ATZEKOZ AURRERA

Mendeetako ontzia porturatzear

Hamarkada luzez, Erandiotik Barakaldora bidaiariak garraiatzen aritu da Oscar Suarez. Adierazi du ez duela alternatibarik diru galerei aurre egiteko, eta urtarrilean ixtea erabaki du.

Egunean laurogei bidaiari inguru izaten ditu ontziak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Erandio
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Hurbiltzen ari da Barakaldotik irten den gasolinoa Erandioko (Bizkaia) moilara. Jaitsi dira lehen bidaiariak, eta hurbildu dira minutu eskasean kontrako bidea egin nahi dutenak ere. Orotara, ez dira dozena batera helduko.

Oscar Suarez da Boteros del Nervion enpresaren eta gasolinoen jabea. Barandara lotuta dauzka bi eskuak, eta, ontziratzeko zain dagoela, esan du dena saltzeko asmoa daukala: «Jendeak beste bide batzuk erabiltzen ditu orain batetik bestera joateko». Haren ustez, garraio publikoko bonuen merkatzeak erabiltzaileak «lapurtu» dizkio. Egunean ehun bat bidaiari gutxiago direla uste du.

Parez pare dauden bi moilak gurutzatzeko hiru ontzi ditu Suarezek. XIX. mendean abiatu zuten zerbitzua, arraunez lehenbizi, gasolioarekin dabilen motorrez gero —hortik datorkio gasolino izena—; baina 1960ko hamarkadan ugaritu zen zerbitzua. Suarezek azaldu du, gainera, ez dela Bilboko itsasadarra gurutzatzeko ontziak dituen leku bakarra, Getxo eta Portugaleten ere badaudela.

«Orokorra da kontsumoaren beherakada», haren hitzetan. Izan ere, gasolinoen «garairik onenean» 20.000 pertsona inguru garraiatzen zituzten batetik bestera egunean: «Gaur egun, laurogei bidaiari izaten dira egunean».

Ontziburuak bere datu ekonomikoak zerrendatu ditu: hilean 2.000 euro baino gehiago ordaintzen ditu gasoliotan, ontziak mantentzeko gastua, galdutako bidaiariak... «Lan egiten dut zentimorik ez ikusteko; finean, dirua galtzeko». Hilean 5.000 euro inguru, haren esanetan. Bidaiariek ordaindutako 1,20 euroak ez dira nahikoa.

Itsasontziak saldu nahi ditu, baina aitortu du zailtasunak izan dituela. «Egurrezko ontziak dira, urte dezente dituztenak, eta 44 lagunentzako tokia dutenak».

Suarezek hiru hamarkada daramatza gasolinoan, lehenik langile gisa, eta gero zerbitzuaren arduradun gisa. Aurretik, aitarekin eta anaietako batekin partekatu zuen negozioa.

Eguneroko joan-etorriez gain, bidaia gidatuak ere eskaintzen ditu. Hala ere, ez dira nahikoak Suarezentzat: «Bi herrietako udalek eta hainbat elkartek eskatzen dizkigute, eta luzeagoak dira. Moldatu daitezke ibilbideak, paisaiak eta inguruneak aukera ematen dutelako mota askotariko bidaiak egiteko». Ez du uste negozioaren aterabidea denik.

Metroa eta zubia

Iaz, Murueta ontziolako langileek «salbatu» zuten enpresa: «Ontziolak kontratatu ninduen beharginak garraiatzeko, baina ezin dut egon jende jakinaren menpe; gero eta jende gehiagok erabiltzen du metroa orain».

Bilboko metroak sei minutuan behin dauka Erandio eta Barakaldo arteko zerbitzua, ordu laurden inguruko bidaia egiteko. Eta nekez saihestu daiteke bistatik, ontzian egonda bederen, errekaren alde biak autoz gurutzatzeko eraikitako Arrontegi zubia. 125.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero.

Suarezek nahiko etsita gidatzen du: «Urtarrilean utziko dut hau dena, diru galerez gain, beste obra batzuk ere egin beharko nituzkeelako; dragatzea, esaterako». Itsasadarraren sakonera gorabeheratsua dela azaldu du. Bidaiariak dituzten txalupak amarratzeko arazoak sortzen ditu horrek: «Itsasbehera handia bada, zerbitzua eten egin behar duzu, Erandioko ertzean hondoratuko zinatekeelako». Obra haren poltsikotik ordaindu behar duela jakinarazi diote. Inbertsio handia eskatuko lioke, eta nahiago du soka betiko amarratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.