Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Hotz egiten du oraindik

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ez dakit ohartu zareten, baina eguneroko errealitatea aldatu zaigun moduan mudatu zaigu hizkuntza. Forma berbera du gure mingainak; berdin-berdin kolpatzen ditu gure ahosabaia eta hortzak. Antzetsu ditugu belarriak ere, maskaren sokek estutzen dituzten arren. Gure hiztegira hitz lehen bitxi eta jada gertuko batzuk gehitu dira (PCR, FP2, antigeno), baina lexiko zabalago ala estuagoa dugun, azaleko aldaketa da hori. Nik arakatu nahi dudan mudantza hori hizkuntzaren tripetan gertatu da.

Izan ere, hitz edo esaldi askok haien inozentzia galdu dute. Esaldi sinple eta arruntak zirenak kriminalak dira orain (entzulearen arabera askotan). «Gurasoenera noa bazkaltzera» eta «Atzo goizeko hiruretan iritsi nintzen etxera» bezalako esaldiak, gizartea bezala, herabetasunez larri dabiltza orain. Egun, dena da muga eta neurri, baita gure hitzetan ere. Ekintzekin batera daude akotatuta adierazpideak, eta akaso hori da mugak benetan barneratu izanaren adierazlerik esanguratsuena. Ze hizkuntza bera, fisikoki, formalki, ez da aldatu. Testuingurua mudatu da, eta horrek aldatu dizkigu hitz guztiak. Transformazio hori, pandemia bezain bat-batekoa izanagatik, ez da kontu berria, ezta txarra ere (berez). Eta garrantzitsuena: iragankorra da.

Izan ere, honek guztionek eraman nau pentsatzera halako prozesuak historian zehar etengabe gertatu direla: mende eta kultura bakoitzaren muga eta arauetara moldatu dela hizkuntza bera, eta muga horiekin jolastu duela, konnotazio irristakorra konplize. Hain justu, testuinguru aldaketa horietan bete-betean gaudenean bilakatzen da ukigarrien hizkuntzaren osagai ikusezin eta garrantzitsu hori, literaturaren elikagai ezinbestekoa: hitzak iradokitzen duen hori. Faktore bihurri eta labainkorra da, pertsonala, definiezina, eta, halere, hiztunok erraz identifikatzen dugu hitz bakoitzaren atzean. Berdina al da maskara hitza duela urtebete eta orain? Ezpain hitzaren karga erotikoa zergatik ote da handiagoa orain? Halako malgutasunak hizkuntza organismo bizia dela eta bizirik dagoela adierazten digu, eta, arretaz ibiliz gero, harekin jolas egiteko une berezi bezain interesgarrian gaudela ohartuko gara, gure ekintza eta hitzen gaineko kontzientzia ikaragarria dugulako orain.

Duela urte batzuk irakurri nuen Donna Tartten The Goldfinch (Kardantxiloa) nobela, haur batek eta koadro batek elkarrekin denboran barrena egiten duten bideaz mintzo dena. Bizitza tragiko samar gorpuzten zaio haurrari heldu bilakatu ahala, baina artelana beti du lagun, aingura, babes. Ia 800 orriko totxo hura irakurri aurretik lagun batek esan zidan merezi zuela azken bi orriengatik. Eta egia da. Artearen transmisioaren inguruan irakurri dudan gogoetarik ederrenetako bat dakar liburuak azken bi orrietan. Ez dizuet spoiler-ik egingo, eta ezta okurritu ere liburua hartu eta azken bi orriak soilik irakurtzea; hori tranpa da. Baina esango dizuet azken gogoeta horrek aipatzen duela artearen bitartez garela denboran barrena elkarrekin hitz egiteko gai, eta geure buruekin hitz egiten laguntzen digun oro dela garrantzitsua.

Zentzu horretan, aipatzekoa da hizkuntzaren (edo arte plastikoen) osagai malguak egiten duela posible poesia, adibidez, eta literatur edo artelanen etengabeko berrikuntza. Era berean, garaiaren arabera hizkuntzak jasaten duen eraldaketa geldo horrek egiten du posible iraganeko idazleen eta oraingo irakurleen arteko komunikazioa, identifikazioa: hizkuntza forma aldatu gabe berritzen da liburuen barruan, eta gaurkotu egiten dira obrak, imajinatu gabeko bideetatik. Kasu batzuetan garbi gertatzen da hori, gai batek gaurkotasuna hartzen duenean berriz (Camusen Izurria izan liteke kasurik garbiena hemen), baina beste batzuetan hizkuntzaren geruza ikusezin eta sotilago batean gertatzen da magia, eta, halako batean, XIX. mendeko nobela batek zuri buruz hitz egiten du. Hitzek denboran bidaiatu dute zuganaino, eta zuk egin duzu puzzlea, 2021eko zure hizkuntza propioaz.

Akaso hori da artearen motibazio handienetako bat, egoari jaten ematearekin batera: sortzea da etorkizunari gutunak idaztea, ezin baita sekula jakin gutun hori noiz izango den erabilgarri, noiz izango duen lan horrek esangura, noiz helduko den behar duten eskuetara. Galeraz edo pozaz edo heriotzaz mintzo den testu edo obra batek etorkizuneko hiztun guztiei idazten die, jakin gabe norentzat ari den zehazki. Ahoskatu zen lehenengo hitza imajinatzen dut, urteetan jasandako eraldaketa guztien sedimentu geruzen azpian, eta hari fin-fin bat, hitz horretxetik sortu eta gure mingain nahiz garunei lotzen zaiena.

Gaur egungo egoera hiperkontzienteak eskaini digun hizkuntza eraldatu honekin idaztea edo sortzea garrantzitsua da, bizi duguna bakarra delako eta, aldi berean, beste forma batekin errepikatu daitekeelako (hemendik ehun urtera gutxienez, mesedez). Ezin dugu sekula jakin hitz eta esaldi bakoitzaren hariak non harrapatuko gaituen: «Hotz egiten du oraindik» dio oraintxe entzuten nabilen kantuak. Neguko egun hotz batean harrapatu nau, erdi-hibernatzen. Esaldi sinple eta arrunt bat entzuteko beharra nuen egun bat da (ez PCR, ez FP2, ez antigeno). «Baina eguzkia atera da», jarraitu du kantak, eta ni birika betez hasi naiz abesten, aspaldiko partez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.