Birkite Alonso.
LAUHAZKA

Salbuespen egoeratik at

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Naiz irratiko Emen Gonak saiorako 2020ko euskal emakume musikarien hirugarren bilduma bukatu berri dut, eta esango nuke esperientzia oso aberasgarria izan dela; irudikatzen ez nuena, egia esan. Iazko otsailean ehunen bat emakume musikari elkartu ginen, eta, harriturik, elkarren beharra gozatzerik bazegoela jabetu ginen; lagunduta sentitu ginen.

Bildumok eginda, askoz gehiago garela jakin dut; zoriontzeko arrazoirik badugu. Izan ere, 2020an emakumeek bakarka edo taldean sortutako 70etik gora lan biltzen dituzte hiru bilduma horiek: rock, pop, rap, trap, soul, jazz, punk, herri musika... genero asko hartzen duen zerrendan. Euskal musikan hanka bat sartu dugu behintzat, oraindik errenka, saltoka, ari bagara ere.

«Nazioarteko rockaren oraina pentsaezina litzateke emakumerik gabe». Musika-kazetari ezagun eta errespetatu batek adierazi berri du sare sozial batean, eta hainbat talde entzutera gonbidatu gaitu. Zirrara batek zeharkatu zidan gorputza, luzaroan gogoetagai duzuna beste batek adierazten duenean sentitzen duzun euforia sentsazio horrek. «Azkenean, norbaitek esan du, eta ez da edonor», pentsatu nuen. Berehala batu zitzaizkion hainbat gizonezko tertuliakide, emakumeen musika proposamenak entzuten denbora daramatela esanez, hainbat adibide emanez.

Aspaldian nerabilkin ideia mamitu zitzaidan: emakumeek egindako musika modu orokorrean baloratzen hasiak dira, eta ez banaka, orain arte bezala. 70eko hamarkadatik hona, emakume musikari jakin batzuk jarraitu dituzte gizonek, eta orain gutxi arte ezagutu dugun maskulinitateak aldarea eraiki die, esango nuke, haiek aldare horren beharrik ez bazuten ere: Janis Joplin, Patti Smith, PJ Harvey... aipa genitzake; etxean, berriz, Anari, Ainara Legardon, Sorkun... Salbuespen gisa antzematen zirelakoan nago, eta ez kolektibo edo talde baten zati bezala. Gizonezko bakarlari bat jarraitzen dugunean ere ez dugu kolektibo batean sartzen, baina ziurtzat jotzen da talde nagusiaren parte dela.

Alegia, lan editatuak eta kalitatezkoak dituzten emakumeen kopuruak gora egiteak, azkenean, kontuan hartu beharreko kolektibo orokor horren barruan sartzen gaituela adierazten hasia da. Badirudi estatus moduko bat hartzen ari garela, pasabide bat, gizonak bezalakoak izateko beharrik ez dugula adierazten duena. Musikariak gara, emakume izanda musika egiteagatik, eta ez musika egiten duten emakumeak izateagatik. Oraindik ere bertoko zein nazioarteko eszenaren entzule eta kudeatzaile nagusiak direnak hortik baloratzen hasi zaizkigulako susmoa daukat.

Nik bost urte daramatzat nagusiki emakumeak entzuten (hogei urtez egin ez nuena) eta zerbait berria dakarkidalako egiten dut. Rockaren egungo egoera emakumerik gabe pentsaezina izatearen baieztapen horren oinarria dena, hain zuzen ere, nire ustez. Kontua da txanda hartzen ari garela, gizonek egin dutena berregiten ari garela, eta nolabait desberdin egiten dugulakoan datza desberdintasuna. Arrazoia agerikoa da: bere garaian egin zenean, gutxi batzuk baino ez zeuden barruan, gehienek ez zuten harremanik rockarekin edo mainstream ez zen beste edozein generorekin bere logelatik, bere intimitatetik harantzago. Faktore sozialek ez zuten laguntzen, emakumearen identitate soziala ez zegoen orokorrean lotuta musika sortu, jo, grabatu eta saltzearekin. Beste genero eskuragarriago batzuetan, agian, bai, baina ez rockean edo antzekoetan.

Hortik ondorioztatzen da gizonen eskuetatik heldu zitzaizkigun eraginak garatzen ari garela orain, eta, kasu askotan soinuaren eskema bera errepikatzen ari bagara ere, modu ezberdinean dela, egia esan. Hori beste generoetara ere hedatzen da; ez da gauza bera, adibidez, Basuren rap bat entzutea edo antzinako Selektah Kolektiboarena; ezta JMartinarena edo edozein trap abesti ere, gizon batek egina. Ez da gauza bera Mice eta Joseba B. Lenoir bakarka entzutea, eta esango nuke beren tandemaren originaltasuna haien arteko desberdintasunean datzala, haien esentzia ezberdinetan.

Testu hasieran aipatu dudan kazetari horri erantzun nion aspaldian utzi diodala sudur aurrean jartzen didatena entzuteari, gizonezko taldeak bereziki. Jakina entzuten jarraitzen dudala—bakarlariak gehiago agian— baina salbuespenak direla, etabuelta eman diodala eszena guztiz maskulino batean emakume gutxi entzuten nueneko garaiari. Niretzat, gizonezkoen lanak dira salbuespen orain.

Zergatik aukeratzen ditudan emakume musikariak? Ez bakarrik nire generoari dagokionez hazten laguntzen didaten hitzak sortzen dituztelako, baizik eta beren ahotsetan, sortzeko moduan, gizonen sormenean orain erraz aurkitzen ez dudan esentzia iradokitzen didatelako. Edo, agian, gizonengandik ikasi behar nuen guztia ikasi dudalako eta emakumeengandik ikasteko garaia heldu delako...

Azken 30 urteetan entzun dugun rock, indie, shoegaze, punk, post-punk edo poparen eskemak errepikatzen ari bagara ere, esango nuke haiek berpizten ari garela. Berritasuna emakumea bera da, azkenik onartua izan dena.

Salbuespenak izateari utzi eta hanka bat barruan dugula pentsatu nahi dut. Ea biak sartuta zutitzerik daukagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.