Kataluniako prozesu subiranista. Mobilizazioak

Babesa eta salaketa

Madrilgo epaiketak erantzuna izan du kalean. Katalunian, errepideak itxi eta mobilizazio jendetsuak egin dituzte. Euskal Herrian, GEDek eta ANCk elkarretaratzeak egin dituzte

Arriaga antzokiaren aurrean salatu zuten hainbatek Madrilen hasitako epaiketa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistako buruzagien kontrako epaiketa Madrilen egiten ari dira, baina horren kontrako protesten oihartzunak Kataluniako eta Euskal Herriko kaleetan entzun dira ozenen. Mobilizazio eta ekitaldi ugari egon dira epaiketaren lehenengo egunean, eta datozen egunetarako gehiago iragarri dituzte, batez ere asteburuari begira.

Euskal Herrian, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta GED Gure Esku Dago-k elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta beste 60 bat herri eta auzotan. Mobilizazioetan parte hartu dutenek ikurrinak eta Kataluniako senyera-k eraman dituzte, eta herri askotan Konponbidea, democracia, llibertat leloa zuten pankartak erakutsi dituzte.

Hiriburuetako elkarretaratzeetan irakurritako agirian, ANCk gogora ekarri du autodeterminazio eskubidea «herri guztien eskubide» gisa onartzen dutela Nazio Batuen agirian. «Autodeterminazioa eskubidea da, eta ez delitua», azaldu dute.

Madrilen abiatu duten epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute, «itxurakeria» hutsa delakoan, eta presoak askatzeko ere eskatu dute. «Bidezko epaiketa ezinezkoa da, arazoa politikoa baita», berretsi dute.

Ordezkari politikoei ere, bereziki Europako Batasunekoei, mezu zuzena igorri diete: «Isilik jarraitu behar ote dute? Giza eskubideen aurkako gehiegikeriak Europatik kanpo gertatzen direnak baino ez dira? Guk ere nahi dugu gure herritarren eskubide zibilak errespetatuak izatea».

GEDek, berriz, esan du epaiketa «denon kontua» dela: «Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta, beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Eta, bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako».

Eragile ugarik bat egin dute ANCren eta GEDen deialdiarekin. Independentistak sareak, esaterako, mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteaz gain, esan du epaiketa «Kataluniaren aurkako eraso zuzena» dela, eta «demokraziaren oinarrian dagoen erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa» ere badela.

Lanuzteak eta protestak

Katalunian mobilizazio eta protesta ekintza ugari egin dituzte epaiketaren hasierarekin batera. Goiz-goizetik, hainbat errepide itxi dituzte, AP-7 autobidea etaC-25 errepidea, batez ere; lehenengoan, auto ilara luzeak sortu dira. Bartzelonan bertan ere zenbait kale itxi dituzte, eta horrek trafiko arazoak ekarri ditu goiz osoan.

Eguerdian, berriz, lanuzteak egin dituzte lantoki eta ikastetxeetan. JxCat, ERC, Catalunya en Comu Podem eta CUPeko parlamentariek elkarretaratzea egin dute Kataluniako Parlamentuaren aurrean lanuzte horrekin bat egiteko.

Ikasleen manifestazio batek Bartzelonako kaleak zeharkatu ditu, eta CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek eserialdi bat egin dute Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren egoitzaren aurrean. Mossoek banaka atera dituzte han eserita zeudenak —horien artean, Carles Riera CUPeko diputatua—, baina ez dute inor atxilotu.

Iluntzean, berriz, elkarretaratze ugari egin dituzte Kataluniako hiri eta herri nagusietan. Bartzelonako Katalunia plazan egindakoa izan da jendetsuenetako bat, eta milaka herritar batu dira horretan. Otsailaren 21erako, greba orokorrerako deia egin dute.

«Elkarrizketarako zubiak»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «distentsio egoera» eta «elkarrizketa instituzional eta politikorako zubiak berreraikitzea» proposatu du auzia bideratzeko, eta berriro egin du «nazio aniztasuna aintzat hartuko duen erreforma» baten alde. Epaiketari dagokionez, Urkulluk uste du «politikaren porrotaren adierazle» dela.

Lehendakariak gogora ekarri du auzibidean «Kataluniako instituzioetako eta gizarte erakundeetako ordezkariak» epaituko dituztela «erabaki politiko eta instituzionalak hartzeagatik».

Urkulluren ustez, epaiketa aurretiazko kontuen atalean ebatzi beharko litzateke, eta, gero, «bide politikoen aldeko apustua berresteko aukera gisa» hartu.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak berretsi du Jaurlaritzak gai honen inguruan orain arte izan duen jarrera: «Bada denbora bat Eusko Jaurlaritzak adierazi duela auzitegietatik atera behar dela auzi hau, inoiz ez zela judizializatu behar erabat politikoa eta instituzionala den auzi edo gatazka bat».

2017ko urriaren 1eko erreferenduma sustatzeagatik matxinada delitua leporatzea zalantzan jartzeko modukoa dela deritzo Erkoreka eledunak, indarkeria zantzurik ez delako egon. Berriro ere, elkarrizketaren bidea lehenetsi du «aniztasun politikoa bideratzeko».

Katalunian ere egon da instituzioen ordezkarien adierazpenik epaiketaren kontra. Kataluniako Gobernuaren bozeramaile eta Presidentetza kontseilari Elsa Artadik esan du Madrilen hasitakoa «lotsaren eta disidentzia politikoaren kontrako gorrotoaren epaiketa» dela, eta «demokraziaren eta giza eskubideen aurkakoa».

Espainiako Gobernuak antolatu duen This is the real Spain(Hauxe da benetako Espainia) lelodun kanpainari erreferentzia eginez, Artadik esan du «benetako Espainia» dela «nazioarteko begiraleei aretora sartzea galaraztea, errepresioa eta eskubideak urratzea».

Ada Colau Bartzelonako alkatea ere epaiketaren kontra mintzatu da. Haren aburuz, irtenbidea topatzeko modu bakarra da «judizializazioaren bidean atzera egitea, presoak espetxetik ateratzea eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidea ibiltzea».

Colauren ustez, Kataluniaren etorkizunari buruz egiten diren proposamen guztiak «zilegizkoak» dira, «baina denok ados egon behar dugu elkarrizketa eta negoziazioa dela bide bakarra auzia konpontzeko».

Bartzelonako alkateak esan duenez, hainbat «irregulartasun» sumatu ditu epaiketan; esaterako, akusatuei matxinada edo sedizio delituak leporatzea, eta akusazio partikularra ordezkatzen duen Vox eskuin muturreko alderdiari aukera ematea «gorrotoa hedatu eta hauteskunde kanpaina egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.