Albistea entzun

LAUHAZKA

Baratxuria

Ximun Fuchs -

2021eko urtarrilak 31

Nire gurasoak Euskal Herrira itzuli zirenean, 4 urte nituen; anaiak, 3. Ez genekien hitz bakar bat euskaraz. Fede onez, eta ingurukoen gomendioei jarraikiz, herriko eskolan sartu gintuzten, eskola frantses errepublikanoan. Irakaslearen esanetan, euskara ikastea bertan ere lortuko genuen, eta terrorista hutsak ziren ikastoletatik urrun ibiltzea komeni zitzaigun gainera. Handik hilabete batera, herriko ostatuaren jabea gurasoengana hurbildu zen, ondoez zerbaitekin. Ez zen diru kontu bat, batere, bakarrik abisatu nahi zituen... Gurasoak kezkatzen hasi ziren, zer demonio gertatzen zen ulertu nahian. Kontua da irakasleak anaia eta biok bazterreko gela batean gakotzen gintuela, eta han pasatzen genuela eguna... Arratsaldeetan, anaiak eta biok leihotik eskapatzeko ohitura hartu genuen, eta ostatura joaten ginen tragoak edatera. Hori zen gurasoei eman nahi zien abisua. Han askoz gehiago ikasi genuen segur aski... Besterik ez bada, saihets bideen zapore gozoa ikasi genuen.

Euskara ikasteko, beraz, Baionako Saint Amanden zegoen ikastolan sartu gintuzten. Eta hitza jaso genuen, edo Guillermok eman zigun, hobekiago esateko. Guillermo liburuetako irakaslea da (orainaldian ezartzen dut, zeren benetako irakasleak jubilatuta ere irakasle egoten dira bihotzean). Bere bi-zaldi auto mundialean eramaten gintuen haraino, ordubeteko bidaia. Eta euskara eskaini zigun, baina euskara eta hitza esan behar nuke.

Aitortu behar dut guk ez dugula giristino senik, baina garaiko ikastolako lagun anitzen etxeetan bazuten bai. Anaia eta biok katiximara ez joateak trufa eta ziria eragiten zuen. Ostiralero, gure Guillermok biltzar nagusi bat antolatzen zuen, ikasle eta irakasleek adierazi zitzaten zeintzuk diren beraien arazo, asmo, gogo edo pozak. Sei hilabetean euskara ikasirik, hitza eskatu nuen, nire kezkak adierazteko. Guillermok, bere begi irribarretsuekin, hitza eman zidan. Altxatu nintzen, eta banan-banan eskatu nien ikasleei zertarako sinisten zuten jainko batean. Eta erantzuna berdintsua izan zen oro har: «Nire gurasoek sinisten dutelako». Nik ihardetsi nuen ez nuela inongo jainkotan sinisten, nire gurasoek sinisten ez zutelako. Biltzar nagusi horretan, 5 urte nituela, amaitu ziren ziriak eta ondoezak.

Guillermok irakatsi zigun gure ezberdintasunak euskaraz uztartzen ahal genituela, jolas parkean abenturaz abentura ibiltzeko. Hitza eta euskara, bat dira. Eta hau irakatsi eta eskaini ziguna sorgina, magoa ala jainkoa baino gehiago dela esan daiteke: haurren komunitatearen bateratzaile zintzo bat.

Gaur egungo haurrei pentsatuz, jakin badakigu literaturak, antzerkiak edo zinemak trauma handien izu korapilatsu eta anitzak adierazten dituztela, besteak beste. Gure komunitateen aldaketa bortitzak ulertzen laguntzen dituzte. Hari horretatik, aldizkari kultural batean irakurri dut gizarte zientzietan ari ziren aditu batzuk ohartu direla fikzio apokaliptikoak ikusten edo irakurtzen dituzten pertsonek lasaitasun handiagoarekin bizitzen dutela pandemiak eragindako itolarria. Hitzak eta irudiak baliatuz, arrangurak marraztuz, elkarbizitzarako zailtasunei aurre egiteko gaitasunak garatzen ditugu. Fikzioak pentsaezina irudikatzen laguntzen digu, eta izoztu ez gaitezen laguntzen gaitu. Katastrofearen fikzioak izuari erantzuteko giltza batzuk eskaintzen dizkigu.

Pragmatismo hutsez, eta entzuten dena filtrorik gabe irensteko ohitura berri honekin, berehala lanean jarri naiz. Etxeko pantaila piztu, eta holako fikzioak sekula ikusi ez arren, zonbi film bat ikusten hasi naiz. Ohitura eskasa izango da, baina ezin izan dut osorik begiratu. Izua eta izoztearen aurkako txertoak ez dit balio izan, behin baino gehiagotan saiatu naizen arren.

Albisteak irakurri eta irratian entzun ondoren, areagotu egin zait ondoeza. Zonbiak albisteetan nagusitu al dira? Kargudunak txertoa ebasten beraien onurarako, militarrak haiekin bat, gazteak makilakadaz isilduak... Muga berriz ixten dute COVIDa, terrorismoa eta migrazioa mugatzearen aitzakian, hitz horiek guztiak esaldi berean erabiliz, eta gure lurraldea zatituz, berriz ere. Zintzurra estutu zait, eta hortzak tinkatu ditut. Adituek estimatzen dute pobrezian bizi den edonork hamar urte beharko dituela krisi honetatik ateratzeko, eta aldi berean, 2020an bakarrik, munduko hamar aberatsenek beraien fortuna 540 bilioi dolarrez emendatu dute, COVIDari esker.

Zonbiak dantzan gizatasuna albo batera utzita, banpiroak lagun, bizidunon odola xurgatzen azken tantaraino; hauek dira albistegien lerroburuak. Baina gogoratzen dut Guillermo, eta nire haurtzaroa elikatzen duen antzerkia. Hau dena eskaintzen digute: leihoa, ostatua, hitza eta euskara. Izuaz eta izozteaz babesteko, banpiroen aurkako baratxuria baino indartsuago zaizkit.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.

Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...