Albistea entzun

LAUHAZKA

MT edo gorputz bakarra nahikoa ez denean

ANE GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Garcia -

2022ko maiatzak 1

Bada gai bat azkenaldian arduratzen nauena edozein motako sorkuntza-lana egiten hasi aurretik. Arduratu esan dut baina egokiagoa litzateke blokeatu aditza aurreko esaldian. Bada kontu bat zenbaitetan eragotzi egiten didana plazaratzea, esatea, adieraztea. Gai sinplea da, eta izugarri konplexua: ez dakit nondik ari naizen.

Ez pentsa superexistentzialista jartzen naizenik. Badakit nor naizen eta zer gustuko dudan eta zer egin nahiko nukeen. Baina sarriegitan kostatzen zait nire burua sortzaile gisa zehazki izendatzea, eta zer-zara-zer-egiten-duzu-zer-ari-zara-hemen galderei lasai erantzutea. Gauza bakarra aukeratzen ez dugunok ez dugu klubik, ulertzen? Ni ez naiz idazlea edo abeslaria edo dantzaria, baizik eta horien denen arteko hibrido bat, Durangoko Azokan pasillorik ez duena. Sailkapen eta taxonomien albo-kaltea da nire noizbehinkako deserosotasuna.

Irudi lezake kontu erabat azalekoa dela aipatutakoa, baina nik idazten dudanez zutabe hau, nik erabakitzen dut zertan jarri azpimarra, eta nahiko nuke, superboteretuta nagoen honetan, hemen eta orain munduratu queer sortzaile terminoa, horrela, ni bederen, lasaiago biziko naizelako (eta lasaiago sortuko dudalako).

Queer kontzeptua ezagutzen ez duzuenontzat, oso-oso era sinplean azalduta, aterki-terminoa da berau, eta ez-heterosexual, ez-zisgenero eta ez-monogamo gisa definitzen diren pertsonei egiten die erreferentzia. Jatorrian, ingelesezko hitzak bitxi edo arraro esan nahi zuen; gero, heteroarautik at zeuden pertsonei iseka egiteko erabili zen, eta, azkenik, LGTBIQ+ mugimenduak bereganatu zuen (hortik dator sigletako Q-a).

Ez dut aditu itxurarik egingo, ordea. Termino eta teoria oso konplexua da, eta nik ez dut Judith Butlerren libururik irakurri; izatez, artikulu hau idazten hasi aurretik Wikipedia erabili dut dokumentatzeko, inolako lotsarik gabe. Haatik, termino horrek aspalditik erakarri nau, ez soilik giza sexualitateari eta afektibitateari dagokionez perspektiba oso interesgarriak zabaltzen dituelako, ezpada, beste eremu arautu batzuetara estrapolatuta (kultur sistemara, esaterako), aterpe suertatzen zaidalako ezinegonez beteta nire ingurukoei sormen blokeoaren inguruko txapa dramatikoak sartzen hasten naizenean.

Queer teorialari batzuek, besteak beste, uko egin diote beren buruak inolako kategoriatan eta termino konkretu baten arabera sailkatu eta definitzeari. Horrek, noski, justifikatutako kritikak eta eztabaidak sortu ditu LGTBIQ+ mugimenduaren baitan, baina hori beste kontu bat da. Bide batez, sarritan egotzi izan zaio Queer teoriari elitista, ulergaitza eta errealitatetik apartekoa izatea, baita, tira, gauza bera esan liteke zenbait korronte komunistari buruz ere. Edozein teoria(lari)ren globoa helioz eta egoz puzten denean gehiegi urruntzen da lurretik.

Edonola ere, ez dugu zertan teoria edo korronte batekin erabat ados egon haren ezaugarri interesgarriak baliatzeko. Niri, esaterako, izugarri gustatzen zait queer terminoaren lausotasuna. Zer den erabat definitu gabe, edo bere barne hainbat eta hainbat errealitate desberdin hartuta, deseroso sentiarazten baitu norma eta gizartea. Eta deserosotasunak egiten du politika.

Egiteko moduak mugatu ordez, queer sortzaile kontzeptuak zabaldu egiten ditu aukera guztiak: zure buruari etiketa bakarra jartzen badiozu (idazle, musikari, dantzari, bertsolari, malabarista) apur bat zedarrituko duzu zure ekintza-eremua, eta hortik ateratzen den edozer (auto)epaitzeko arriskua izango duzu. Era berean, kategoria horien artean gerta litekeen edozeri ixten diozu atea: zer egingo luke bertsolari edo idazle batek dantzan hasiko balitz? Musikari batek beste era batera egingo al lituzke malabarrak?

Egia esango dizuet: benetan kostatu zait termino horrekin eman eta ondorio horietara iristea. Baina izenik gabeko sentitu naizenean eskura izan dudan horren abaroan ere goxo egon naiz: kolektiboan eta sare propioan. Izan ere, kolektiboa baita norbere burua anizkun izendatzeko lehenengo lekua, eta nik orain arteko bidean aurkitu ditut zenbait eta zenbait queer sortzaile eta sortzaile queer eta queer sortzaile queer, hamaika diziplina nahasi eta gauza zoragarriak egiten dituztenak. Eta pertsona horiek denak ezagutzeak ekarri nau honaino. Ez dizuet esango badakidanik nondik, baina nola bai: kolektiboan, txikitik, ahal bada sare sozialen mendekoegi bihurtu gabe, antikapitalismoz eta beti ekologia kulturalaren alde. Gorputz bakarra ez baita sekula nahikoa sorkuntzan, eta izen bakarra ere ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.