Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Klixeak

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Jasota bezalaxe eta mekanikoki errepikatzen diren ideiak edo jokaerak dira klixeak. Erabileraren erabileraz, jakina da balekotzat emanda daudela, eta ez dakarte ustekaberik. Denok gara klixeren batzuen biderkatzaile, baina edonor zimeltzen da klixez klixe ibilita; norbere esperientzia, intuizio edo sentitzeko moduetatik datorrenari lekurik egiten ez badio.

Enrique Vila-Matas idazleari entzun izan diot, ikaragarri aspertzen dela bi klixe segidan dituen edozein berriketaldirekin, eta hori apurtzen saiatzen dela; bai bere eguneroko bizitzan, bai liburuetan ere. Orokorrean normaltzat hartutakoen kontra ibili zen Kassel no invita a la lógica idatzi zuenean ere. Egungo artean dagoen ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa egiten da Alemaniako Kasselen bost urtean behin, Documenta deritzona, eta han egonaldi bat egitera gonbidatu zuten bera 2012an. Esperientzia hori kontatzen du eleberri horretan, eta modu oso baikorrean aztertzen ditu bertan ikusi zituenak. Gehiegizkoa ere izan daiteke zeinen pizgarria eta iradokitzailea iruditzen zaion dena, euforia betean eta txoratuta bezala erakusten baitigu bere burua hango artelanen artean. Elkarrizketa batean aditu nion, ikuspegi oso baikor hori eman zuela, bere inguruan ikusten duen joera nagusia bestelakoa delako: arte garaikidea trabatuta eta galduta dabilela pentsatzea, hain zuzen. Horren kontra jo nahi zuen. Eta iritzi orokor oso positiboa nabaritu izan balu, agian ikuspegi ezkorra emango zukeela esan zuen. Beste ikuspuntu horretarako ere topatuko zuen arrazoirik franko, badirelako gauza kritikagarriak, eta saihesteko errazak ez diren klixe mordoa ere bai artisten artean. Gustura irakurriko genuen bertsio ezkor hori ere, ideia errepikatuenetan eroriko ez zelako.

Umorerako joera handia duen idazlea da, eta uste dut horretarako komenigarriagoa zitzaiola norabide bakar bat aukeratzea eta hor bere jarrera muturrera eramatea, gustuko eta ez gustuko gauzak alderatzen eta aztertzen hastea baino —pentsa ezazue zenbat barre egin dugun Iñaki Segurolarekin adibidez, zerbaiten kontra dituenak hain modu ederrean esan izan dituenean; ez litzateke gauza bera alde on bakarren bat ere aitatu izan balu—. Alde edo kontra, jarrera bat aukeratu behar, eta artearen alde eta klixearen kontra egitea hautatu zuen Vila-Matasek. Ez dut halere behartua izan zenaren edo berak benetan sinesten ez zuen ezer esaten ari zenaren irudipenik. Eta bertsio ezkorra idatzita ere, ez zen gezurretan ibiliko. Esan zitzakeen bere egia guztien artean, batzuk esan zituen, eta aukeraketa horretarako kontuan izan zuen testuingurua. Inguruko iritzi nagusienaren aurka joateko, kasu honetan.

Hori, Vila-Matasen eleberri honen kasu zehatzari dagokionez. Modu orokorragoan hitz eginez orain: artistak, egin ditzakeen gauza guztien artean, batzuk aukeratuko ditu, eta horretan zerikusia izango du testuinguruak. Haren joeren alde eta kontra joan ahal izateko, bietarako. Alde, garaiko korronte orokorretan gabiltzalako guztiok ezinbestean. Eta kontra ere bai, onartua eta normaldua dagoenaren biderkatzearen erosokerian geratzea zimelgarriegia delako. Aurka egiteak ez du esan nahi jarrera hori hotz-hotzean behartzen denik, eta horregatik azpimarratu nahi izan dut idazle hau gezurretan ez dabileneko irudipena. Klixea apurtu nahi bada, kontua ez da eskandaluzko aldrebeskeria bitxiak hutsetik eta hotzean asmatzen ibiltzea, norberari datorkionari kasu egin eta modu sentituan ematen saiatzea baizik.

Vila-Matasek bezala nabaritzen dut nik ere arte garaikidearekiko mesfidantza nire inguruan. Proportzio bertsuetan nahastu ohi dira ia erreberentziazkoa den begirunea eta trufa-haizea. Ideiak adierazteko burutazioak dituenarena izaten da oraingo artistaz dagoen klixe nagusienetako bat, eta oso ikuspegi murriztailea eta sinpletua da hori. Probokatzaile papera ere ezartzen zaio batzuetan. Artistaren adierazi edo probokatu nahiak baino, komunikabideen edo publikoaren zati baten ulertu eta azkar sailkatu beharraren temak ekarri du klixe hori, eta azkenaldi honetan ere hedabideetan ibili da hala-holako berria: artista italiar baten lanaren ingurukoa, salneurria obraren izenburuaren edo beste nolakotasun batzuen aurretik jarrita.

Artistaren eta hartzailearen arteko harremanari buruz, Kassel no invita a la lógica-n behin eta berriz errepikatzen den esaldia da honakoa: «el arte hace, y ahí te las compongas (arteak egin egiten du, eta konpon zaitezela)». Hartzaileari esaten zaio konpon dadila. Nik ere esango nuke hori, nahiz eta jakin, harrokeriatik edo probokatzeko gogotik esana dela interpreta daitekeela, edo edozer eta edozein modutara egiten dela pentsatzeko bide eman dezakeela. Kanpotik burutazio hotz bezala uler daitekeen horren atzean, zerbait sentitua egiteko saiakera egon ohi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.