Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Devagar

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hiru liburu hartu nituen liburutegitik, egunen batean irakurtzeko astia hartuko dudala sinistuta, amareneko alfonbra gainean ahuspez irakurtzen orduak ematen nituen garaiak gogoan. Ez naiz trebea ezertan, salbu eta neure burua engainatzen. Iratxe Elorrietaren Neguko argiak, Fleur Jaeggyren Proleterka eta Flannery O'Connorren Ez da erraza gizon on bat aurkitzea.

Gutxienez pasierara ateratzen ditudala pentsatuta konformatu naiz, liburutegian zutik egoten nekatu ere egingo zirela eta etxeko mahai gainean etzanda atseden hartuko dutela behintzat; eta estatistiketan ondo geratuko dela, euskarazko hiru liburu, hirutik hiru, irakurtzea dela gutxienekoa, osmosiz edo sartuko zaidala zerbait akaso, agintariek ezingo dutela esan liburutegiak ez duela zerbitzua ematen, ezingo dutela murriztu lehendik ere oso gizena izango ez den liburuak erosteko diru poltsa, literaturaren eta gizateriaren onerako ari naizela alegia. Lehenbailehen itzuli eta beste hiru hartzea ere pasa zait burutik, baina trebea naiz, esan dizuet, irakurri egingo ditudala erabaki dut.

Baina ez daukat astirik orain. Artikulu bat idatzi behar dut egunkarirako, badaukat beste konpromisoren bat ere atzorako zena, udara aurretik egin gabe utzitako lanen mamua bueltaka dabilkit irailaren hasieratik, eta badira loa ez, baina denbora dezente kentzen didaten beste kontu batzuk ere. Lanera joan, etxea gobernatu, alabari bizikletan ibiltzen ikasten lagundu, enkarguak egin, jendearekin egon, nekeak muturrekoka botatzen nau sofara iluntzean. Beti dago egitekoren bat, eta oporren gozoa ments dut jada.

Turismoa mierda bat da, badakigu, ez ordea turista izatea, eta Ericeiran, ilun istantzean Atlantikoak eguzkia nola irensten duen begira egotea, Sagres caneca bat hartuz terraza batean. Hemen ere egin daiteke, jakina, baina hemen euskaldunak daude, eta mierda bat da.

Galegoa ez izatekotan, portugesa izango nintzateke: obrigadinho.

Armeniarra ere izan nintzen bolada batez, eta inoiz bueltatzen naiz izatera, umorearen arabera, medikuak abizena gaizki idatzi, Gantzarian bihurtu eta ordura artekoa baino gehiago gustatu zitzaidanean. Hala sinatzen nituen mezuak, ni ez nintzela hemengoa adierazteko bezala: Gantzarian, armeniarra.

Ibili naizen leku guztietakoa naiz, eta joan nahiko nukeenetakoa ere bai. Fikzio bat naiz, ilusio bat, fantasia bat, dibagatu egiten dut, poliki ibiltzeko modurik onena da. Errealitateak abailan zaramatza, beti dago egitekoren bat, egunak eguna jaten du, baina zu, zer zaren esaten asmatzen ez duzun hori, zu ez zara denboraren joana bakarrik, ez zara egunen eta urteen batuketa, alde erantzira, denborak ihes egin duenean zugan geratu den sedimentua zara batez ere, alubioi bat, munduaren memoria bat, bat eta bakarra, kontatu ala ez, esaten asmatu ala ez, beste guztiak legez.

Ikusi duzu inoiz hondarra nola ikusten den mikroskopioan? Ale bakoitza da polita, eta denak batera jarrita zoragarria da ikusmira. Halakoxea gure memoria ere: hondar aleen tontor bat, sedimentu pila bat, fikzioen alubioi bat.

Beharbada, norbere memoriak besteenarekin bat egiten duen lekua da herria.

Beti gustatu izan zait asko Francis Alÿs artistaren lan hau. Jaiotzez belgikarra, arkitektura ikasia, Frantziaren programa batekin Oaxacan akueduktuak eraikitzen laguntzera joan zen lehen aldiz Mexikora, soldadutza saihesteko. Harrezkero han bizi da, eta han egin ditu bere lanik ezagunenak, Mexiko Hirian.

Oaxacan egon nintzen hiru hilabetez, eta sinpatia berezia diot herrialde horri. Aguakateondo bat zegoen nire departamentuko atarian, eta harexen azpian erretzen nuen azken zigarroa gauero. Arrozesnezko izozkiak erosten nituen Michoacanan, tortak Hipocampon, zigarroak farmazian. Noraezean ibiltzen nintzen hango kaleetan. Ia ahaztuta neukan hiria, baina Francisco Toledo hil da, eta hango kaleak ikusi ditut argazkietan, eta bere IAGO zoragarriko freskura ederra etorri zait gogoaren azalera.

Twitter mierda bat da, badakigu, baina han ezagutu nuen Yasnaya Elena Aguilar, birtualki baino ezagutu ez, eta, hala ere, neure inguruko jende asko baino puskaz gehiago estimatzen dudan emakume bati esker. Historia mundialak kontatzen ditu Yasnayak bere amonaz eta aguakateak lapurtzera etortzen zaizkien katagorriez. Oaxacako Ayutlan bizi da, eta Twiterren kontatu zuen talde armatu batek beren herriko ura sortzen den iturburua bahitu duela, eta agintariek ez dutela ezer egiten.

Harrituta geratu nintzen lehengoan El País egunkarian berari egindako elkarrizketa bat aurkitzean. Berriro aipatzen zuen politikoen kondeszendentzia eta arrazismoa, eta nola basatien arteko gatazka gisa saltzen duten iturburuaren bahiketa. Indigenak ondo daudela turismoa erakartzeko, baina euren arazoak konpontzeko politika egiten hasten direnean dena aldatzen dela. Eta burua zentrifugatzen hasi zitzaidan esaldi honekin: «Gutxitan hartzen gaituzte eragile politikotzat. Mexikoko estatua kulturalki eta espiritualki justifikatzeko erreserba folkloriko gisa erabiltzen gaituzte».

Zer justifikatzeko erabiltzen gaituzte erreserba folkloriko gisa euskaldunok?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.