Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Txispun

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Larrialdi egoera bertan behera geratu zen eguna zen, duela bi hilabete pasa. Irratia piztu nuen goizeko 8etan, eta esataria harrapatu nuen «Zeinen ederra den, ezta?» hitzak ahoskatzen. Agerikoa denez, Zetak taldearen kantua jarri zuten jarraian. Pandemia amaitua zen, eta abesti horrek zentzua zuen azkenean. Txispun. Hala bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila bi hilabete geroago beste larrialdi egoera batekin plazan. Hara, errealitatea ez da egokitu kantu eta narrazioen parametroetara. Tatxan!

Pandemia hasi zenetik asko harritu (eta larritu) nau fikzioaren printzipioek hartu duten garrantziak. Larrialdi egoera ezarri zenean (ez bada lehenago) ekin genion gure buruari ipuinak kontatzeari: 15 egun izango dira, asko ikasiko dugu, mundua aldatuko da... Nik neuk, musikalekiko dudan zaletasun amorratuarekin La La Land filmeko lehenengo kantuan bezala imajinatu nuen nire burua kalera ateratzen, Another Day of Sun, beste eguzki egun batez. Politikariek ere estrategia bera baliatu zuten, ondo baitaki diskurtso politikoak fikzioa (eta horren ondoriozko epika) baliatzen: «Normaltasunera itzultzen garenean...». Txispun efektu hutsa.

Fikzioan funtzionatzen duten arauak errealitateari aplikatzen hasi ginen, amaiera koherente baten bila, horrela gertatzen zena kontrolatu genezakeelakoan. Baina, hara: errealitatea munstro handi eta ulertezin bat da, bilduezina: ezin da kabitu Propp-en pertsonaia-arketipoetan edo hiru aktoko arauan. Gu ez gara garapen arku aurrezarri bat duten heroiak, eta ez, agian ez dago esangura pertsonal handirik honetan guztian.

Era berean, autoipuinak kontatzeko fenomeno hori bat etorri da edukien eztanda absolutuarekin: orain, gauzak bizi baino, ikusi egiten ditugu Interneteko plataformetan. Edo are okerrago, uste dugu gauzak ez zaizkigula gertatzen ari, plataformetara begira gauden artean jazotzen direlako. Bai mundu berria.

Azken urteetan sona handia hartu dute Black Mirror (Ispilu beltza), Neskamearen ipuina edo Artxipelagoa bezalako zientzia-fikziozko lanek. Aro erabat distopikoa bizitzen ari garen honetan, zergatik funtzionatzen dute berauek? Bi arrazoi nagusi topatu ditut: 1) Gurea ez den beste errealitate (itxuraz) gordinago bat erakusten digute. 2) Errealitate horrekiko distantzia bat ezartzeko aukera ematen digute, hau da, babestu egiten gaituzte jasanezina litzaigukeen sufrimenduarekin enpatizatzetik. Hara, agian hori da bizi dugun horri fikzio-parametroak aplikatzearen arrazoia: fikzioak babestu egiten gaitu minetik; sinetsarazten digu logika bati erantzuten diola, eta, beraz, baduela koherentzia narratiborik. Munduaren krudelkeria beti alboko gelan gertatzen dela, eta guri ziur asko ez zaigula gertatuko.

Babes hori oharkabean ezabatzen joaten den telesail bat ikusi dut aurten, Years and Years (Urteak eta urteak), ikuslea posizio erabat zaurgarrian ipintzen duena. Etorkizun hurbilean kokatuta dago, Erresuma Batuan, Black Mirror estiloan, baina pertsonaien errealitatea klase ertain normal samarrekoak garenongandik oso-oso gertu dago eta agertzen diren gaiak aski ezagunak zaizkigu: eskuin-muturreko politikariak, migrazio-krisia... (Ez baduzu telesaila ikusi eta ikusteko asmoa baldin baduzu, paragrafo honen amaieraraino spoiler-ak dituzu). Horrez gain, telesailak gordin-gordin agertzen du indarkeriaren ausazkotasuna, eta subjektu zuri mendebaldar ustez babestua du albo-kalte biolentziak. Pertsonaietako bat errefuxiatu batekin maitemindu eta harekin batera saiatzen da Mantxako kanala gurutzatzen, itota hil aurretik. Lehen aldiz, gorputz zuri bat ikusi nuen hondartza batean botata, plastikozko botila huts bat balitz bezala. Erabat mingarria egin zitzaidan irudia, jasanezina, eta erabat babesgabe sentitu nintzen. Lehen aldiz, ni izan nintekeen.

Hau guztiau irakurri ostean, egongo da esaten duenik esperantzari lekurik ez diodala utzi zutabe honetan. Zer nahi duzue, azaroa da, ordu aldaketa terriblea da, hotza egiten du, goizegi iluntzen... Nik badakit jende askorentzat helduleku izan dela fikzio-parametroen araberako pentsamendua errealitateari aurre egiteko. Niretzat ere hala izan da egun batzuetan. Baina uste dut egun hobeen promesa itsu-itsuak; txispun esan eta min ematen digun hori amaitu edo desagertuko dela pentsatzeak; krudelkeria albokoari, gu bezalakoa ez den horri soilik gerta dakiokeela sinesteak anestesiatu egiten digula enpatia, eta ez gaituela ekintzara bultzatzen.

Brecht-en «urruntze efektua» edo Aristotelesen katarsiaren teoriak aipatu behar nituzke hemen agian, biek ere hausnartu baitzuten babes-distantzia horren inguruan, nahiz eta akaso termino hori ez baliatu. Baina oraindik ez dakit egungo eduki-saturazioaren testuinguruan distantziak salbatu edo deuseztatu egiten gaituen, eta beraz, ez ditut lozorrotik esnatuko izen potolo horiek.

Distopia, utopia eta errealitatea elkarrekin bizi dira gurean. Bereizten ote ditugu irudi errealak eta fikziozkoak? Benetako mugetan hildakoak eta gezurretan itotakoak? Munstroarekin fikziorik gabe bizitzen ikasi nahiko nuke, bestela dena irentsiko du, guk Hurrengo kapitulua botoiari sakatu artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.