Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Zeinu 'vintage'-ak

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Minimalismoaren atzean monoteismoa ezkutatzen da; politeismoaren atzean, barrokoa; puritanismoa da minimalismoaren beste izen bat; edo, minimalismoa da informatikaren lengoaiaren beste mozorroa. Horrelako aforismoak, ez dakit irakurri ditudan ala neuk sortuak diren, iradoki dizkidate Franco Berardi edo Joseba Gabilondoren lanek. Biek ala biek barrokoaren deskribapena eta «aldarria» egiten dute gaur egungo gizarte eta artearen egoeraren deskribapena egiterakoan. Barrokoa. Barrokoa da adjektiboa gaurko gizartearen simulakroa, esanahia eta zeinuaren arteko lotura gabezia seinalatzerakoan. Horrexegatik beragatik, askatasunerako atetzat jotzen du Joseba Gabilondok, euskaldunok zeinu eta esanahaiaren artean «gure» lotura ezar dezakegulakoan; bestalde, ez zait argi gelditzen, Berardik zein zentzu ematen dion.

Baina gure gaurko gizartean, eta etorkizunekoan, izango ote da gizarte bat non zeinuak esanahi bakarrarekin loturik izango diren? Beste modu batez galdetzeko, egiarik ezarri ahal izango da berriro; ala, Trumpek ongi adierazi bezala, egia botereak nahierara ezarritako zeinu eta esanahairen arteko lotura izango da?

Berardiren ustez, digitalizaioak ezinezko egin du hori, eta, paradoxikoki, lengoaia zero eta batetara mugatu denean, hori da egunero erabiltzen dugun lengoaia informatikoaren oinarria,barrokoa agertu da. Alegia, simulakroa, zeinu askeak, demasia, indeterminazioa, eta, estimulu gehiegien aurrean, arreta falta.

Barrokoaren salaketaren baitan sartu beharko lirateke bi adierazpen zuhur: bata, Jon Alonsorena, zeinetan esaten baitzuen euskaldunok berandu ailegatu garela, berriz ere, ordua mundu bizitzera, noiz eta artea eta literatura zeinu huts, esanahirik gabeko zeinu bihurtu direnean, hasi gara gu, euskaldunok, zeinuak ekoizten; bigarrena, Bernardo Atxagarena, zeinak adierazi baitu gaur egun euskal literaturako liburuek ez dutela zeinu izaten irauten egun bakarra ere, hilda daudela argitaratu eta hurrengo egunean.

Interregnoan gaude, interregnoan mendebaldeko kultura eta gizartea, eta guk, euskaldunok, interregno horretan altxatu dugu burua.

Galdera da: zer ekoitzi behar dugu esanahi bat igor dezagun? Eta erantzuna zera da: ez dago argi, zeinuek esanahairik ez dutenean, edo behintzat esanahi nagusirik ez dutenean.

Kultura deitzen den hori ekoiztea erabaki dugu, usadioak dioen bezala: liburuak argitaratu, antzerki lanak ekoitzi, telebista programak, hitzaldiak, filmak... Nola interpretatzen dira, nola irakurtzen dira? Ez dakigu, zeinu hutsak dira, esanahia ezin bilaturik. Ez da euskaldunon arazoa, baizik eta, esan bezala, mendebaldeko kulturalena; alegia, sentsibilitate eta pertzepzioarena. Estimulu birtual gehiegi dugu eta gure zeinuak interpretatzeko ahalmena aldatzen ari da. (Beharbada, bertsolaritza da, zeinu aurremodernoa den neurrian, gelditzen zaigun zeinu interpretagarri bakarra).

Nola konpondu zen aurrekoan barrokotasun hori? Neoklasizismora itzuliz, zeinuak beren esanahiarekin lotuz: zutabe dorikoak perfekzioarekin, esaterako; edo antzerki lanak denbora eta espazio batasunarekin.

Ez dirudi oraingoan hala konpon daitekeenik, ez dagoelako zeinuei esanahai bakarra lotaraziko dien legerik. Tontakeria da, beraz, minimalismoa aldarrikatzea, edo ordena ezarriko duen autoritatea, edo orden estetiko bakarra ezarriko dela sinestea orain arte historia estetikoan erritmoan funtzionatu duen penduluaren legea astinduz. Mundu birtuala dela eta, 20 urtean giza pertzepzioa aurreko mendeetan baino gehiago aldatu dela diote antropologoek, eta baieztapen horren sakontasuna zehazteko neurologo eta biologoen zain bagaude ere, aldatu aldatu da. Errotik. Beraz, ematen du kultura bat sortzeko ahaleginetan gabiltzala, okerreko tresnak erabiltzen ari garela, kultura dagoeneko lurraldegabeturik dagoelako;irudiarekin lotuta dagoelako; hizkuntza irudiaren morroi delako; eta, arreta faltagatik, birtualitatearen berezko ezaugarriak, sentsibilitateak, ezin duelako hainbeste estimuluinterpretatu, pentsamenduak, kritikoa dei diezaiogun, behar duen denborarik ez patxadarik ez dugulako hartzen.

Niri, liburuak gustatzen zaizkidan honi, vintage egiten zait etzanda orduak eta orduan Proust irakurtzen eman zituen neure buru hura, orain, arretari luze eusteko abilezia eta, ondorioz, testu luze eta mamitsuen zailtasun nimiñoaren aurrean mugikorra eta internetera joaten zaidalako burua eta eskua. (Dena dela, oraindik ere vintage-ago iruditzen zait biak baztertzeko ideia).Beraz, pentsa euskararen balioaz, kulturaren beharrezkotasunaz,pentsamendu kritikoaz, liburuen argitasunaz konbentzitu nahi dudan Bilboko, demagun, gazte batengan. Konbentzitzeko keinua bera, hori bai dela vintage!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.