Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Azokari buruzko azken zutabea

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Badira hamazortzi urte zutabeak idazten hasi nintzela. Ez pentsa zaharra naizenik, kontua da oso gazte hasi nintzela, umetan ia, hanka bat umetokian oraindik egiatan. Prentsan tokitxo bat lortu aurretik, gainera, banuen eskarmentua blogen munduan, eta bertan ere egunerokotasunari errepaso freskagarri eta zirraragarria egiten nion erregularki. Honekin, nire gaztetasun eta talentuaren berri ematearekin batera, esan nahi dut askotan izan dudala Durangoko Azoka publikoki hizpidera ekartzeko aukera, Gabonak, futbol kopak eta inflazioa askotan hizpidera ekartzeko aukera izan dudan bezalaxe. Oraingoan, egia esanda, ez nuen egin nahi, zerbait original eta berriaz jardun nahi nuen. Baina Lauhazka hau Azokaren azken egunean argitaratuko denez, ez dut beste irtenbiderik ikusten. Badaude unibertsoaren lege aldaezinak eta hobe dugu onartzea. Durangori buruz iDAtzi beharra DAgo, bestela pentsa DAiteke euskal kulturaren gertakizun mundialari ez dioDAla merezi duen arreta jartzen.

Baina gauzak zer diren, nire artxiboetan begiratuta, konturatu naiz Durangoko Azokari buruz esateko nuen guztia, dagoeneko esanda dudala. Hamazortzi urte izan dira idazten eta idazten —hogei urte, blogen fasea kontuan hartuta—, zer nahi duzue. Idatzi ditut zutabe triunfalistak, gora gu ta gutarrista samarrak. Nostalgikoak ere bai, gurasoekin txikitan Azokara joaten nintzeneko garaiak gogora ekartzekoak. Standaren barnealdetik bizitzen diren hamaikatxo anekdota zoroei buruzko zutabeak ere egin ditut, batzuk beste batzuk baino dibertigarriagoak. Liburu berririk atera ez eta sinatzen ibili ez naizen urteetan, standaren beste aldetik bizitzen diren kontuak zerrendatzeko zutabeak ere egin ditut. Kontatu ditut nire momentu gorenak: behin Gorka Urbizu gerturatu zitzaidan, nire lehenengo liburua asko gustatu zitzaiola esateko. Kontatu dut zenbatetan konfunditu nauten Uxue Alberdirekin, eta zenbatetan Karmele Jaiorekin. Tarteka, kritikoago ere jarri naiz, gure ekitaldi handiari falta zaiona azpimarratu nahian. Ez bazenuten orduko hartan irakurri—hamar bat urte pasa direla kalkulatzen dut—, hitz bakar batean laburtu dezaket nik ikusten nuen eta oraindik ikusten dudan gabezia nagusia: festak. Festa asko, kultur jendea nahasteko, intoxikatzeko eta are elkar igurzteko balioko dutenak, behin Landako guneak ateak ixten dituenean. Legenda askoren iturburu eta lehen mailako material literarioa eskainiko duten festak, esan gabe doa.

Zutabe pandemikoak egon dira —gezurretan nabil, txio penagarri bat baino ez zen izan 2020ko hura—, zeinetan esaten nuen dagoeneko online dendan erosketa eginda nuela eta animatzen zen edonor Palentinon pote batera gonbidatzeko prest nengoela (emoji tristea gero). Durangoko ifrentzua izeneko zutabea ere ezin dut oraingoan egin, arraioa: aste honen hasieran bertan ETBko ekipo bat izan nuen lantokian erreportaje bat grabatzen, konta nezan, kameren aurrean, ze gogorra den sortzailearen bizitza eta zenbatek behar dugun beste lanbide bat fakturak ordaindu ahal izateko.

Antzeko gauza bat gertatzen zait Durangora joateko aukeratu beharreko outfit-arekin. Hau ez da tontakeria instagram garaietan, barkatuko didazue. Baina uste dut dagoeneko look guztiak probatu ditudala. Idazle serioaren irudi gris eta aspergarria, gaztetan. Eskotedun itxura sexy ustezkoa, alabari titia ematen nion garaian (noiz bestela). Praka malguak eta berokia ezin itxita azaldu nintzen behin, semeaz erditzeko hiru aste geratzen baitzizkidan 2016ko azoka hartan. Piura makarrago bat ere saiatu dut tarteka, animal print-ez jantzia eta plastikozko whisky baso batekin publiko aurrean agertu nintzenean bezala. Iaz musukoa eta guzti ibili nintzen liburuak sinatzen, ezpainak margotzeko beharrik gabe.

Dena bizi izan dut, dena probatu, denetariko look-ekin agertu naiz instagramen, whisky asko ezkutatu ditut liburuen artean. Pentsa nire lehenengo liburuarekin, 2007an, jo nuela goia (Gorka Urbizuren zorion mezu hura), eta ordutik momentu hura berritu nahian ibili naizela patetikoki.

Testu honi hasiera eman diot aldarrikatuz ez naizela zaharra, eta hurrengo lerro guztiak dedikatu dizkiot frogatzera baietz, zaharra naizela, ezer berririk ezin nauela harritu eta, okerrago dena, ez dudala ezer berririk eskaintzeko. Gauza bakar batek aterako ninduke asperdura eta déjà vu sentsazio honetatik. Asmatu dezakezue? Horixe bera. Festa batek. Edo festa askok, zergatik ez. Kultur jendea nahasteko, intoxikatzeko eta are elkar igurzteko balioko dutenak, behin Landako guneak ateak ixten dituenean. Hasiko naiz ni neu rave segida hori antolatzen, ikusita orain dela hamar urteko nire proposamen-zutabeak ez zuela arrakasta handirik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.