ATZEKOZ AURRERA

«Zin dagit: nik ez dut inor hil»

NUPeko antzerki taldeak emanaldi bat egin du Iruñea Beltza jaialdiaren karietara. Agatha Christieren 'Orient-Expresseko hilketa' nobela oinarri hartuta, antzezlan ibiltaria sortu dute.

NUPeko antzerki taldeko lau kide, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Alferrik da bazterrak miatzen aritzea: gizonak ez du aurkituko eserleku zenbakidunik areto horretan. Nahasirik dagoela ematen du, bere burua non kokatu ezin jakinda. «Non demontre jarri behar dut orduan?», esanen du bere kolkorako. Halako batean, baina, txilio ozen batek isildu du salan nagusi den zurrumurru hotsa. Oihua eraikineko zutabeen artetik dator, goiko solairutik, gazte trajedun baten ahotik. «Poirot jauna, hilketa bat gertatu da trenean!».

Eskerrak fikzioari. Ez baita trenik inguruan, ez eta hilotzik ere. Gizona Iruñeko Kondestablearen jauregian dago, beste dozenaka lagunen gisan. Arrazoi ederra dute bertan biltzeko: NUPeko antzerki taldeko kideen emanaldia. Agatha Christieren Orient-Expresseko hilketa eleberrian oinarritutako obra antzeztu dute, Iruñea Beltza jaialdiaren karietara. Jaione Urtasunek zuzendu du obra, eta, hain zuzen ere, antzezlana hasi aurretik ohartarazpena egin die ikusleei: «Mugitu eginen gara». Izan ere, emanaldiak hori du berezitasunetako bat: jauregian barrena ibili beharra dago antzezlana ikusteko, batetik bestera, gela horietako bakoitza Orient-Expresseko treneko bagoi bat balitz bezala.

Ikusleak bete-betean murgildu dira ikerketan. Treneko zer bidaiarik hil ote du Ratchett jauna? Horra argitu beharrekoa. Iker Colomok egiten du Poirot detektibearena. Harena da bidaiari bakoitzari galdeketa egiteko ardura. «Gorpuak zazpi sastakada ditu. Lau, nahiko azalekoak; beste hirurak, hilgarriak. Zer gertatu den argituko dugu».

Baztandarrak trenean

Detektibea banan-banan aritu da susmagarriei galderak egiten, medikuak eta tren konpainiaren zuzendariak lagunduta. «Noiz ikusi zenuen Ratchett jauna azken aldiz?», bati. «Ba al zen beste inor korridorean?», besteari. Edo: «Estimutan al zenuen?». Ordea, erantzunak beti dira antzekoak: «Nik ez dut inor hil».

Ikusleetako batzuek irribarre konplizez begiratzen diete aktoreei, buruarekin baietz eginez tarteka. Antzezlanaren zuzendari Urtasunek esan bezala, askok jadanik ezaguna dute Agatha Christieren eleberria ordurako. Dena dela, hori ez da eragozpena obraz gozatzeko, eta irri algararik ere aditu da zenbait pasartetan. Batik bat, Saioa Gonzalez aktorearen hizketaldian jo du goia umoreak; printzesa bat zen bera.

Bestela bezala, publikoan den ikusle baten ahotsa aditu da obraren eszenetako batean —ozenegi, aukeran—. «Begira, hau baztandarra da, ziur. Erreparatu hizkerari!», esan zuen Jagoba Manterola argazkilariak aktoreetako bati buruz. Albokoak, belarriak zorroztu, eta erne aditu du aktorearen ondoko esaldia. Hau izan da lehenbiziko hitza: «Bortz».

Antzezlanak 20 minutu inguru eginak dituenean ailegatu da Poirot detektibearen azken agindua: «Mesedez, joan gaitezen beste bagoira». Ikusle guztiak atzetik joan zaizkio detektibeari, eta, beste sala horretan, hiltzailea nor den adierazi du, Ratchett jaunaren gorpua oihal batez estalia delarik. Argitua misterio handia.

Hala ere, antzezlanen egitekoa ez da bukatzen txalo eztandan, ezta aktoreak publikoaren aurrean makurtutakoan ere. Ondotik ere, obrek egiten dute beren bidea. Etxerakoan, Kondestablearen jauregiaren ataria zeharkatu bezain laster, sei bat urteko haurrak hala esan dio ondoan zuen andreari: «Uste dut oihal beltzaren azpian ez zegoela inor. Tranpa egin dute». Poirot jauna ez da bertaratutako detektibe bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.