Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Komunitatea

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Gabriel Arestik idatzi zuen hau, 1963an, Zeruko Argia aldizkarian: «Bertsolari gutxi dagoen lekuan eta denboran, bertso kaskarrak, eskasak (...) egiten dira». Haren esanetan, horren adibide ziren hastapenetako Mattin eta Xalbador, adibidez, hasieran nahiko bakartuta omen zeudelako. Ez zuketen bertsolagun askorik haien inguru hurbilean, eta geroago, gehiagorekin elkartzen hasi zirenean, gora egin omen zuen haien mailak. Arestiren hitzak berriro: «Etxahun zaharra [Barkoxeko Pierre Topet] ere oso aldrebesa zen bertsoak egiten. Zergatik? Bere mendean [XVIII-XIX] hura zelako Zuberoako bertsolari bakarra, edo ia bakarra». Aldrebesa zela esatea ez dakit bidezkoa den ala ez, baina nik askotan pentsatutakoa konfirmatzen duen adibidea lekarke haren usteak: nahiko bakarrik dagoen bertsolariak ez du bertsolari bezala guztiz garatzeko aukerarik izango. Bertsolari bezalaxe esan dezaket artista, eta hala egingo dut hemendik aurrera.

Artista bezala ahalik eta gehien garatzeko, behar adinako bizitasunez bizi beharko dugu egiten ari garen hori. Beharrezkoa izango da lana, baina hori baino lehenago, ezinbestekoa da gozatzea, eta horren ondorioa litzateke lan asko egitea. Gozamenik gabe erraz agertzen baitira nekea edo gogorik eza. Eta uste dut gozatzeak baduela zerikusirik, beste inoren espektatibak betetzen ibili ordez, norberak emateko daukana emateari beldurra galtzearekin. Ez dira lan errazak: gozamenari eustea eta beldurra galtzea. Horiek baino errazagoa litzateke adibidez lan errutina bat jarraitzea eta ekoizle efikaza izatea. Baina litekeena da horrela ezer benetan interesgarririk ez lortzea, atzetik irrikarik ez badago. Horretarako dira beharrezkoak artearen eremuko lagunak —artistak batzuetan, edo haren inguruko ikerlariak, oso zaletuak edo oso barrutik bizi dutenak—, irrika hori elkar kutsatzeko. Bestela, gerta daiteke asko axola zaizkigun gauzak huskeriak direla pentsatzea, eta, hala, horiek ahal bezainbeste garatzen ez saiatzea.

Dena ez da elkarrekiko sostengua, hala ere. Hamaika arrazoigatik sor daitezkeen arazo, desadostasun eta desoreka arruntez gain, bizi garen gizarteak bata bestearen kontrako lehian jartzen gaitu. Eta gehien lagun gaitzakeena geure eremu bereko norbait izan daitekeen bezala, geu izan gaitezke geure eremuko horiek gehien larrutuko ditugunak ere. Testuinguruaren arabera, erraz ager daitezke hierarkiak, bakoitzaren markaren balio sinbolikoaren jokoa, eta abar. Sakoneko geruza batean, partida bat jokatzen dela dirudi batzuetan, eta deserosotasuna dakar askotan.

Marina Garcesek bere filosofia ikasle gazteei gutun bat idatzi zien 2012an, eta arau edo aholku zerrenda bat sartu zuen bertan, Corita Kent artistak bere ikasleei emandakoen eredua jarraituz. Hona Garcesen aholku horien artean lehena: «Bila ezazu axola zaizuna, eta har ezazu axola zaizun hori helburu modura, bere horretan. Instrumentalizatzen duzun guztiak zeu instrumentalizatuko zaitu azkenean». Lehen aipatu dut nolakoak izan daitezkeen bere jardunean artistak landu beharrekoak: gozamenari eutsi, beldurra galdu... Badira horiek bere horretan nahikoa helburu. Gero, egindako lanari ikusgarritasunen bat ematea pauso garrantzitsua da; lana benetan amaitutzat emateko eta asko ikasteko modua. Eta beste gauza askorekin bezala negoziatu beharko da ikusgarritasun horren baldintzekin. Baina azken helburua baldin bada, norbera garatu ordez, norbere marka elikatzea, ala kosta ahala kosta ondokoa baino gehiago garela erakutsi beharra, helburu horrek instrumentalizatuko gaitu. Litekeena da gozamena galtzea, eta beldurretik hierarkiak gizentzen hastea.

Garrantzitsua da denbora eta lasaitasuna izatea, bai lanerako eta baita elkarrekin denbora emateko ere. Ikasi egiten dugulako besteekin eta besteengandik, eta, horregatik, hala beharko luke ikasketa urteetan gutxienez. Hortik aurrera ere bai, baina zail dago kontua, prekarizazioa dela eta. Garcesen beste aholku bat: «Pentsa ezazu nola irabaziko duzun dirua». Horra errealismoa: krisi sistemikoaren garaiotan, ia gauza jakina da axola zaizun hori ez dela diru iturri handia izango. Filosofia ikasleei zuzentzen zaie Garces, baina berdin izan zitezkeen arte ikasleak ere. Testuinguru ezegonkor horretan, nola lortu beharrezko egitura eta sosegua? Norberak emateko daukana emateari beldurra galtzeko, eta huskeriak ez direla pentsatzeko? Egiten duguna ez instrumentalizatzen saiatzeko? Gauzak horrela, axola zaigun horretan indarra jartzen jarraitzeko beharrezkoak dira geure eremuko lagunen arteko babesa eta zaintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.