Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Ekonahaste, bioborraste

Eguneroko bizimoduko arlo gehienetan erabili ahal izateko produktu ekologikoak eta biologikoak ikus daitezke egunotan Irungo Ficoba erakustazokan. Hasi da Bioterra azoka.
Olibondoz egindako sukaldeko tresnak.
Olibondoz egindako sukaldeko tresnak. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko ekainak 4 - Irun

Bioeraikuntzan oinarritutako etxea izan daiteke. Edota kortxo plakekin babestua. Agian teilatuan eguzki plakak dituena edo geotermia —Lurraren beroa— baliatzen duena. Latexez eta artilez betetako lastaira batean lo egin daiteke. Artilean bildutako xaboi natural batekin garbitu. Kafe eta fruta ekologikoak gosaldu. Hortzak banbuzko eskuila batekin garbitu. Ia lurraren parean geratzen den aulki tolesgarri batean eseri. Olibondoz egindako tresnekin sukaldean aritu. Pasta ekologikoa bazkaldu. Postrean ardi edo behi gazta jan. Txokolate ontza batekin gozatu. Talo ekologikoa askaldu.

Eguneroko bizimodua produktu biologikoekin eta ekologikoekin egiteko aukeren erakusleihoa da egunotan Irungo Ficoba erakustazoka (Gipuzkoa). Atzo zabaldu zuten Bioterra azoka. Tradizio handiko azoka da, 2004. urtean egin zuten lehena. Bihar arte egongo da zabalik. Produktuak erakusteaz gain, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dituzte.

Ekonahaste-bioborraste moduko bat da Bioterra. Era guztietako produktuek bat egiten dute azokan, nola bioeraikuntzakoek, hala kutsadura elektromagnetikotik babesten duten itsasgarriek. Gaztak eta olioak areto batean, koloreetan eta usainetan oinarritutako terapiak bestean. Kiropraktikoak nonahi.

Erakusmahai batean, gaztak. Ez dira ohiko gaztak. Gainera, banderak dituzte gainean, ikurrinak eta senyera-k. Berbelar gaztandegiarenak dira, Aiako Andatza auzoko (Gipuzkoa) Olazabal Txiki baserrikoak. Gaztandegia alokatu diote jabeari.

Behi esne ekologikoarekin egiten dute gazta. Ez dute behirik, eta Orendaingo Larreta baserrian erosten dute (Gipuzkoa). Gaztagilea, beste hainbat sektoretan aritu eta gero, «krisi pertsonal baten eraginez» hasi zen gaztagintzan. Aurrena sei hilabeteko ikastaro bat egin zuen Arantzazuko Artzain Eskolan, ardi esneen erabilerari buruzkoa; gero, Kataluniako Pirinioetara jo zuen, ikastera. «Begiak guztiz ireki zitzaizkidan hango gaztagintza mundua ikusi nuenean». Han ez dago gaztagintza ia monopolizatzen duen Idiazabalen moduko sor-markarik. «Ondorioz», nabarmendu du, «gaztagintza ulertzeko era guztiz ezberdina da; esperimentazioa izugarria da». Bide hori urratzen hasi da Euskal Herrian: gazta laktikoak, camembert erakoak, patxaranarekin eta garagardoarekin lurrindutakoak... «Punk bat naiz latxaren lurraldean». Antton Olariagak egin ditu etiketak.

Gaztak eta lastairak

Berbelarrenak ez dira gazta bakarrak. Sebastien Gorostiagak ere salgai ditu bereak, ekologikoak, Lasako (Nafarroa Beherea) Ametzalde baserriko 250 ardi burugorrien esnearekin egindakoak. Gaztek azal lodia dute, lehor itxurakoa, gazta urarekin garbitzeko moduagatik. Ametz hosto baten irudia dute gainean. Gorostiagaren gaztek badute berezitasun bat: «Ez dira sekula gogortzen, beti egonen dira samurrak, baita hilabeteak pasatuta ere. Garbitzeko moduagatik eta etxean koba natural batean edukitzen ditugulako».

Pasabide batean, tentazioa: egurrezko bi ohe sendo, eroso itxurako lastairekin. Oheen ondoan, Gemma Alarcos, Beasaingo Amets dendakoa. Normalean, lastairen nukleoak latex naturalez eginak izaten dira, «gorputzaren euskarri onena baita». Gero, beste material batez betetzen dira. Alarcosek artilea, kapok zuntza eta pinu suitzarra ditu ikusgai.

Bada Bioterran ezer saltzen ez duenik: Bidezko Elikadura gobernuz kanpoko erakundea. Eskoletako jangeletako eredua aldatzeko informazioa eskaintzen du, gidaliburu bat, Gure Platera Gure Aukera egitasmoaren lanean oinarrituta. «Eskoletako jangelak eraldatzeko ordua da», Eneko Viñuela koordinatzailearen iritziz.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Sukaldari bat, bere etxean, zopa prestatzen. ©BERRIA

Salda badago

Enekoitz Telleria Sarriegi

Zopa giroa izaten da negukoa: gozatzen duelako barrena eta eztitzen duelako aldartea. Baina hori baino gehiago ere bada zopa: oinarrizko jaki bat da, unibertsal bihurtu dena, eta norbere kulturaren adierazle ere badena. Jendeak, ordea, egiten du oraindik zoparik etxean?

Mastodonte baten hezurdura, Historia Naturalaren Amerikako Museoan, New Yorken. ©AMNH

Groenlandia baso oparoa zen

Jakes Goikoetxea

Duela bi milioi urte klima izoztuetako eta epelagoetako animaliak elkarrekin bizi zirela ondorioztatu dute, orain arteko DNA laginik zaharrena sekuentziatu eta gero

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Euskarak bere lekua topatu beharko du krisi ekologikoan»

Amaia Igartua Aristondo

Krisiak eragin ditzakeen gizarte aldaketetara egokitu beharko du euskarak, Igeregiren arabera. Egoera gorabehera, euskalgintza eta ekologismoa batu daitezke; egun, ordea, «bakoitzak bere bidea du».
Donostiako Gabonetako azoka, jendez beteta, iazko abenduan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kaleak Gabonez blai

Ane Insausti Barandiaran Amaia Jimenez Larrea

Gabonetako azokak irekita daude Euskal Herriko hiriburu gehienetan. Azokez gain, hamaika ekitaldi antolatu dituzte, jaiak girotzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...