Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Gu garelako, ni ere banaiz

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Onartu behar dut noizean behin neke zerbait heldu zaidala. Nire lanean, edo eguneroko bizian, euskalduna izateaz etengabe justifikatu behar izateak agortzen nau. Historia totelka dabil. Pandemiako une batean, gauzak lasaituko zirela edo paradigma aldatuko zela bazirudien ere, agerian da ez dela hala izan. Okerrago dena, herraren garaiak eta gorrotoaren aroak berpiztu egin dira. Molac lege famatua berez ez zen ikaragarrizko aurrerapausoa Iparraldeko euskal hezkuntzarako. Euskararen leku ofiziala planteatzen ez bazuen ere, euskaraz ikasteko hautua zabaldu eta doi bat normalizatzeko aukera ematen zuen (baliabidez eta ahalmenez). Baina kolonialismoaren ondarea ez da horrela desagertzen, etnozentrismoa, boterekeria eta erakuskeria ere ez. Konstituzio Kontseiluak legea atzera bota duenean, ez du Molac legea bakarrik atzera bota, azken 50 urteotan egindako lana ezbaian jarri du. Seaskako irakasleen soldatak erabaki administratibo baten menpe jarri ditu; gure altxorrik garrantzitsuena babesik gabe gelditzeko arrisku larrian geratu da.

Iparraldean, ikastolak ez dira bakarrik euskal haurren hezkuntzaz arduratu. Euskal kulturaren lehen eragileak izan dira betidanik, eta garrantzitsuena. Ikastolako besta komiteek antzerki, zinema eta musika ekitaldi ugari antolatu dituzte urteetan zehar, eta ezinbesteko bi funtzio bete dituzte: euskal komunitatea ureztatu dute, Euskal Herriak eskaintzen dituen artista esanguratsuenekin, eta ondoko belaunaldien jakintza eta hezkuntza bermatu dute. Seaska gabe, ikastolarik gabe, Ipar Euskal Herrian ez zen euskaraz mintzatuko jada. Baskoak ginateke. Turismo masiboaren zerbitzari leial eta exotikoak.

Baina garaiak gordindu dira, eta borroka luzez lortu dena, begi kliska batez hankaz gora jarri daiteke. Are gehiago, gaur egun, posible eta zilegi da haurrak baliatzea dogma baten mesederako. Eskolak, eta ondorioz haurrak, hezkuntzaren babesetik kanpo ezartzearekin mehatxatzen dira, irakaslerik gabe, transmisio tresnarik gabe. Mezua gurasoei eta euskal komunitateari zuzendua da, askapenerako bidean ez gaitezen sobera loriatu, bestelahaurrek pairatuko dute gure ausardia. Ez da taburik, ez da marra gorririk.

Zertarako hau? Zergatik orain? Zer ezkutatzen du bortizkeria erraz horrek? Inpotentzia. Betidanik, botere jaunek beren ezintasuna estaltzeko, ahulenak zigortu dituzte, eta barneko etsaiak artifizialki sortu. Mamu berriak. Izan euskaldun, judu edo arabiar. Gero eta ahulago, gero eta gorroto handiagoa pizten da. Errudun bat behar da kaosa, deskontrola eta segurtasun eskasa estaltzeko. Zeren, berez, Frantziarentzat ez gara ezer. Euskaldunak ez gara arrisku sinesgarri bat, Bidasoan itotzen direnmigratzaileak ezer ez diren bezala. Marokok milaka migratzaile askatzen dituenean Espainiako mugan, beretzat ere ez da ezer, ez bada mehatxurako tresna erraz bat: haur migratzaileak itsas hotzean askatzen ditu beldurra eta gorrotoa eragiteko Europako herri aberatsetan. Haurrak. Nerabeak. Gure seme-alabak izan litezkeenak. Tabuak urratu dira, Marokon ala Frantzian.

Antzokiak itxita egon direnean, ikastolen kolegioetan eta lizeoan antzezten segitu dugu. Euskaraz eta ausardiaz, irakasleek, haurrek eta antzezleek segitu dugu gure komunitatean dauden sustraiak elikatzen: pentsaera kritikoa, emozio partekatua eta irudimena. Hordagoka, eskuz eraiki dezakegun mundu baten ateak zabaldu dira. Konfiantzan eta norbanako guztien inteligentziaz jabeturik, debekuaren itsasoa zeharkatu dugu benetako zaintza eta zuhurtasuna eskaintzeko.

Orain dela aste bat, antzokiak askatu ziren, eta udaberrian zehar ereindako haziek lore ederrenak eskaini dizkigute: antzokiak mukuru bete dira, eta ikasleek hedatutako zurrumurruak eraginik, euskal jendarte zabala hurbildu zaigu. Mezu argi bat helarazi zaigu: bizirik iraun dugu. Erresumin edo gaitzidurak ez gaitu jan. Pozaren pozez, elkartu gara, gu izaten jakin dugulako.

Louis Jouvet antzerkilari ospetsuak zioen: «Antzerkian ni beste bat naiz». Molde askotan ulertu daiteke metafora, baina uste dut horrek esaten digula antzerkian ulertzen dugula ni ez dela gai bakarra. Nigu ere bada. Ni ez da gizarte menperatzaile batek inposatzen duen pertsona hutsal hori, ni izateko hautu propio eta kritiko asko egin behar izan ditut, eta, gure kasuan, ni ez naiz eskualdeko hizkuntza gutxitu bat praktikatzen duen frantses bat. Mendeetan, basakeria guztien gainetik pasatu den transmisio isil eta samur baten fruitua naiz. Hau dena euskal antzerkiak bere karroan eramaten du, euskal hezkuntzak askatasun osoz hedatu ditzan bere eredu eta irudimen egokituak. Eta horixe da Konstituzio Kontseiluaren jomuga. Burujabetza ni eta gu-ren arteko bidean kokatzen delako. Hezkuntzan eta kulturan; gure herriaren bi zangoak, askatasunez bizi nahi baditugu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.