Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Ez gara deus (goxotasunaren kontra)

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Gorroto dut goxo adjektiboa. Ez dakizue zenbat. Amorratu egiten nau. Norbaitek «goxo» deitzen didanean zaplazteko bat emateko gogoa sartzen zait; oihu egin eta mingaina ateratzekoa. Zergatik? Tira, istorio luzea da, eta ez bakarrik nirea. Hemen dituzue goxotasunaren kontra egotera bultzatu nauten hainbat momentu:

Bat. Kuadrilako hiruk herriko bertsio-gauean parte hartu dugu. Bestela ere presentzia maskulino gehiegizkoa duen eszenatokira igo gara gitarra elektrikoa, bateria eta teklatuarekin kanta bat jotzera. Jaitsi garenean, gaua dinamizatzen ari zenak eskerrak eman dizkigu mikrofonotik «gauari ukitu goxoa emateagatik». Eta nik pentsatu dut, «Besteek Motorhead eta halako talde gogorragoak bertsionatu bitartean, guk Cat Power jo dugu, joder».

Bi. Bertsio-gauean parte hartu duen beste neska taldeak «Neskak Psilocybera!», aldarrikatu du beren kantan. Bi aukera dauzkagu, beraz: goxotasuna edo erreibindikazio feminista.

Hiru. La Polla Recordsen No somos nada dokumentala ikusten ari naiz. Irudietan, estadioak eta aretoak ageri dira jendez lepo. Evaristo bere haserrea okatzen ari da, eta jende andana dago berekin batera oihuka: bere amorrua eta haserrea edan eta partekatzen. Konturatu naiz gizonen haserrea unibertsala dela eta nirea ez dela sekula izango: gu bai ez garela deus. Nik ahots goxoa daukat, kanta goxoak abestu behar ditut, gauari ukitu goxoa eman, eta gu guztion amorrua esateko ardura beste batzuei dagokie.

Lau. Euskadi Irratiko esatari gizonak dio «euskal emakume bakarlarien iraultza» gertatzen ari dela gurean. Aitortza horren atzean tranpa bat dagoelako susmoak hartu nau. Iraultza horren harira aipatu dituen emakumeetako bakoitzak proiektu berezi eta bakarra du (nahiz eta gehiegitan parekatzen dituzten); baina musika mota konkretu bat egiten dute, atsegina, eta formatu konkretu batean aritzen dira, bakarlari gisa, horrek guztiak dakarren esposizio-maila eta presioarekin. Arreta ematen dit hedabideek emakume musikarien kasuan bultzatzen duten eredu konkretuak. Kasualitatea ote? XX. mendeko euskal emakume artisten inguruko tesia egiten ari den lagun bati nire kezka aipatu, eta esan dit berak ikertutako emakume askok loreontziak eta zeramika egiten zituztela, hori baitzen emakumeei zegokien arte-arloa, fisikoagoa zen eskulturagintza ez bezala, esaterako. Joder, loreontziak egitea gaizki dago orain?

Bost. Garai bertsuan, jarrera probokatzailea agertzen duten gizon musikariei jenial eta iraultzaile adjektiboak atxikitzen zaizkie. Egiten dutena ondo dagoen arren, ez dut oso ongi ulertzen zergatik duten besteek baino espazio gehiago. DBH eta Batxilergoko klasekide mutilek haien lotsagabekeriari esker okupatzen zuten espazio gehiegizkoa dut gogoan. Lekua edukitzeko hartu beharreko jarrera hori bazen, zergatik ez dut nik hartu? Ziur asko ezberdin irakurtzen zaigulako emakumeei probokazioa, feministen kontuak balira bezala, eta ez iraultza musikal unibertsal gisa.

Sei. Lagun batek liburu bat atera behar duela-eta, zuritoaren bueltan aitortu dit idazketa prozesuan zehar zalantzan jarri duela bere ahots propioa, gogortzen saiatu dela, eta gizonen onespena bilatzeari uztea oso zaila egiten zaiola. Nik esan diot gauza bera gertatu izan zaidala askotan, nire ahots (literario nahiz fisikoa) ukatzeraino, badakidalako beste ahots mota batzuei ematen zaiela autoritatea. Gure energia gai feministak lantzera bideratze horretan ere tranpa dagoelako susmoa dugu, berriz ere, partikulartzat jotzen dena landu artean, beste batzuek mundua taxutzen dutelako. Etxera iristean pentsatu dut gu onetsi gaitzaten nahi dugun horiei gizon-cis-hetero faktorea kenduta, ez direla horrenbesterako.

Zazpi. Gai honi buruzko artikulu bat idatzi nahi dut, baina ez dut nahi kasketa feministatzat har dezaten, ez dut nahi mainati agertu. Azkenean, pentsatu dut badudala garaia espazioak niri sudur puntan jartzen zaidan bezala okupatzeko. Eta nik Cat Power abestu nahi dut, eta ez Motorhead, ostia.

Laburpena: Goxo, hunkigarri eta intimista bezalako hitzak gutako batzuon kultur sorkuntzak partikularizatu, gutxietsi, eta ghetto konkretu batera mugatzeko tresna gisa baliatzen dituztelako nago goxotasunaren kontra. Baina era berean, uko egiten diot beste baten ahotsa hartu edo imitatzeari serio har nazaten, nik eta beste hainbat eta hainbat emakumek esan behar duguna oso partikularra delako, edozein gizonen haserre, adimen edo lotsagabekeria performatua bezain (zer dira punteo sasibertutetsu konbultsionatu horiek, edo txio superintelektualak, performance hutsa ez badira?).

Era berean, ez dut nire burua sekula punkzaletzat izan, baina duela gutxi utzi zidaten Vivien Goldman-en Revenge of the She-Punks liburua (gaztelaniaz, La venganza de las punks; euskaraz, Punk-emakumeen mendekua), eta ikasten ari naiz. Ez nabil mendeku bila, baina agian jendearen adjektiboak jartzeko erari kontra egiten hasiko naiz. ADJEKTIBO BAKARRAREKIN EZ DA NAHIKOA. Ulertzen da? HORRELA BADIOT ULERTZEN DA? Gu bagara ezer, joder, GU BAGARA EZER.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.