Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Mundua norekin

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Eskolan kantua lantzen hasi gara haurrekin. Etorriko zinateke haiekin abestera?», bota dit lehengusuak. Bizitzan behin baino ez dut Korrikako abestia kantatuko, eta baietz esan diot. Han joan naiz, eguerdi sargoriz, lehengusuaren ikastetxe publikora. Gela aztoratu du nire presentziak (halako fandom sutsua ere bizitzan behin bakarrik bilduko dut), eta galderak egiteari ekin diote haurrek: zenbat urte dituzu, nondik zatoz, noiztik abesten duzu, noiztik ezagutzen duzu zure lehengusua, zer bota duzu ilean kolore gorrizta hori edukitzeko... Eta sekula erantzun behar izan ez dudan galdera bat: «Nolakoa da zure bizitza?». Gero, musika-gelara joan gara denok eta elkarrekin abestu dugu HitzEkin, salto eta dantza. Ez dut nire bizitzan horrenbeste autografo sinatu(ko).

 

Bertan lanean hasi zenetik entzun izan diot lehengusuari migranteen seme-alaba asko hartzen dituela eskola horrek; hiru hilean behin baten bat heltzen zaiela Hego Amerikatik edo Afrikatik edo. Eta jatorri ugariko haur horiekin kantuan abesten ari nintzela, pentsatu dut ea horietako zenbati egiten diegun benetan leku. Beldurra sartu zait, ea Korrikak eragiten digun zirrara zoragarri horrek ez ote dituen estaliko beste hamaika zulo sozial. Beste hizkuntza batzuetatik datozenei luzatzen diegu gonbita gurera etortzeko, gurekin korrika egiteko, eta ni ziur nago euskaldun askok eta askok eskuzabaltasunetik egiten dutela/dugula keinu hori. Baina guk norengatik egingo genuke korrika? Prest ote gaude benetan ulertzeko beste hamaika jatorri eta errealitate?

Nire zutabe pare bat irakurri baduzue, honezkero jakingo duzue ez ditudala gustuko argudio zurrunak: sendoa eta malgua izaten saiatzen naiz. Baina, ezbairik gabe, euskararen defentsari dagokionez, ezinbestean zurrun jokatu behar izan dugu herri honetan askotan: diktadurak hizkuntza debekatu zuenean edo oraindik ere gertatzen diren hamaika zapalkuntza-egoeratan. Euskarafobiaren aurrean eta mundua ahoskatzeko dugun moduari nazka diotenen muturrean. Ez dut ukatuko jarrera zurrunen beharrezkotasunik halakoetan. Haatik, hitzak eta ekintzak kontuz-kontuz eta egoeraren arabera hautatu behar genituzke. Inoiz ikusi izan dut euskararen erabilera xenofoborik ere.

Ni argia izaten saiatzen naiz, eta euskara zergatik ikasi behar ote duen galdetzen duenari erantzun berbera ematen diot beti: «Gauza batzuk euskaraz bakarrik gertatzen direlako». Korrika da gauza horietako bat, akaso gure imajinarioan dagoen boteretsuenetakoa. Ekimen gutxik laburbiltzen dute Korrikak bezain ongi euskal kultur komunitatearen kosmobisioa (bai, hitz ponpoxo hori erabili nahi nuen, intelektual geratzen delako). Korrikabadatoooorieieee esan eta zut jartzen zaizkit besaurreko ileak. Aurtengoan, Sustrai Colinaren letra finak adierazten du «mundua zurekin» egiteko nahia. Baina hitz intimoa da «mundua»: egunero egikaritzen da gure baitan, gure gorputzetan eta gure praktiketan. Nerea Urbizuren doinuz «mundua zurekin» kantatzen pertsona bakoitzaren barruan forma bat du Euskal Herriak, euskal hizkuntzak, bizitzak.

«Nolakoa da zure bizitza?» galdetu didate haurrek eta nik esan diet ba pozik egoten saiatzen naizela, musikaz, literaturaz eta lagunez inguratuta, gustuko dudala nire lana eta horrela igarotzen direla nire egunak. Nire gorputz zuritik ez diet opresioez hitz egin, edo euskaldun izatearen ajeez. Agian haiek askoz gehiago lukete horri buruz esateko; galdetuko nieke gustura hemendik urte batzuetara.

Egia esan ez dut argi gogoeta honek ba ote duen ondoriorik; demografia aldatu egin da gurean, euskararekin alboz albo gero eta hizkuntza gehiago bizi dira, kolonizazioa jasandako gorputzek mintzo dute hizkuntza inperialista. Hau dena oso konplikatua da. Haur batzuekin abestera joan eta ez dakit nola atera zaidan artikulu katramilatsu hau. Akaso baten batek pentsatuko du hau ez dela unea Korrikaren inguruan aldarrikapen alaia ez den beste edozer egiteko. Ez dakit.

Paralelismoa ezartze aldera, esan liteke Korrika dela euskaldunon «harrotasunaren astea», eta, beraz, aukera paregabea da bi urtean behin hamar egunez gure luma euskaldun oso-osoa ateratzeko. Nik ere horixe egiten dut aldiro: Korrikako kantarik gustukoenak (Big Beñat eta Pirritx eta Porrotxena) oihukatu, errepidera atera eta furgoneta ikusten dudanean hunkitu. Baina aurten, ikastetxe publiko horretara egindako bisitaren ostean, Korrikara ateratzen ez diren zenbait eta zenbait pertsona ere izango ditut gogoan. Gure alboan bizi diren horiek, gure hizkuntzaren kontra ezertxo ere ez duten arren beste ardura batzuk dituztenak: paperak lortzea, muga zeharkatzea, jatea. Nik mundua haiekin ere egin nahi dudalako; euskaraz bada hobe, baina, bestela ere, edozein hizkuntzatan elkarrekin korrika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.