Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Mamulogia

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Literaturak errealitatea pentsatzeko balio badu, bada aspalditik errealitate hori argitzeko deigarria egin zaidan motibo bat. Jokin Muñozen Joan Zaretenean nobelan presoen erretratuak ageri dira, denborarekin erretratu horiek marrazki itzalezko bilakatu ziren nolabait Euskal Gatazkaren izaera gero eta mamutuagoa aditzera emateko. Narratzaileak ideia horretan sakontzen du gainera.

Gerora irakurri ditut euskal literaturan Euskal Gatazkaren, ez bakarrik, izaera fantasmala azaltzen duten nobela eta ipuinak: Twist-eko lehen kapitulua, esaterako, edo Jokin Muñoz beraren Bizia Lo-ko azken ipuina, edo Iban Zalduaren Pareko tabernan ipuina, egunkari honetan agertu zena.

Hauntology deitzen da gauzen izaera fantasmaletik kultura ikerketa egiten duen ildoa. Derridak Mendebaldeko ontologia eraisteko proiektuan garatu zuen azken kontzeptua izan zen Mamulogia. Derridarendako, kontzeptu oro, zeinu oro, beste zeinu eta kontzeptuek sorgindurik dute, eta beraz, ontologiak barik mamulogiak hobe deskriba dezake errealitatea. Mamuak izango dira, hartara, ez han ez hemen, edo han izanik hona izanik, nahi baduzue, ez bizien artean ez hilen artean, funtsezko figura errealitatea adierazteko.

Lekuko hori jasorik Mark Fisherrek argudiatu du bere Ghost of my life: writing on depression, hauntology and lost futures delakoan, denbora bere erroetatik aterea dagoen garaiak bizitzen ari garela, neoliberalismoak historiaren bukaeran paratu gaituenez, aurrean ez dugu ezer eta, ondorioz, iraganean amestu eta izango ez diren etorkizunen nostalgian murgildurik gabiltzala. Teknologiak, mugikorrak aipatzen ditu batez ere, denbora eta espazioaren hautematea aldarazi digunez, denbora loka egotearen sentsazioa areagotu egin da, ez baikaude ez hemen ez han. Espazioak eta denborak errealitatea galdu dute eta oraina da nagusi; ez, ordea, carpe diem denbora, baizik eta orain espektrala, joandako iragan eta ezinezko etorkizunaren arteko ez-denboran.

Ideia hori hobe ulertzeko Burialen Untrue edo Ariel Pinken Oddities and Sodomies entzutea besterik ez dago. Iraganeko soinuek etorkizun ezinezko bat erakusten dute. Espektrala da dena.

Aurreko Jokin Muñozen figura harturik orain gatazka bukatu delako itxurak egiten ditugula, oraindik ere badira presoak errealitate espektral horren adierazgarri: hildako biziak? Eta hildakoak Iban Zalduaren ipuinean bezala, heriotzaz harandi etorri eta nor garen erakutsiko digute? Sorgindurik(mamuturik?) gaude ala Euskal Gatazka zen hura bukaturik dago, zauria itxita eta ez zaigu fantasia traumatiko moduan inoiz itzuliko?

Joseba Gabilondok From Postcolonial Tourism to Postimperial Melodrama: Fernando Aramburu's Patria as Spanish Terrorism-Pornography saioan zera dio: Euskal Gatazkaren ezin adierazia gobernatu ahal izateko bi bide ireki dira euskarazko narratibaren baitan. Bata, gatazka eszenario bihurtu zaigu, mamu ekidinezin. Eta, biga, Mikel Ayerberen intuizio bati jarraiki gatazkaren inguruko nobelak metaliterario bilakatu dira, hori baita gatazkak ez sorgintzeko modua. Nik hirugarren bat proposatuko dut hemen: mamuen literatura egin eta mamulogiatik interpretatu. Gizona bere bakardadean nobelako Carlos pertsonaia espektrala da, ahotsek sorgindua. Abaitua Ortiz de Zarateren fantasma moduan irakur daiteke. Hiruko-ko Yves Kerguel komisarioaren begiradan Iparraldearen espektroa ageri da. Twist nobela osoa Lasa eta Zabalak sorgindurik dago.

Gaur egun preso bat aterako balitz mamuaren ezaugarri guztiak lituzke, hildakoen artetik itzuliko bailitzateke jada berea ez den errealitate batera. Zer esango luke amestu zuen etorkizun ez-konplitu hartaz? Nola salatuko luke gure teknologia inon ez egotera behartzen gaituena? Eta biktima bat hildakoen artetik itzuliko balitz? Zer ikusiko luke bere biktimatasunetik? Mendekua nahi luke? Pozik legoke gizartea egiten ari den doluarekin? Zer kontatuko luke hiltzaileekin beste aldean izandako elkarbizitzaz? Eta fantasma hori hurrengo hauteskundeetako hautagai balitz izango ez den zein etorkizun marraztuko liguke? Vox frankismoaren mamu iratzarritzat joko luke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.