LAUHAZKA

Euria

Hainbat ikasle ikastetxera sartzen, Baionan, lehen eskola egunean.
Hainbat ikasle ikastetxera sartzen, Baionan, lehen eskola egunean. GUIILAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ximun Fuchs -

2020ko otsailak 16

Nire alaba kolegioan ikasten ari da. Aste honetan, gorputz heziketako irakasleak ezbehar bat ukan duenez, hezkuntza arduradunak gorputz heziketa ordua elkarbizitza lantzeko baliatu du, ikasleek arazoak adierazteko denbora eta ohitura har dezaten. Arazo bati kolektiboki doakion erantzuna edo konponbidea balora dezaten. Hauxe izan zen proposatutako gaia: izengoitiak. Norberak hautatu gabeko izengoitiak mingarriak ote dira? Zergatik? Kari horretara, alabaren ikaskide batek bere sufrimendua adierazi zuen: saskibaloian, eskolaz kanpoko aktibitatea, jolas lagunek baskoy deitzeko ohitura hartu dute. Baskoy, euskal izaera despreziatzeko erran molde arrunt bat da Iparraldean, negro edo youpin (judu) beste leku edo garai batzuetan erraten zen bezala. Bere arazoa eta mina azaldu orduko, mutila negarrez hasi zen: «Zergatik da txarra edo mespretxagarria euskalduna izatea?». Eta alabak erantsi dit momentu horretan bere ikaskide guzti-guztiek adierazi zutela behin baino gehiagotan gertatu zitzaiela. «Niri ere gertatu zait, niri ere...», zurrumurru bat hedatu zen klasean. Denek memento batean edo bestean iraina pairatu dute: supermerkatuan, aisialdi denboran, autobusean... Duela urte pare bat Iparraldeko beste kolegio batean gertatutakoa oroitarazi dit. Matematika irakasle batek, oker zebilen ikasle bati zera erran zion: «T'es con ou t'es basque?» (Tontoa zara edo euskalduna?). Eta klasea barrez lehertu zen. Ona txistea, ez? Duen arazo bakarra hau da: txiste berdina basque hitza juif edo arabe hitzarekin trukatu izan balu, irakasleak bere lana galduko luke, isun polit batekin, seguru.

Euskal izaera gurasoen izaera da, ametsen izaera, pentsaera baten izaera, maitasunarena. Gure azalaren kolorea euskara da. Eta XXI. mendean, Euskal Herrian, oraindik oso normalizatua da norberaren jatorria iraintzea eta bazterkeria kulturala praktikatzea. Haurrek ez dute asmatzen, haurrei bazterkeria ez zaie naturalki heldu. Haurrek errepikatzen dute gizartean eta etxean ikusi eta entzuten dutena. «Maitasuna ez da ikasten, gorrotoa bai», zioen Nelson Mandelak.

Izaera sozialaren patua berdin-berdin bizi daitekeela pentsatzen dut. Urte hasieratik, 12 langile hil dira lanean, eta berriki bi desagertu dira. Ez da txikikeria bat. Imajinatu dut 12-14 pertsona hil balira koronabirusak eraginik. Nolako panikoa sortuko zen... Zenbat bat-bateko neurri? Zenbat salbuespeneko aurrekontu eta kontzientzia hartze kolektibo? Imajinatu dezaket zenbat sailburu, zenbat gorbata izango ziren familien alboan, beraien elkartasuna adierazten. Zergatik ez da gertatzen oraingoan? Zeren oraingoan populazioaren atal zehatz bat ukitzen du izurriteak: langileak. Beraien lanean 12-14 kazetari, irakasle, artista, nagusi edo politikari hil balira urte hasieratik, beraien lan baldintzak ez lirateke aldatuko errotik?

Hainbeste hil urte hasieratik ezin da kontsideratu zorte txarraren ondorioa denik. Ez da meteorologia arazo bat. Gizarte arazo larri bat da. Onartzea adin batetik gorako langileek lan arriskutsuak egin ditzaketela hautu bat da. Onartzea langileek beraien bizitza arriskuan jartzea beraien familiak mantentzeko, hori hautu politiko bat da. Hautu politiko diskriminatzaile kriminal bat.

Isilpean onartzen diren bazterkeriak onetsitako bazterkeriak dira. Izan diskriminazio kulturala, diskriminazio soziala edo genero diskriminazioa. Bazterkeria horiek historia bat dute, eta kontatu behar ditugu. Eta zabaldu. Zeren, maleruski, politikoki neurri epelak hartzen dira sarritan. Ez omen da inor zauritu nahi, ez omen da erraza, ez omen da sinplea. Ez da, ez. Baina, bitartean, gure haurrek bazterkeria jasaten dute egunez egun, gure senideak hiltzen dira lanean, eta emakumeen lekua gizartean bigarren mailako lekutik ateratzeko ezintasuna bermatua da. Hau dena kontatzen segituko dugu. Nire antzerkilari lana horrela ulertzen baitut: airean dagoena kontatu, irrien atzean gordetzen dena argitara ekarri, belaunaldiz belaunaldi zabaldu eta transmititu diren zauriak hitzez adierazi.

Zaldi Urdina antzezlana hau da, ez besterik. Nahitara zabaldua izan den sumindura kontatzen du, izan diren konplizitateak interpelatu, aho zinta urratu, lotsa urruntzeko asmoz. Malkoz izanda ere, besarkadak beharrezkoak dira. Lurralde honek jasan dituen minak arintzeko, hitzak eta espazio sinbolikoak beharrezkoak dira. Eraiki ditzagun denon artean, goitik ez baita euria baizik jautsiko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Joxean Artze idazle eta txalapartarias, 2014ko urtarrilaren 14ko argazki batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Joxan Artzeren lehen liburu postumoa aurkeztu dute

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Txalapartari buruzko lan baterako hitzaurrea idazten hasi, eta prosa zein poesia aleak sortu zituen idazleak. Testuok eman ditu Elkarrek 'Txalaparta. Tradizioaren abaroan' lanean
Gatiburen azken diskoko elementu guztiek gogorarazten dute musikaren garrantzia: bai izenburuak —<em>Musikak salbatuko gaitu</em>—, baita azaleko irudi metaforikoak ere. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Gatibu da, baina ohikotik urrun

Amaia Igartua Aristondo

Taldeak datorren ostiralean aterako du disko berria: 'Musikak salbatuko gaitu'. Pandemiaren egoeraren harira «baikortasuna helarazteko» egindako lan bat da, eta berrikuntzak ditu sonoritateari dagokionez, besteak beste
Aurtengo Durangoko Azokaren programaren eta denda digitalaren aurkezpena Durangoko Landako gunean. ©Gorka Rubio/ Foku

Gaur irekiko dute Durangoko Azokako denda digitala

Iñigo Astiz

Arratsaldetik aurrera izango da aukera 2.319 produktu bilduko dituen denda digitala arakatu eta produktuak hautatzeko, baina 4tik 8ra egingo dira ordainketak eta bidalketak. Ehun kultur ekitaldiko programa ere antolatu dute azoka egunetarako, eta sarean jarraitu ahalko da osorik

Krask, konta dezagun

Torturen kontakizuna azaleratzeko ahalegina indartzen

Berria

Krask soinua dokumentalaren bultzatzaileei 11 egun falta zaizkie diru bilketa bukatzeko. Mikel Zabalza eta Ion Arretxe atxilotu zituzteneko urteurrena da gaur, eta bideo bat argitaratu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.