Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Nolakoak izan ote ziren

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Askotan gertatzen zait. Baliteke nire ingurukoen azkena, eta batez ere neurea, irudikatu ezinak eramatea besterena imajinatzen saiatzera, baina hildakoekin askotan gertatzen zait: euren azken egunak irudikatzera jotzen dut. Batzuek bazekiten hurbil zutela heriotza, beste batzuek ez zuten susmatu ere egiten, bizitza bizitza zen, bere mila gorabehera eta beste mila ezustekorekin, bizitza bizitza zen eta ez zuen azalpen askorik behar. Eta munduko azalpen guztiekin ere zaila zen zentzua topatzea.

Nolakoak izan ote ziren Isabel Bakedanoren azken egunak?

Gaurkoa bezalakoxe egun euritsu eta umela zen, Erandion lanbroak irentsi aurretik Bilbon pasatu genuen arratsaldea, museoan, 68aren ostean erakusketa ikusten, atzera eta aurrera. Marta Cardenasen lanekin harritu ginen lehenbizi, ez genituen ezagutzen, ederrak iritzi genien. Biok ginen Arte Ederretan ibiliak; Aitorrek seguru asko ni baino EA gutxiago izango zituen espedientean. Ez Agertua. Klasera joan ez nintzen batean jarriko zituen akaso irakasleren batek, baliteke; joan nintzenetan ez nuen sekula entzun, ez nuen sekula ikusi haren lanik. Ezta Isabel Bakedanorenik ere.

Eta gero argazkiko koadro hau agertu zitzaigun ezerezetik bezala. Ez al da ederra?

Munduko tokirik ederrena Zumarragako tren geltokia dela idatzi nuen behin, baina izan liteke munduko lekurik tristeena ere. Iruñeko autobus geltokia izan daitekeen bezalaxe.

Emakume bat, bakarrik, autobus geltokian. Zapi bat dauka eskuan, eta detaile horrek dena aldatzen du. Ez dauka maletarik, ez poltsarik, ez du ematen iritsi berria denik, ez eta inora doanik ere. Baten bat agurtzera joan da akaso, autobusa badoa, hari begira dago, guri bizkarra emanda —ez zaio axola mundua—, dotore, geldi, estoiko.

«Zergatik ez genian ezagutzen?», egin genion galdera elkarri, erantzuna bagenekin arren. Eta bioi etorri zitzaigun gogora, hau bai ikusi genuen klasean, Cindy Shermanen Untitled Film Stills serieko #48.a, desberdina izanagatik. Bietan emakumea bakarrik dago, bizkarra ematen digu, ezin dugu bere aurpegia ikusi, ez dakigu zer ari den pentsatzen, nola sentitzen den, etorkizun hobearen itxaropena daraman bihotzean, edo iraganaren zama harri koskor bihurtua. Baina badabil bere geldian, bidean da, bere bidean da, bere bidea egiten ari da.

Isabel Bakedano Mendabian jaio zen, 1929an. Ama baino zortzi urte lehenago, etorri zait. Eta akordatu naiz nola esan zidan behin: «Zuek ez zarete konturatzen ze aukera izan dituzuen: musika ikasi ahal izan duzue, artea ikasi ahal izan duzue. Guk ez genuen izan halakorik. Zenbat gustatuko litzaidakeen pianoa jotzen jakitea... eta pintatzen... Baina guk ez genuen aukerarik izan. Aita gazterik hil zen... nik hamabi urte neuzkan. Eibarko osaba-izeben etxera bidali ninduten astebeterako, etxeko atsekabeaz ohartuko ez nintzelakoan edo. Baina nik banuen neure atsekabea: aitak ikasteko eta ikasteko esaten zidan, badakit saiatuko zela niri ikasketak ematen. Nik irakaslea izan nahi nuen... baina lanean hasi nintzen hamalau urterekin txapel fabrikan».

Isabel Bakedanoren aita 1938an hil zen, pulmoniak jota. Ordurako ikusten zen, antza, eskua zeukala. Zaragozan egin zituen lehen ikasketak, gero Madrilgo San Fernandon. Ahizpa eta ama berekin joan ziren Madrilera. Non bizi izan ote ziren, ze auzotan, ze kaletan? Zer egiten ote zuten igandeetan?

Iaz hil zen. Bilboko Arte Ederren museoak atzera begirakoa eskaini dio orain. Angel Bados izan da komisarioa, bera aritu da familiarekin batera Iruñeko eta Madrilgo estudioetan aztarrika: «Ikaragarria zen handik ateratzen zen artelan kopurua, eta jarraitzen zuten ateratzen, eta ateratzen, eta ateratzen». Harrituta, miresmenez mintzo zen artistaz: «Etengabe jartzen da irudikagarritasunaren mugan. Beti joaten zen zekienaren mugaraino, zeren eta zekien hori, baita asko izanik ere, ez baitzen aski irudikapenaz harago dagoenera iristeko».

Nolatan ez genuen ezagutzen?

1957an marrazki irakasle plaza atera zuen Iruñeko Arte eta Lanbideen eskolan. 80ko hamarkadan Madrilera joan zen bizitzera. Ezin jakin zergatik, maiteminagatik akaso... «Ez dakit zergatik», onartu zuen Adelina Moya arte historialariak, bera arduratu da artelanak datatzeaz. Autobus geltokia 1978koa da.

Iruñean izan, izan Madrilen, egunero pintatzen zuen.

Hiru denbora bereizi ditu Adelina Moyak Isabel Bakedanoren lanean, eta berak esatera, 1994tik atzera hasi zen benetan interesatzen zitzaiona egiten. Erlijio artea da interesatzen zaion hori. «Oso erlijiozalea zen», azaldu zuen Moyak. «Eta min egiten zion zer-nolako itsustasunak egiten ziren erlijio artean».

Hauxe da beharbada historialarien eta artisten arteko aldea. Angel Badosek bestela ikusten du aukera hori: «Uste dut erlijio arteak gaiak aukeratzetik liberatu egiten zuela, eta horrek erabateko askatasuna eman ziola bere benetako boterea zen horretara jartzeko: kolorea».

Bere etxeak, bere estudioak ikusteko irrika sartu zait bat-batean: pintura poteak, pintzelak, paperak. Eta bere egunerokoa irudikatzeko, irudikatzea daukadan horrek harago dagoena sumatzen lagunduko didalakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.