Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Egoismoaz

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Uste dut umetatik jaso dudala mezu subliminal hau gizartetik: erraza eta berezkoa da norbere burua maitatzea, eta gainontzekoak maitatzea da zailena eta ohoragarriena. Esperientziak erorarazi du gero sinplekeria hori. Ez da erraza norbere burua maitatzea, autoboikota ez da jokabide arraroa, eta norberarekiko eta besteekiko maitasuna ez dira kontrajarriak, banaezinak baizik. Autoestimu osasuntsurik gabe ezin dugu besteekiko harreman osasuntsurik izan. Hala adierazi zuen Erich Frommek: «Gizabanako egoistak ez du bere burua askorik maite, baizik eta oso gutxi; egia esan, gorroto du bere burua». Errespetua da maitasunaren ezaugarrietako bat, eta gainontzekoei zor diegun hein berean zor diogu errespetua geure buruari ere.

Ideia horrekin lotu daitezke hemen aurrez idatzi ditudan artikulu batzuk ere. 2020ko urrian nioen —beste hitz batzuekin esanda—, antzua dela artista publikoaren gustua egiten saiatzea; antzua bai artistarentzat eta bai publikoarentzat. Hala egindako lan bat gustagarri gerta liteke azaleko geruza batean, baina ez dio inori ekarpen aberasgarririk egingo. Gero, lagunen garrantziaz ere jardun nuen iazko azaroan, baina ez norbera komunitatean disolbatzearen zentzuan; hain justu ere kontrara: norbera garatzeko laguntza da komunitatea, eta aldi berean, norbanakook osatzen dugu komunitatea. Uste dut, artearen praktikaz esandako hauek aplika daitezkeela bizitzaren praktikara ere.

Azkenaldian asko erabili dira gizartean egoismo eta elkartasun hitzak. Izan ere, batzuek egoistatzat jo izan dituzte COVID-19aren aurkako txertorik hartu ez dutenak. Hala islatu zuen Amets Arzallusek abenduaren 26an Asteasun botatako bertsoan: «Ni adibidez batere [txertorik] gabe etorri naiz gaur suabe/ Eta ez esan neri egoismo eta insolidaridade». Ez nator ni txertoaren alde edo kontra egitera, eta ezta biologo edo mediku batentzakoak izan daitezkeenez hitz egitera ere, baina bai egoismoa eta elkartasuna zer izan daitezkeen aztertzera.

Esan izan da, txertoa hartu dutenen txertoak, babestu egiten dituela batere hartu ez duten pertsonak ere, eta horregatik, elkartasun ekintza bat burutu dutela txertatuek. Baina pentsa liteke ez txertatuetako askok behintzat bestelako ikuskera dutela, eta ez dutela opari bat jaso dutenik uste. Pentsatuko balute, adibidez, txertoa jartzearen arriskuak—albo-kalteak— saihestuz, besteen txertoetatik onura jaso dutela, zilegi litzateke egoista deitzea, baina ez dirudi gertatzen dena halakoa denik. Ez bederen nik ezagutzen ditudanen kasuan. Beraz, ez da egoismoa, soilik ikuskera ezberdina baizik, eta uste dut badirela egoistatzat har daitezkeen beste jokabide batzuk. Adibidez, xantaia, bestea norbere interesen arabera manipulatu nahi duenez gero. Eta xantaia da jarrera hau: «Nik zugatik hau —eskatu ez didazun hau— egin dudanez, egizu zuk ere». Xantaia da txertorik hartu ezik leku edo ekintza batzuetarako sarrera galaraztea ere. Eta ez dakit egoista, baina behintzat nartzisista deritzot ezberdin pentsatze hutsagatik beste bati egoista deitzeari, norbere ikuskera proiektatzen duelako bestearengan, harenari entzungor eginez —eta berdin gertatzen da azkenaldian erabili diren beste adjektibo gutxiesle eta homogeneizatzaileekin ere, datozen ikuspuntutik datozela—. Laburbilduz, txertoa jarri ez duenari egoista deitzeko oinarririk ez dago, txertorik hartu ez duen horrek inori xantaiarik edo antzekorik egiten ez badio, eta besteen txertoak onura egiten dionik edo bere erabakiak ondokoari kalte egiten dionik uste ez badu. Maitasunezko keinua litzateke iritzi ezberdinekoen artean errespetuz hitz egitea, mundu hau ez delako egia bakarrarekin esplikatzen.

Beste zerbait ere esan nahiko nuke. Askatasuna vs elkartasuna izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen Juan Luis Zabalak egunkari honetako Ekografiak atalean, iazko urtarrilaren 28an —txertaketa kanpaina hasi eta gutxira beraz, baina ez zehazki horri buruz—. Ia hedabide guztietan zentsura egon dela zioen, beraiek hala nahi gabe negazionista deitzen dietenen ahotsak isilaraziz. Askatasun murrizketa hori argudio sendoz defendatu behar dela zioen, zalantzak ere erakusten zituen arren. Kontrajarrita aurkezten zituen elkartasuna eta askatasuna, eta bere ustez, zilegi litzateke askatasuna murriztea, kalteberenekiko elkartasunez. Baina nik, honetan ere, biak banaezinak direla esango dut. Erantzukizunez burutzen da elkartasun ekintza bat, erabakitzeko libre izanda, eta horretarako baldintzetan sartzen dut dagoen informazio guztia eskura izatea. Zabalak defendatu duenak umetu egiten ditu komunikabideen ikus-entzule eta irakurleak, eta euren kabuz, bata eta bestea entzunda, iritzi egoki batera iristeko gaitasuna ukatzen die.

Beharbada ez da bidezkoa duela urtebete baino gehiagoko iritzi bat kritikatzea, testuinguru hain aldakorrean gabiltzanean. Baina ez da erraza zentsura egon dela garbi onartzen eta hura defendatzen duten ahotsak topatzea, eta halako bat nahi nuen, pisu gehiago ematen diolako baieztapenari. Berarekin ados ez egonda ere, eskertzekoa iruditzen zait argitasuna, gertaerak mahai gainean modu gardenagoan jartzen laguntzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.