LAUHAZKA

Autozentsura salgai

<em>Autozentsura salgai</em> (1983), Mladen Stilinovicen lana.
Autozentsura salgai (1983), Mladen Stilinovicen lana. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Gantzarain Etxaniz -

2019ko ekainak 30

Giroa zakartu egin da zeharo. Beharbada lehen ere izan dira halako beroaldiak, galerna bortitzak, itomenerainoko lamadak, gorabehera galantak, baina uda betean sentitu du bat baino gehiagok, eta berria egin zaigu bere zaharrean, bakardade ontologikoaren hotza.

Jendea lagun bila abiatu da desesperatuki, gertatzen ari zaiguna ulertzen saiatzeko hitzak eta giltzak emango dizkioten adiskideen bila, babes bila, lasai hitz egiteko giro baten behar larrian. Jendea lagun bila abiatu da desesperatuki, bere mina konpartitu nahi zuen, eta batzuetan ez du isiltasuna besterik jaso Whatsapp taldeetan. Isiltasunak luze jo du, beti jotzen du luzeegi, eta berantetsita iritsi diren hitzak, iritsi direnetan, ez dira ezer sendatzeko gai izan. Nor gero eta bere baitarago amildu da. Oihu bizian ari dira telebista guztiak batere garrantzirik gabeko gauzak esaten, nork nahi du bestelakorik gaur; hozkailuan zerbeza latak ilaran, ezagutu dugun munduaren hilotzaren ondoan. Ez dago giro zakar hau jasaterik edanari eman gabe. Esan gabe utzitako hitzek erre egiten dute barrenean. Baina ezer esateko beldurra gailendu da. Izua orokorra da bat-batean.

Entzun izan dut gazteengan geroz eta nabarmenagoa dela isiltzeko joera, beldurragatik, nork bere burua baztertzeko hautua. Ez da oraingoxea hikikomori izenarekin ezagutu genuen fenomenoa. Japoniak badaki, beste kultura bat izanagatik, kapitalismoaren baitan ugaltzen ari diren gaitzak gordinki erakusten. Irailaren 8ra arte egongo da ikusgai Madrilgo Reina Sofia museoan Tetsuya Ishida japoniarraren lana.

Madrilen bertan, Casado Santapau galerian, erakusketa ireki berria du Alain Urrutiak, uztailaren 27ra arte egongo dena. Hauxe du izenburua: The Age of Anxiety. W. H. Auden idazleak XX. mendearen erdian idatzitako poema luzeak bezala.

Bero egiten du udaran Madrilen, baina itomena ez da hainbestekoa.

Ez dakit itomen hau noiz hasi nintzen sentitzen. Jan egingo nauten beldur naiz, bizirik edo hilda. Gaizki esaka aritzea da Mexikon jendea jatea. Eta bogan dago hemen (ere) kanibalismoa.

Jendeak isiltzea erabaki du, eta euskarazko esfera publikoa kanika baten antzekoa da orain: txikia eta gogorra, hauskorra oso.

Bada joera, oraindik ere, sozialetik gutxi izan arren sare sozialak deritzogun horiek «mundu errealetik» bereizteko. Eta ez dut ulertzen. Ez dira ba hedabideak mundu errealetik bereizten. Sare sozialak esfera publikoaren parte dira, eta esfera publikoa ez bakarrik da mundu erreala, baizik eta gure mundu hau eraikitzen joateko tresna inportantea. Eraikitzeko esan dut, baina txikitzeko eta eraisteko erabiltzen da maiz, eta gure gaurko gizartea ongi erakusten du oraintxe bertan esfera publikoak: bateren bati harrika botatzeko kanika bat da.

Ezkutatu egiten da jendea orduan, ez da ausartzen pentsatzen duena esaten, batetik zein bestetik egurra etorriko zaion beldurrez, isildu egiten da, eta beste asko eta asko horri begira gaude, mutu, harrituta, ezer esateko beldurrez. Isiltasunaren espirala da, Elisabeth Noelle-Neumannek 1974an formulatua, eta hainbat jendek nik baino askoz hobeto azaldua.

Beti iruditu izan zait isiltasunaren espirala hausteko modu ona artea. Mundu erreala esaten diogun horrek ezartzen dizkigun lege, arau eta era guztietako debekuak hanka azpian hartzeko modu bat da, akaso bakarra. Daria Bogdanskaren eleberri grafiko bat jardun dut irakurtzen, espainolez Esclavos del Trabajo; bere isiltasuna hausteko modua izan zen seguru asko, gertatu zitzaiona kontatu beharrak bultzatua. Garai bateko Persepolis zoragarri hura ekarri dit akordura, Marjane Satrapirena.

Asteazkenean joan ginen Aitor eta biok, laneko bilera bukatuta, Tabakaleran dagoen erakusketa bat ikustera: Vivian Maier. Argazkilari errebelatua. Irakurria nuen nonbaiten historia, argazki batzuk ere banituen ikusita sarean, baina bertatik bertara ikusteko aukera ez nuen pasatzen laga nahi. Merezi du. Eta aldi berean tristea da. Eta gogorra: ohartzen zara batzuek isiltzea erabakitzen dutela, baina beste batzuk isiltzera kondenatuta egon direla luzaz.

New Yorken jaio zen Vivian Maier 1926an. Haurtzain aritu zen lanean New Yorken bertan eta Chicagon, 1950eko hamarkadaren hastapenetatik 90eko hamarkadara arte. Beste askorena bezala joango zen bizitza oso bat, 2007an kasualitatez berak egindako argazkiak fortunatu ez balira ikertzaile gazte baten bidean. Hala agertu zen altxorra: 120.000 negatibo. Hil ondoren bihurtu zen Vivian Maier, argazkilaria.

Isiltzea autozentsura modu bat denez eta autozentsura isiltzeko modurik txarrena akaso, isiltasuna hausteko beste modu bat, asko gustatzen zaidana, Mladen Stilinovic artistarena da. Arteari idatzitako maitasun gutun batean, post scriptum honekin amaitzen zuen: «Azkenaldian, zure askatasunaren forma autozentsurak higatu du batez ere. Horregatik erabaki dut zu pixka bat alaitzea autozentsura enkantean jarriz. Autozentsura erosten duenak beste zerbait ikusi ahal izango du. Autozentsura saltzen ari naiz. Hasierako prezioa 500 tolar da. Nork ematen du gehiago?».

Nire autozentsura 50 eurotan dago salgai.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Gasteizko zahar etxe bateko egoiliar bat bisita jasotzen. ©David Aguilar/EFE

Arabako eta Gipuzkoako zahar etxeetako hamar langilek positibo eman dute

Berria

Gainerako langileei eta egoiliarrei probak egin dizkiete, eta ez da kasu gehiago atzeman oraingoz.

Maskara jantzitako emakume bat Donostiako autobus geltokian, eskailera mekanikoak jaisten. ©Gorka Rubio / FOKU

Pandemiak desberdintasunak sakondu dituela dio Emakunderen txosten batek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gizon eta emakumeen osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea azken hilabeteotan nola aldatu diren aztertu du Emakundek. Egoera hobetzeko gomendioak egin dizkie erakundeei.

Emmanuel Macron Miarritzen (Lapurdi), artxiboko irudian. ©Bob Edme

Zaintza langileentzako sari bat hitzeman du Macronek

Oihana Teyseyre Koskarat

Adinekoez eta elbarrituez arduratzen diren zaintzaileek 1.000 euroko «COVID saria» jasoko dute. Frantziako Estatuak 80 milioi euroko diru laguntza emanen die departamenduei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna