa dugu, negutegi efektuak gure ilusio guztiak urtu arte. Negu latzaren esperoan biziraun behar ote dugu? Hau lehen negua ez dela erran nezake, eta gure arbasoek utzitako aztarnek baluketela zer konta, zer eskaini.

Aitatxik Figueiridoko kontzentrazio esparruan atera zuen argazki hau, zangoen azpian hamarnaka gorputz lurperatuak zeudela oroitzeko. Erailak, torturatuak... Eta argazki hau gelditzen da historia kontatzeko. Segundo baten berrogeita hamarra. Frankistek euskaraz mintzatzeagatik susmagarritzat jo eta nazien aurka borrokatzera zihoala deduzitu ondoren kartzelan sartu zuten. Irudian, kartzelatutako bi gizon, harro eta duin. Handik atera, eta gerrara: Ipar Afrikan, Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian ere izan zen aitatxi, nazien aurka borrokatzen. Bizirik irauten dut argazkian ageri diren bi lagun horien esperantzaren, duintasunaren eta maitasunaren ondareari esker. Kide, lagun, anai. Euskal memoriaren aztarna bat. Hainbat istorio. Zenbat herri dugu oraindik ahoz aho kontatzeko?

Aitatxi 17 urterekin sasian sartu zen. Nire seme gehienak 17 urte egin ditu; beraz, komunikabideek jomugan hartutako belaunaldikoa da, berriz ere. Errua eta beldurra. Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalean agertzen diren gazte guzti hauek bezala: kondena, Damoklesen ezpata eta izua. Urteekin ontzen garela erraiten omen da, baina orduan, zertarako ez dugu aurrekoen esperientziatik ikasten? Zertarako behin eta berriz onartzen dugu onartezina? Artistok bagenuke zer erran gure funtsezko rola bete nahi bagenu.

Artean lan egiteak erantzukizun bat dakar. Ez da ofizio soil bat, pretentsio asko behar da ehunka lagun areto batean bildu eta erraiteko: «Egon hor, badut zerbait kontatzeko». Horrek ardura bat ematen digu, eta betebehar bat. Eta gaur egun inoiz baino gehiago. Zeren egia eta gezurra berdindu dira. Kargudun politikoak militarren alboan mintzatu dira medikuak behar genituenean, zientzialariak dena eta aurkakoa erraiten entzun ditugu, polizia elbarritu bat jotzen ikusi dugu laguntza behar zuenean... Iruzurra agerian egon da: errege gaiztagin bat herri baten aberastasunekin erresuma petro-usteldu batean aterpetua, Frantziako lehendakaria separatismoaren arazoa saltzen erronka pobrezia eta osasunean kokatzen denean... Dena eta aurkakoa erran daiteke, eta ezerk ez du balio. Inork ez du inor sinisten, eta denek hitzaren zilegitasuna galdu dute.

Orain artearen momentua dela pentsa daiteke. Artearen elea metaforaren, sinboloaren, ulergaitzaren eta ebidentziaren artean kokatzen da. Zauriak identifikatu, malkoak xurgatu, korapilatsua argiztatu, eta komunitatea elikatu. Maitasunez eta zintzotasunez. Hizkuntzari bere egiazko balioa emateko aukera eta betebeharra dugula uste dut. Aukeramen askea eta ardura berreskuratu nahi baditugu behintzat. Orain inoiz baino gehiago, gazteekin zorretan gaude. Hitzaren balioa bere lekuan ezartzea zor diegu, zeren eskaintzen diegun mundua ez da oso ederra. Izan gaitezen zintzoak gure artearekin, hitzarekin, errespetuarekin ekin dezagun. Gure komunitateak merezi du, eta bere bizi-iraupenaren giltzak 17 urte ditu. Atzo, orain eta bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.