Gauza bat esan behar dizut: ez da zure errua. Listo. Hori entzuteko premia bazenuen, ez duzu zertan artikulu osoa irakurri. Gera zaitez behar duzunarekin, egin ihes ñabardurei inolako lotsarik gabe, horoskopoa irakurtzen duzunean bezala. Tori mezua, hartu nahi duzun moduan: errua ez da zurea.
Hori bai, irakurtzen jarraitu baduzu, esango dizut kultura sortzen duten pertsonak nituela gogoan esaldi hori idazterakoan; gazteak bereziki. Eta batez ere, esango dizut liburu konkretu bat irakurri ostean idatzi ditudala lau hitz horiek («ez-da-zure-errua»), Remedios Zafraren El entusiasmo: Precariedad y trabajo creativo en la era digital (Entusiasmoa: Prekaritatea eta sormen-lana aro digitalean), eta liburuak ardatz duen hitzari tiraka heldu naizela honako hau idaztera.
Lehenik eta behin, aitortu nahi nizuke hitzak berak liluratuta naukala: En-tu-sias-mo. Barrua pizten didan zera hori baita. Idaztera naramana. Kantu bat behin eta berriro jotzera edo entzutera bultzatzen nauena. Gorputza mugiarazten didan hori. Su, kar, gar. Ahoa betetzen didana, silaba guztiekin, sinonimo guztiekin, eta eskaintzen dizkidan aukera guztiekin. Izaera ere ematen dit, entusiasmoari buruzko liburuak oparitzen dizkidaten lagun entusiastez inguratutako pertsona entusiastatzat dudalako neure burua. Pertsona alai eta jasanezin bat imajinatu baduzu, hitza gehiago zukutu dezakezu oraindik. Gauzak sortzeko gogo bizi eta zorrotzek bahituta dituzten pertsonak dira entusiastak, gogo horren alde iluna ekidin ezin dutenak.
Nik neuk aspalditik nion igarria entusiasmoari ifrentzua, eta neure buruari joera: denbora luze eman dut neure buruari leporatzen bide guztiak hasi eta bat ere biribiltzeko gaitasunik eza; buruan nituen proiektuak ke bihur zitezen uztea; jakintza nahikoa ez izatea; lehiaketa honetako eta hartako epemugetara ez heltzea, eta, aldi berean, lehiakortasunaren logika elikatzea; enkargu eta boloen aurrean baldintza ekonomiko duinak ez defendatzea; gainerakoekin hiperkritikoa izatea; nire jarduna kategoria bakarrera mugatu nahi ez izatea. Aukera guztiak eskura mantendu nahi izatea, baina ukitu gabe.
Izan ere, entusiasmoa bizi datorrenean konpultsiboki sortzen dut, baina berehala diluitzen da indarra pixel, epemuga, estres eta whatsapp artean. Bulkadarekin batera itzaltzen zait entusiasmoa, eta kulpa dator gero: energia bizi eta garbia bihurtzen da bizkarra makurrarazten digun zama.
Horren epe luzerako ondorioak ez nituen identifikatuak liburua irakurri arte, ordea: geroratu egiten dudala sorkuntza, bizitza sortzaile hori, iritsezin bihurtzeraino. Zafraren hitzak irakurri ostean ohartu naiz entusiasmoa behazun bilakatua zitzaidala barruan, korrosibo. Eta ez zela kasualitatea. Eta ez naizela bakarra. Idazlearen arabera, kapitalismoak instrumentalizatu egin du sortzeko dugun gogoa, entusiasmoa; bereganatu egiten du. Are gehiago, sistemak entusiasmoa eragiten digula dio (entusiasmo inducido), gero hartaz baliatuz bere mekanismoak iraunarazteko erabili: abiadura azkarrak, baldintza ekonomiko kaskarrak, eta sortzaileek pozik egon behar, plaza bat eskaini dietelako, agortu arte datorrena onartzen. Emaitzak, emaitzak eta emaitzak. Hori da garrantzitsua. Ageriko emaitzak, erosgarriak: argazki bat Instagramen, beste bideoklip bat eta beste bat, liburu bat eta hurrengoa. Gure gogoak, hain aratz eta errugabetzat ditugunak, lehiaketa, irudi hutsal eta pixelen logikan sartzen dira, eta sistemaren trikimailuei men egiten diete: kontsumogai huts bihurtzen da egiten dugun kultura, beste edozein salgai bezalakoa, eta galdu egiten du bere potentzial eraldatzailea, inertzian barrena.
Baina «inertzia ez da pentsamendua (...) Etengabe konektatuta dagoen mundua ez da mugitzen kontzientziaren arabera, baizik eta irudipenaren arabera. Arriskuan dago arreta, deseroso suertatzen baita, beste ikuspegi batzuk dakartzalako». Sistemak irudia saritzen du, emaitza, eta askotan aurkitu dut neure burua irudirantz bizitzen, irudiari begira. Erakusteko produzitzen eta ez egiteagatik egiten. Eta uste dut sakontasuna azken horretan dagoela, sistemari interesatzen ez zaion sorkuntza eta denbora geldian.
Puntu honetara helduta, uste dut jada birformulatu dezakedala hasierako esaldia, eta zuei ñabardura guztiekin eman: sortzeko denbora, espazio, baliabide nahikoa ez edukitzea ez da zure errua. Sistema lehiakor honen arauek harrapatu eta agortu bazaituzte inoiz, ez da zure errua. Niri ere behazun zaporea datorkit sarri ahora.
Errua bai, baina ardurarik ez dizut kenduko, ordea. Hau horoskopo bat izanda ere, bere inkoherentzia eta mezu nahasgarriekin, esan dizudan guztiaren baitan zeure burua kokatu eta autodiskurtsoa eraikitzea zure kontua da orain. Testu bakarrak nola eragin diezaieke pertsona desberdinei horren modu desberdinetan? Lasaitu itzela izan da ohartzea arazo antzeratsuak bizi ditugula gutako askok, gaitz kolektibo bat direla arretaren galera, lehiaren igoera, irudien kontsumo azkarra eta beste hainbat afera saihetsezin. Eskerrak erremediorik baduen behazunak, entusiasmoak ez duenez gero. Zorionez.