Birkite Alonso.
LAUHAZKA

Ahotik

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Pentsatzen egon naiz ahotsak zenbaterainoko garrantzia hartu duen bizi dugun une aparteko honetan. Ihes egiteko ezinbestekoa balitz bezala, libre mugitu ezin zarenean. Norbaiten bila atera, solasaldi bat hasi, eta une horretan bertan gorde, hitzak elkar trukatzean burusia ehuntzen duten hitzei eutsiz eta soinean jarrita honek guztiak eragiten digun hotzetik babestuz; errutinak inguratu gaitu eta ez digu arnasa hartzen uzten. Bakardadearen maitale garenok ere badugu une honetan beharrezkoa solasaldi hori, aurrerantz norabide zehatzik gabe garamatzan makineria hau guztia eten, eta norbaitekin hitz egiteko unearen bila abiatzen garenean. Onartzeko prest ez gaudenaz hitz egiteko, barruan korapilatu zaizkigun hitzak patrikan sartu, eta kafe (edo infusio) baten bila joan, eskuak epeldu eta haren keak ahoa berotzen digunean. Orduan, patrikan gordetako hitzak atera, eta edalontzian barrena irabiatzen ditugu, hurbildu denarekin zerbait partekatzeko, hori behintzat mugatzeko modurik aurkituko ez duten azken gordeleku horretan babestuta.

Ahoa. Elkarren ahoak ikusten ez ditugunez, kafe bat hartzeko behar ditugun minutu isil horietan bilatuko ditugu, besteen ahotsean pentsatzen duguna entzuteko. Honek guztiak ahoari galdutako berezko sentsualitatea itzuli izan balio bezala; izan ere, ahoak egun-argitan jadanik hautematen ez genion sentsualitatea galdu baitzuen aspaldi. Une jakin bat esleitzen genion ahoaren sentsualitateari, hau da, intimitatean arropa kentzearen erotikotasun bera esleitzen genion, hain zuzen ere, ahoak une horretantxe betetzen zuen funtzioa laztanarena bezalakoa zelako. Orain, berriz, kafe bat hartzeko maskara kentzean gordeta dugun intimitate hori publiko egitean edozein momentutan, edozein lekutan biluzten garenaren sentsazioa dator gogora.

Gure arma hilgarria eta, era berean, gure ahulgunea estaltzen dituen ezkututik askatuz, kafea zutik hartzeko behar dugun denbora tarte horretan, ahoa seduzitzeko prest agertzen da, debekatutakoak eta ezkutatutakoak seduzitzen duen moduan. Aho ezagunenak ere arrotz egiten zaizkigu, aspaldian ikusi ez ditugulako. Ezagutu berriei, ordea, nolabaiteko misterioa esleitzen diegu, irudikatzen genituen aurpegiekin bat datozen konprobatzen dugunean. Batzuek desilusionatu egiten gaituzte, ez datoz bat gure eta bere arnasa bereizten dituen oihal puskaren gainetik agertzen diren begi eder horiekin. Beste batzuek harritu egiten gaituzte, bertatik atera ohi diren hitz puskak ahoskatzeko kemena horren aho txikitik irten dela ohartzen garenean. Azkenak, ordea, imajinatu bezalakoak dira: Ezpain haragitsuek gureak baieztatzen dituzten esaldien hutsarte perfektua marrazten dute, eta horiek ulertzen dute dena aldatu dela pentsatzean sentitzen dugun hotza noizbait urrunduko dela, ehundutako burusiaren barruan gaudelarik, iraganetik itzuliko zaigula geroa eraikitzeko beharrezkoa dena.

Orduan, ezpain haragitsu horien azala ukituko dugu, baimenik gabeko keinu horretan hitz egiten digun ahotsak gure hatzei putz egiten dienean.

Badira ahots lasaigarriak, IƱaki Larraioz Larra Bideak proiektuko buruarenak, esaterako. Autoa piztu duzu egun gogor baten ondoren: maskarak, hidrogela, patioko guardiak, curriculum-arazoak, gizarteratzeko prestatzen ditugun hormonak korridoreetatik bueltaka, etxera itzultzean egin behar duzun guztia (erdia debozioagatik bada ere) gogorarazten dizun estres bulkada sabelaren ahoan sentitzen duzu, eta orduan autoa piztu, eta Larra Bideak (2019) hasten da. Denboraz kanpoko trantze batean sartzen zara. Dena gelditu da, morfina hari bat sartzen da belarrietatik, ahots horrek besoetan kulunkatu eta denak itxaron dezakeela esango balizu bezala. Urrutiko hondartza epel eta argitsu batean zaude etzanda, harmonikaren eta ukelelearen doinuek eguzki izpien laztanekin bat egin dute. Harea gainean lokartu zara, ahots hariaren morfinak lagunduta. Ahotsak eraman zaitu, desagerrarazi egin du guztia, eta babestuta lokartu zara harea gainean, olatuek oin puntak ukitu eta noiz esnatuko zain.

Ahotik irteten baita ahotsak ekarriko digun itxaropen kantua, esaldia, zurrumurrua, hasperena, arnasa, bizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.