ATZEKOZ AURRERA

Ur lohi eta aztarna artean

Idortearen ondorioak begi bistakoak dira Esan. Urtegia ohi baino hutsago izanik, azaleratu egin dira urpean izaten diren aztarnak. Aisialdirako toki kutuna da askorentzat, bainatzeko ere bai.

Idorteagatik, azaleratu egin dira urpean izan ohi diren aztarna batzuk. J. M. / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Esa
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Hegaka pasatutako kurriloek ere erreparatuko zioten: Esako urtegia (Nafarroa) erdi hutsik dago urez. Eztabaidatuko zuten beren artean: «Nolatan hain idor? Nolatan hainbeste harri agerian? Nolatan hainbeste jende bainujantzian? Ez al da udazkena?».

Esaren ertza biltzen duen errepidean sarri sumatzen da urtegiak duen erakarmena. Izan udako bero zakarretik babesteko, izan udazken partean paseo atseginak emateko, Esak beti eragiten du lilura jendearengan. Udaren hondarrean eta udazkenean, halaber, Aragoiko (Espainia) zonan biltzen da jende gehien, Tiermas herri abandonatuaren ondoan.

Bazterrak lepo betetzen dira autoz jaiegunetan, bai eta astegunetako iluntze epeletan ere. Larunbat eguzkitsuetan, zer esanik ez. Eta orduan pizten dira, hain justu, gidarien arteko ika-mikak, libre gelditzen diren toki urrietan autoa aparkatzea nork lortuko. Lehiak lehia, Nafarroan matrikulatuak dira tartea erdietsi duten ibilgailu gehienak.

Autoa utzitakoan hasten da egiazko aisialdia, maldan behera egin eta urtegia begien bistara izatean. Aurten, urak ez du paisaia hain zabal hartzen. Ur maila ohi baino lauzpabost metro beherago dago. Hain zuzen horregatik, oraindik ere agerian daude Tiermas herriko bainutegiak; garai bateko terma erromatarrak.

Azala ur epelez jantzita

Bainujantzian, biluzik, edo neoprenozko kamisetekin. Garagardo batekin edo gabe. Nork bere modura hartzen du bainua termetan. Andre batek plastikozko poltsa bat du buruan, ur lohituak ez diezaion ilea zikindu eta harrotu. Ondoan, neskato batek erabaki du aitak lohizko maskara bat behar duela azala leuntzeko. «Kasu begiekin, maitea», erantzun dio aitak alabari. Buru soila ere marroitu dio, gogoz.

Baina guztiak ez dira ausartzen bainua hartzera. Biribil batean solasean ari den taldetxo batek hori du hizketagaia, hain zuzen ere. Ez bainatzeko arrazoiak ari dira ematen, elkarri begira. Frantsesez ari dira. «Ez nuke ateratakoan hoztu nahi», esan du txaketa urdindun gizonak. Buruarekin baizik ez diote erantzun, esanez bezala baietz, haiek ere gauza bera uste dutela. Nahiago kanpoan gelditu.

Uretatik kanpo, behatz puntak busti beharrik gabe ere posible baita termetako uraz gozatzea, hala moduz bada ere. Dena dela, sudur zulo guztiek ez dute berdin hartzen termei darien sufre usaina. «Zuk zer usain hartzen diozu? Ez al du ematen arrautza ustela?», galdetu dio gizon batek ondoko emakumeari, gaztelaniaz. «Hara! Puzker usaina ere bai. Baina ez da hainbesterako. Aise ohitzen zara», erantzun dio hark, eta honako hau erantsi segidan: «Orain dela hilabete batzuk etorri nintzen lagunekin. Eta aizu, zer gozatua. Errepikatzekoa». Ez urtaro honetan, dirudienez.

Dena ez da gozamena, baina. Irunberriko (Nafarroa) Francisco Novoak aspaldi ez zuen ikusten urtegia hain idor. «Behintzat aintzat hartuta jadanik azaroa dela», zehaztu du, serio. Familia termetan bainatzen ari delarik, urtegi zabalari begira ari da bera. «Txakurra ere hor nonbait ibiliko da, bueltaka. Ni, hemen», esan du, ezpain ertzak biribilduz, baina kezka disimulatu ezinik.

Kritiko da urtegiaren kudeaketarekin: «Inguru hau oso abandonatua dago, basatiegi. Bazuten gehixeago zaintzea ere». Desiotan da zerbait egin dezaten. Euri garaia «behingoz» hasia dela ikusteko ere bai: «Orduan bai dela hau ederra, baina negu hotzean inor gutxi etortzen da. Ez dakite zer galtzen duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.