Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Intxaurrondo

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Zaldi Urdina antzezlana berriki estreinatu dugu, gure lana eskainia izan da Luhuson, Angelun, Donostian, Azpeitian, Bilbon, Barakaldon... Plazaz plaza, lekuan-lekuan, ikusleek eskaini digute eserlekuak betetzea, ostatuan beraien istorioak kontatzea, barrukiak askatzea… aspaldian atera behar zena atera da. Honek osaba edo lehengusua galdu du gaindosiz, horren seme edo alabak droga arazoak dauzka, hark lagun artean familiako bizipenak partekatzen ditu.

Obra ez da gehiago gurea. Obra hau euskal komunitateak bereganatu du. Besarkadak, begi bustiak, hasperen handi bat, begiak urrunean galduak... Gure herriak ezagutu duen azken sarraskian, zenbat lagun, senide edo auzoko galdu ditugu? Drogek eta haren albo-ondorioek zenbat pertsona erail dituzte? Zenbat milaka? Zenbat belaunaldi desagertu dira herrietan? Non geratzen da min hau guztia?

Lana estreinatuta, artista edo antzerki taldeek egin ohi duten bezala, hasi naiz erakunde ezberdinekin biltzen. Eta euskal sortzaile bezala, are lan gehiago da, nola ez. Horretara dedikatu behar naiz, normala da. Diru publikoarekin lan egiten dudanez, gauzak aztertu, baloratu eta esplikatu behar ditut. Egon naiz hainbat erakunderekin ikusten zer egin daitekeen euskal sorkuntzaren esparruan, eta zer gurekin. Saiatzen naiz esplikatzen diskriminazio positibo politika hil ala biziko hautu bat dela. Norberak bere herria eta herri honetan dagoen jendartea maite duen heinean noski. Zertarako? Euskal sorkuntzak sufritzen duelako, eta urteetako gutxiespena jasan duelako. Kulturizidio antolatu eta zaharrenetariko bat Europan. Balio sinbolikoekin konpontzeak ez du balio. Minbizia ez da ibuprofenoarekin sendatzen. Baina hurbilen dagoen instituzioak, babestu behar gaituen erakundeak beste norabait begiratzen du. Biluzik gaude borroka horretan. Haize erroten aurka borrokatzeko gazta puska bat eskuan. Sinatzen dugun hitzarmena diru poltsa sinbolikoetan geratzen da. Berdin dio, ahul, baina zertxobait lortu da, eta esku bat sorbaldan, errukiz begiratu eta agurtu; segi pixkor, kuraia on. Hala errango zieten itsasoa zeharkatzen zuten marinelei, mundua zabala eta krudela baita.

Ondoko egunetan joan behar naiz frantses kultura ministeriora. Ez dut berri onik ekartzen, lekuko hautetsiek doi-doia babesten gaituztelako. Asko preziatzen dute gure lana, baina bihotzean ahalbideetan baino gehiago. Ministerioko arduradunak gure ikuskizuna ikusi du, frantses gain-idatziak zituen emanaldi solte batean. Preziatu du, baina eman dit aholku bat: eskaini behar genuke tarte bat antzezlanean azaltzeko zertarako euskaraz antzezten dugun obra hau, zer garrantzi duen hizkuntzak gure antzerki eginkizunean...

Imajinatu dut antzerkilari aleman ospetsu bat, bere obra gelditzen, eta esplikatzen zertarako alemanez ari den, eta zein inportantea den antzeztea Brecht alemanez. Ez luke zentzurik, oso argia delako. Edo publikoa barrez lehertuko zen. Euskaraz egiten dut mintzatzeko. Hau bezain sinplea da. Euskaraz, Intxaurrondo ez baita zuhaitz bat soilik. Ez. Mamu bat da. Tortura eta heroina zabaldu zuen mamu bat. Halloweeneko mamu guztiak baino beldurgarriagoa. Baina nola azaldu hori euskara ez den hizkuntza batean? Nola azaldu ehunka gorputz txikituak, milaka familia suntsituak, hitz bakar batekin? Euskarak, minaren intxaurrak bihotzean ditu, erroturik.

Egon naiz Bordeleko Antzoki Dramatiko Nazionalean, eta han ere interesa piztu da. Ez dakit antropologiagatik, edo estralurtar batentzat hartu nautelako, baina interesa bazen. Kasik interes zientifiko bat. Haren galdera, ohikoagoa izan da: baina, euskaraz arituz soilik, ez zara beldur hesteaz? Hestea zergatik? Nire hizkuntzan nire komunitateari hitz egiten diodalako? Gureak diren historiak kontatzen ditudalako? Eskolako inongo liburutan agertzen ez den sarraskia kontatzen dudalako? Zer da irekia? Frantsesez hitz egitea antzokiko jaunttoei mintzatzeko?

Antzoki horretako zuzendari artistikoa taula zuzendaria da, eta orduan interesatu naiz ni ere bere obrari. Zer plazaratzen zuen, ea uler dezakedan zer den irekia izatea. Zuzendari horrek amerikar antzezlan bat estreinatuko du urtarrilean, Trumpen iruzurkeria azaleratzeko. Antzezlana Alemanian kokatzen da, Bigarren Gerla Mundiala baino lehen. Pertsonaiek ez dute sinesten Hitlerrek boterea hartuko duenik; hori da abiapuntua. Hots, zerbait oso urruna Bordeletik, nire itxieratik ulertzen dudanez. Orduan, Bordelen ez dute beste arazorik? Benetan?

Uste dut errealegiak garela, haientzat ez gara existitzen, eta hobe horrela. Ipar afrikarrak bezala. Baina tamalgarriena, ipar afrikarrek bezala, guhaurrek balio horiek eramatea da, kolonizatu pentsaera transmitituz, belaunaldiz belaunaldi.

Gure obrak askotan epeltzen ditugu parekoa izutzeko beldurrez. Gure artea azken zokoan mantenduz politika publikoetan, pentsatuz bidegintzak edo teknologia berriek gure arteak baino garrantzi handiagoa dutela. Baina gure artea, gure memoria balitz, gure komunitatearen ura, lehorteari usatu gara. Gureak merezi du, gure historiak, gure lagunek, gure familiek, gure auzokoek eta lehengusuek merezi dute existitzea. Izen-abizenekin. Goazen plazatik plazara, gurea den lekua hartzera, eta ospatu dezagun bizirik irauteko dugun gaitasuna eta poza.

Bizirik gara, elkartzen gara, eta gure urak intxaurrondoen itzala lorez estaliko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.