Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Aurpegiaren balioa

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Wikipediak dioenez, Espainiako Senatuak Mari Puri Herreroren mihise bat aukeratu zuen Felipe Borboikoaren eta Letizia Ortizen ezkontza-opari instituzionala izateko. Ez zen jaso zuten bakarra izan.

Espainiako Gobernuko presidenteak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok, eta bere emazte Sonsoles Espinosak, Rafael Canogarren eskultura bat oparitu zieten. Eurena ote zen?

Gasteizko Udalak, Xixongoak, Granadakoak, Sevillakoak, Bartzelonakoak, Kanaria Handiko Las Palmasekoak, Teruelgoak, Murtziako Gobernuak, Kataluniako Generalitateak... Erakunde publiko askok oparitu zieten artelanen bat.

Nafarroako Gobernuak Juan Jose Akerretaren mihise bat oparitu zien; Eusko Jaurlaritzak Eduardo Txillidaren Beltza I, 1969ko xilografia bat.

Asier Mendizabalek hauxe zioen, Balio Faziala lanean: «Arteak maiz jardun izan du transakzio diplomatikoetan truke-balio aparteko moduan. Agintarien arteko protokolozko opagaietatik, ondareak, espoliazioak, maileguak edo erakusketen ibiltaritzak dakarten negoziazio konplexuetara».

Ederra da nola ematen den informazioa. El Correo-k titular hau ekarri zuen urriaren 4an: «El Rey disfruta en el Bellas Artes». Albistean Iñaki Estebanek nabarmentzen zuen bi umek jarri zutela nota sinpatikoa, erregerengana hurbildu baitziren lehendabizi «amen zaintzari» (sic) iskin eginda, eta gero poliziarenari. Umeak, noski, ez ziren aitzakia besterik Espainiako armadako buruaren gizatasuna goraipatzeko: «Erregea makurtu egin zen umeen parera jartzeko», eta umeen hitzak gero, letra lodiz: «Esan digu museoa barrutik ikusi behar dela, ez kanpotik bakarrik».

Albisteak hala jarraitzen zuen: «Bilbora egindako bisita aprobetxatu zuen Felipe VI.ak parkeko pinakotekara hurbiltzeko, justu eraikin zaharreko gela eraberrituak eta bildumako 300 lan alfabetoko hizkiekin hasten diren hitzen arabera ordenatu dituen erakusketa aurkeztu eta biharamunean». Bai parean tokatu erregeri! Errege hitza ez da hasten alfabetoko hizki batekin?

Kazetariaren arabera, hainbat une goren izan zituen bisitak, D hizkiarekin hasten den Desioa gelatik hasita. Atentzioa eman omen zion Zuloagaren Noailleseko kondesa lanak. Eta hantxe tokatu argazkilariak une gorena harrapatzeko. Albisteak argazki galeria bat zekarren, hamalau argazkirekin: ez da erregea bakarrik ageri, baina erregea guztietan agertzen da.

Hauxe aukeratu dut azkenean. Argazkia bikaina da: garbi, ondo ikusteko moduan, oraina, gizona, 2018ko urriaren 3a Bilbon, Espainiako Erregea Arte Ederren museoan koadro bati begira, ikusleari bizkar emanda baina ez erabat, ikuslea ere sar dadin, jar dadin bere ondoan. Atzean, lauso, desenfokatuta, iragana, emakumea, Anna Elisabeth Bibesco-Bassaraba printzesa, ezkontizenez Noailleseko Anna, Noailleseko kondesa, idazlea izanagatik modelo lanetan jarria Goyaren edozein biluzitarako bezalaxe, Ignacio Zuloagak pintatua.

Zer ikusten ote du Felipe Juan Pablo Alfonso de Todos los Santos de Borbon y Greciak koadroan? Arte bilduma polita edukiko du, kulturaz jantzia egongo da; zer ote daki Zuloagaz?

Arestian aipatu esaldiaren aurretik, hauxe dakar Asier Mendizabalen Balio Faziala lanak —bai parean tokatu ere—: «Völkischer Beobachter egunkariak 1939ko uztailaren 6an, bere hirugarren orrialdean argitaratutako argazkiak irudikatzen zuen gertakizun hutsala nahasgarri gerta dakiguke. Nazionalsozialismo germaniarraren organo ofizial zenak, egun hartan, kantzelaritzaren gela batean hartutako irudi bat erakusten zuen. Bertan Hitler fotografiaren ezker muturrean, hiru lagunekin solas arinean, argazkiaren eskuin muturrera begira dago, arretaz. Eskuin muturrean, hiru laguntzailek koadro bana heltzen dute, agintariaren begiradari zuzenduak. Argazkia laguntzen duen ohar txikiaren izenburuak argitzen du, garaiko tipografia gotiko hanpatuan, gertakariaren zioa: Franco jeneralaren oparia Führerari. Agintari germaniarrari eskainitako hiru margoak ez dira ikusten argazkiaren enkoadraketak behartzen duen eskortzoaren kausaz, baina notatxoak ematen digu haien deskribapen bat: 'Nekazari espainiar bat paisaia bat atzean duela' bata, eta 'Espainiar neskato batzuk bere jantzi tipikoekin' beste biak. Paisaia eta tipo folklorikoak Ignacio Zuloaga pintore eibartarraren koadroak dira, generalisimoak Germaniari oparituak Espainiako Gerra Zibilean alderdi nazionalari emandako laguntzaren ordainetan».

Ba ote daki Zuloaga zela Francoren pintore kuttuna?

Batzuk akordatuko zarete: 500 pezetako billeteetan agertzen zen Zuloaga, bere txapel eta guzti. Euro billeteen azterketa egin eta Zuloagarekin amaitzen da, azkar eta gaizki esanda, Asier Mendizabalen Balio Faziala.

2015ean Espainiako Fabrica Nacional de Moneda y Timbrek 200 euroko balio fazialeko txanponak atera zituen, alde batean Felipe VI.aren aurpegia zekartenak, eta beste aldean usoa, 70 años de paz leloarekin. Europako programa baten baitakoak ziren, Bigarren Mundu Gerraren amaiera ospatzeko.

Zalaparta sortu zuen txanponak, diktadura baten azpian bizitakoa bakea ote den galdetu baitzuen jendeak.

Nik bestela ikusi nuen: gerra egin diegu, eta ez dira enteratu ere egin.

Ez gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.