Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Makina

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Artelanak eta haien arteko harremanak aztertzeko artefaktu berezia sortu zuen bere bizitzako azken urteetan Aby Warburg arte historialari alemaniarrak, Atlas Mnemosyne deritzona. Egurrezko panel multzo bat prestatu, eta artelanen argazkiak —besteak beste— ipintzen zituen bertan, bata bestearen ondoan. Irudiak euren arteko analogien arabera antolatu, eta lotura mota ezberdinen gurutzaketez osatutako sistemak osatzen zituen. Ikerketarako lagungarri zitzaion denak batera ikustea, elkarren ondoan jarritakoan modu ezberdinean ikus baitezakegu elementu bakoitza, eta banaka aztertuta erreparatuko ez geniekeen xehetasunak edo ikuskerak azalera daitezke. Antolaketa espaziala ere garrantzitsua da hor, ez baitira gauza bera bat-bi-hiru, hiru-bat-bi edo bi-hiru-bat. Warburg hil zenean zeuden moduan geratu dira panel horiek izoztuta, eta hala daude jasota, baina bera bizi zenean, bizia zen atlasa ere. Aldaketak egiten zituen, eta «pentsatzeko makina» bezala definitu zuen. Lan neketsuen erraztea dakar makinak, eta, zentzu horretan, atlas hau bazen lanerako laguntza bat, beste makina batzuen efikaziatik urrun egonda ere —automata batenetik edo kopuru masiboetan ekoizteko prest dagoen mekanismo batenetik, esaterako—.

Giorgio Agamben filosofoak «makina artistikoa» aipatzen du Archeologia dell'opera d'arte testuan, eta hiru aldek osatuko lukete makina hori, borromear korapilo batean bezala elkarri lotuta: obra, artista eta operazioa. Agambenek zehazki zer dioen sakondu gabe, nire eremura eraman nahi nuke hemen bere proposamena, artistaren lan-prozesua azaltzeko eskema egokia baita. Eta hala, nire eremura eramanda, bueltaka irudika dezaket hirutasun hori, perpetuum mobile bat bezala. Goialdeko pisuak gorantz bultzako lituzke behealdeko biak, korapiloa beti biraka mantenduz. Prozesuan zehar, artistak ez du dena kontrolpean, obrak eta egitearen ekintzak —operazioak— ere badituztelako beren kontrapisuak, eta aurrez susmatu gabeko aukerak sor daitezke eginean, esperotako batzuk falta daitezkeen bezalaxe. Hori da hain zuzen jardunbide honen alderdirik politenetakoa; artistak dena bere esku eta kontrolpean ez izatea. Eta ez da bere horretan agortzen den mugimendu antzua, operazioa amaitutakoan eraldatuta baitaude bai obra eta bai artista, beharbada neurri oso txikian izanagatik ere.

Emaitzak ere lortzen dira batzuetan, jakina, jendaurrean aurkezteko moduko emaitzarik ematen ez duten saiakera askoren artean. Baina hurrena etorriko denaren aurrekaria da emaitza bakoitza, mugimendua martxan mantenduz, eta ez da sekula azken ondorio definitiborik lortzen, beti dagoelako muturrerago joatea, edo lan batek solte utzi dituen harietatik tiratzen jarraitzea. Zehazki artista ez bazen ere, langintza amaiezinaren adibide ona da Warburg bera, bere obra guztia baita zatikatua eta itxi gabea, beti interes eta arazo iraunkor batzuen inguruan ibili ondoren. Bere idazteko moduari buruz, «aingira zopa» bat bezalakoa zela esan zuen —Aalsuppenstil, alemanez—. Nahasia, alegia; salda berotan nahastekatutako osagai multzo bat. Esanguratsua da Ernst H. Gombrichek hari buruz esandakoa ere: «Lau hamarkadatan bere [Warburgen] pentsamenduaren eboluzioa jarraitzeko pazientzia izan duenari, argazki eta testu zatien kontrajartze hauek ez zaizkio Warburg berari edo bere inguru hurbilari baino enigmatikoagoak suertatuko».

Erakusketa edo artelan baten aurrean, nahiago izaten dut interes eta arazo batzuen inguruko behin-behinekotasuna eta irekitasuna nabaritu, emaitza efikaz bat topatzea baino. Nahiago bidean esperimentatzea, ikastea eta haztea ahalbidetzen duen makina, beste honen aldean: mugimendu mekaniko eta antzuak egiten dituena, efikaziaren mesedetan. Emankorragoa da lehena, hartzailearentzat alde batetik, baina batez ere eta lehen-lehenik, artistarentzat. Lehen aipatutako Agambenen testuko hitz batzuetara joz, artistak, «praktika batekin etengabeko harremana izanda, bizimodu bihurtu nahi du bere bizitza». Praktika-bizimodu hori izan dadila ahal den heinean pizgarri, eta ez automata baten antzeko zerbait izateko bidean jartzen gaituen praktika zimelgarri-aspergarri. Adibide modura, hona Nerea Loiola Pikaza idazlearen hitzak, kazeta honetan otsailaren lehenean irakurriak: «Sentsazioa dut aldatu egin naizela liburua egin ondotik; beharbada ez dut ezer konpondu, eta kontraesanak hor daude oraindik, baina behintzat lortu dut haztea. Gauzak erdian jarri eta inguratzen dituzu, zure eta besteen begiradetatik so eginez. Beste leku batetik ikusten ditut gauzak orain. Idazteak, beste ezerk ez dit hori ematen».

Esandako honengatik guztiagatik gustatzen zait Donostiako Tabakalerak 2020tik martxan duen arte-bitartekaritza programaren izena: Arte-makina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.