Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Itxita gaude

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Horrela garatzen da nire fantasia erotikoa. Igande goiza da, udaberri hasierako lehenengo eguzki-izpiek etxebizitza betetzen dute. Bapo gosaldu ostean ohera itzuli naiz eta, horrela, kafearen zaporea oraindik ahosabaian, mesanotxean utzitako liburua berrartu eta irakurtzera jarri naiz. Inguruan, isiltasuna. Eta ni, liburuan.

Eta nire gorputza? Hor nonbaiten, seguru, baina laster ahaztuta. Hala da, liburuan barneratua, ahaztu dut eguzki izpien epela azalaren kontra, kafe arrastoen garratza ahoan. Ez dut gorputzik. Zentzu bakar batek inporta du, ikusmenak, zeinuak ikusi eta interpretatzeko gauza egiten nauena. Hortik kanpo, ezer ez. Barruan gertatzen da gertatu beharrekoa: imajinazioa, abentura, bidaia.

Bruno Snell helenistak frogatu zuenez, greziar arkaikoek ez zeukaten hitz bat gorputzari, bere osotasunean, deitzeko. Soma, orduko hartan, orain dela hogeitazortzi mende arte, gutxi gorabehera, gorpua baino ez zen, bizitzarik gabe geratzen zen oskola. Bestelako hitzak zerabiltzaten gorputz bizia aipatzeko: melos (gorputz atalak) edo chrós (azala), baina ez zegoen hitz bat gorputzaren osotasuna eta autokontzientzia izendatzeko.

Snellen teoria faszinantea da benetan eta historiako inflexio puntu horietako batera garamatza. Garai arkaikoan asmatzen da alfabeto greziarra, eta historiako lehenengo alfabetizazio prozesu orokorra ematen da Grezia osoan.Goitik behera eraldatzen da gizartea eta kultura. Literaturaren historiaren momentu klabeetako bat ematen da orduan: tradizio orala eta idatziaren arteko trantsizioa. Trantsizio horrek utzi dizkigun testuak aztertuz, Snellek uste du erraz identifikatu daitekeela greziar arkaikoek gorputz bat —organikoa, beste errealitate fisikoetatik banatua, osoa— zutela deskubritu zuten momentua. Garaiko poeta lirikoen lanetan somá ez da gorpua, gorputza izaten hasten da. Eta zer dago gorputzaren barnean, norbait hiltzen denean ihes egiten duena atzean oskola baino ez utziz? Horrek izan behar du izpiritua, arima, zer bestela! Mendebaldeko pentsamenduaren sortze-momentua da hau, giza autokontzientziaren iraultza, subjektibitatearen hasiera, Snellek izpirituaren deskubrimendua deitzen duena. Somá bat dugu, beraz, eta txanponaren beste aldea, psyche bat. Gorputza-arima dualismoaren aurreneko pausoak dira.

Buelta gaitezen orain neure fantasiara. Ohean nago, gogoan hartu, liburu liluratzailea esku artean. Nire gorputza ohean dago, bai, baina nire arima? Anne Carsonek kontatzen digunez, zerbait oso sakona eta definitiboa gertatzen da alfabetizatzen garenean. Ahozko gizarte batean bizi den gizakiak inguruan gertatzen denarekiko erabat zabalik egon behar du. Zentzu guztiak atezuan. Izan ere, edozein momentutan irits daiteke estimulua. Hitzak airean harrapatu behar dira, edo haizeak eramango ditu. Norberak ezin du erabaki noiz entzun, liburu bat irakurtzea erabakitzen dugun bezala, beraz etengabe adi egotera kondenatua dago, begiak, sudurrak, belarriak puntan. Mundua eta norbera bat dira, korrontea ez da eteten.

Aldiz, irakurtzera jartzen garenean oso bestelakoa da jarrera. Zentzu bakarra behar dugu, ikusmena, eta ez hori bakarrik, beste zentzumenek traba egingo digutelakoan, horiek blokeatzen saiatu behar gara (aurikularrak ipintzen ditut nik autobusean irakurri nahi dudanean, inguruko elkarrizketak ez entzuteko). Gure arreta eta energia kontrolatzen ikasten dugu irakurtzen ikasten dugunean. Pertzepzioaren berrantolaketa honetan ikusten du Carsonek subjektibitatearen benetako sorburua. Irakurlea itxi egiten da, bere baitara bildu, mundutik erabat apartatu. Indibiduo bat dela konturatzen da horrela, jardun mentala kontrolatuz, mundutik bereizi daitekeena.

Ordutik, hogeitazortzi mende joan dira, gutxi gorabehera, mundutik geroz eta gehiago bereizten joan gara. Inguruari begiratu beharrean esku ahurrean daramagun pantailari begiratzen diogu etengabe. Eta geure izpiritua hainbeste hazi da, ezen askotan egia bakarra dirudien. Ez gaude zabalik, aitzitik, geroz eta itxiago gaude, geure subjektibitatearen kobazuloan berritzen ez den oihartzunari adi. Lurra laua izatea edo elurra, berez, estratosferatik bidaltzen diguten plastikoa, iritzi kontua bihurtu da. «Bueno, hori zure iritzia da» euskal txiosferaren memea dugu, eta ez alferrik.

Hain ziur gaude gure nartzisismo patologiko horretan, ezen Telegramera iristen bazaigu ausazko bideo bat, kaotikoa eta ulertezina, Ukrainako gerrakoa izan daitekeena edo ez, atzo grabatua izan daitekeena edo orain dela hamar urte, berehala sentitzen garen kapaz gure bisio geopolitikoaren xake-taulan kokatzeko. Gure subjektibitatea indartzera baino ez da etorri bideo hori, gure posizio morala txalotzera.

Ba al du irtenbiderik honek guztiak? Nola itzularaziko dugu munstro nartzisista bere kaiolara? Ideiarik ere ez dut. Nahiago dut ohera itzuli, nire liburuan sartu, munduaz bereiztu... igande goizeko fantasia goxo hau amaitzen den arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.