22. Korrika. Hendaia-Donostia

Azken igurtziak ere, beroak

Nafarroako ipar-ekialdetik Lapurdira igaro da Korrika, muga administratiboak lausotuz, eta aurreko egunetako joera bera izan du berriro: indarra erakutsi du han eta hemen

Goraino bete zituen Lapurdiko hiriburuko kaleak Korrikak. GUILLAUME FAUVEAU.
Julen Aperribai.
Baiona
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Apalaldirik ez du izan Korrikak hamar egunetan, ezta azken hatsean ere. Horixe baitu bertute handietako bat, berritasuna eta haize freskoa daramala une oro, aurrez zapaldu gabeko eremuetan barneratzen denez gero. Lapurdira iritsi da azken-aurreko egunean, eta barnealdetik kostaldera egin han. Denean pilatu du jendetza, nahiz eta, espero zenez, gehien bilaturiko irudiak Baionakoak izan.

Milaka batu zaizkio han, eta ez lasterketari bakarrik. Izan ere, goizean goizetik izan da giroa kalean; bereziki, Xaheta plazan ezarritako gunean. Dantza jauziak, Patxi Hiriart eta Odei Barrosoren bertsoak eta beste izan dituzte goizean. Arratsaldean iritsi da Korrika Lapurdiko hiriburura, eta lasterkari uholdeak Aturri ibaia zeharkatu eta Angelurako bidea hartu eta gero ere jarraitu du jaiak. Nat&Watson, Frigo eta Willis Drummond taldeen kontzertuek girotu dute gaua.

Eguna Nafarroan hasi du Korrikak, hala ere. Malerrekatik Bortzirietara egin du han, ordu txikietan, eta sekulako harrera egin diote bi eskualdeetan. Irudi ikusgarriak ere izan dira tarte horretan. Ezkurratik Zubietarako bidean Lekeitioko Deabruak taldekoak su eta dantza artean batu ziren lasterketara. Aurreraxeago, Iturenen, hartzak eraman zuen lekukoa, joaldunek ezarritako erritmora. Ibardingo lepoa igarota sartu da Lapurdira. Atzera ere Nafarroan sartu da gero, ordea, eta bigarrenez Lapurdirakoa egin du Dantxarinea pasatuta. Hala, muga administratiboez gaindi ibili da, beste behin, Korrika, euskararen mapa marrazten, eta horri keinu egin dio, hain zuzen, Xabier Terreros bertsolariak, furgonetatik: «Elurte eguzkitan, bideak igaro/ nola indartsu dauden bihotz eta zango/ aunitz lortu bai baina nahi dugu gehiago/ euskararen herrian mugarik ez dago».

Helburu berarekin, Nafarroaren eta Lapurdiren arteko muga lausotzea, Itsasuko herriko etxeak harrera egin dio Etxaurikoari, Korrikaren testuinguruan. Elkarrekin egin dute kilometroa, atzetik milaka lagun zituztela. Edonola ere, batean eta bestean euskararen egoera ez dela berbera nabarmendu du Mikel Hiribarren Itsasuko auzapezak, ezta Lapurdiko kostaldean eta barnealdean ere. Itsasu laborantzari emaniko herri bat zen iraganean, eta Frantziatik iritsitako hainbat lagunen bizileku bilakatu da azken lau hamarkadetan, azaldu duenez, eta joera horrek euskara mehatxatzen du: «Lortu behar dugu bertako bizitegiak bertako jendearentzat egotea, eta horretan, noski, euskarak eta euskalduntasunak ere bide gehiago izango lukete». Itsasuko herritarren artean, helduenek euskaraz hitz egiteari utzi diotela azaldu du Hiribarrenek, eta gaineratu berriki zendu direla herriko azken euskaldun elebakarrak.

Gazteak, hala ere, euskalduntzen ari dira hezkuntzaren bidez, dioenez. Hiru ikastetxe dituzte Itsasun, eta, neurri berean ez bada ere, hiruretan du lekua euskarazko ikaskuntzak, zehaztu duenez.

Kontra, «nehor gutxi»

Halaber, euskararekiko atxikimendua handitzen ari dela uste du Hiribarrenek, edo bai, behinik behin, adierazpen ofizialetan. «Euskararen garapenaren kontra, deklarazioz, hemen nehor gutxi gelditzen da». Hala ere, hizkuntzaren auzia abertzaletasunari eta «luzerako herri proiektu bati» loturik ulertzen du, eta, alde horretatik, zer aurreratu asko dagoela dio. Bazterketa «garai batekoa» ez dela aitortu arren, «ilusio» faltsurik ez da haizatu behar, dioenez: «Abertzaleak integratu dira, beren ikuspegiarekin, beren euskalduntasunaren ikuspegiarekin, mundu politikoan eta mundu kulturalean, baina euskarak berezko bidea egingo du, bistan da, abertzaletasunaren oinarri».

Mugimendu abertzaleak beste zenbait alorretan lortu du sektore gehiagotara zabaltzea Ipar Euskal Herrian; hala nola gatazkaren konponbidean. Bide bat erakusten du horrek, Hiribarrenek aitortu duenez, eta hizkuntza eskubideen aldeko borrokan ere lagundu dezakeela uste du. «Gazteek darabiltzaten giro kementsu horiek, bistan da, erakusten diote gizarte guztiari hor badela etorkizun bat eta horrekin ibili beharko dela bihar».

Administrazioan eta erakunde publikoetan ere eginkizun du bidea euskarak Ipar Euskal Herrian. Frantsesa da nagusia, inertziaz. Alta, martxoa hasieran 49 herriko etxek izenpetu zutenEuropako hizkuntza gutxituen tokiko ituna, Itsasuko herriko etxeak abiarazitako egitasmo bat sostengatuta, eta euskara biziarazteko neurriak hartzeko prest agertu ziren. Ekinbideak lagunduko du, haren ustez, «tabu» bat hausten, «ikuspegi berri bat urratzen» eta euskara administrazio munduan sartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.