ATZEKOZ AURRERA

Zentzumenak pizteko azoka

Nafarroako VII. Azoka Ekologikoa antolatu du NNPEKek, Noainen. 2.500 elikagai baino gehiago eskaini dituzte, tokiko ekoizpen ekologikoa bultzatzeko eta ikusarazteko.

Bakedanoko Elkea sagarren salmenta. BERRIA.
Yasmine Khris.
Noain
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Heldu bezain laster, usain koktela dario Noaingo Zentzumenen parkeari: kafea, gasna, xaboia, garagardoa... Izan ere, NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak Nafarroako VI. azoka ekologikoa antolatu du ortziraletik gaur arte, eta bigarren aldiz, Noainen.

Lehenbiziko buelta eman, eta produktu sorta aski zabala aurkitu du bisitariak: 2.500 elikagai ekologiko baino gehiago dituzte salmentan, eta ia-ia denak Nafarroakoak. Tafallako arrautzak, Arbeitzako eztia eta Deikazteluko olioa. Orotara 33 erakusmahai, tokiko ekoizpena bultzatzeko. Nafarroatik kanpo ere gonbidatu dituzte ekoizleak: Ximok, errate baterako, Mareny De Vilxesen (Herrialde Katalanak) ekoizten ditu laranja ekologikoak: «Hona etortzeak adierazten du merkatu jasangarri baten alde nagoela». Per l'horta mugimenduan aritzen da hura, eta aitortu du ekoizpena jaitsi egin dela azkenaldian, klima aldaketa dela eta.

Iritzi antzekoa du Garaik, Iturgoiengoak (Nafarroa). Gasna saltzen du urtero azoka ekologikoan. Axuribeltz gasna familia kontua da, eta aspalditik ari dira nekazaritzan: «Udan, batez ere, sumatu dugu aldaketa bat, klimak eragin baitzituen asko ahuntzen portaera eta habitata».

Sentsibilizazioa xede

Guraso bat: «Kasu! Kaka zapaldu duzu!», haurrari. Bidean, hain zuzen, animalien gorotzak dira. Hondar ekologikoak. Izan ere, azokaz gain, Zentzumenen parkeak bertze gune eta ekinbide batzuk eskaini ditu: gastronomia gunea, haurrendako txoko pedagogikoa eta abeltzaintza erakusketa. Xuberoa baserri eskolako animaliak umeekin jolasten agertzen dira: astoak, antzarak eta zaldiak.

Urrunago, itzalpean,hogei bat entzule adi, mahai ingurua antolatu dute eta. Aurtengo azokaren gai nagusia trantsizio agroekologikoa da, eta Ipar Euskal Herriko, Andaluziako eta Nafarroako kolektibo batzuek parte hartu dute. «Garaia da, gure nekazaritzaren eredua aldatu behar dugu, bertakoa eta ekologikoa egiteko», erran du Kattalin Barber NNPEKko kideak. «Espazio honek ematen dizkigu aukera asko, azokaren helburua baita Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa ikusaraztea, zabaltzea eta sentsibilizatzea».

11:30ak ziren DJen saioa hasi denean, giro ederrean. Poteoa egon badago, baina plastikorik ez. Aurtengo Hondarrik ez erronka eremu guztietan aplikatzen da, hain zuzen ere.

Jende multzoaren artean, gazte batek zerrendatu ditu bere erosketak: «Sagarrak, laranja zukua, aranak, txistorra, txorizoa, kafea, turroi krema... eta, ziurrenik, ahaztu zait zeozer!». Izan ere, hura bezala, jende anitz joan da eguerdi partean, familiek edota lagunek lagunduta.

Gaur ere azokak bere ateak irekiko ditu: bizikleta martxa antolatu dute Elortzibarren, eta, ondotik, familiarentzako yoga, DJ saioa, parkearen bisita gidatua, ardoa, gasna eta olioa dastaketa izanen dira. Azkenik, Noaingo erraldoi eta buruhandien konpartsa arituko da eguerdian. Zentzumen guztiak elikatzeko, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.