Ezkerreko abertzale guziak biltzeko gai izan nahi du EH Baik

Bihar eginen du lehen kongresua ezkerreko abertzaleen mugimenduak, eta ondoko urteetarako bide orri politikoa bozkatuko dute. «Parte hartze handia» nabarmendu dute

EH Baiko kideak, uztailean, kongresuaren aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Urrats garrantzitsua izanen da EH Bairen ibilbidean. Ezkerreko mugimendu abertzaleak bere lehen kongresua izanen du bihar Baionan, eta ondoko urteetarako bide orri politikoa bozkatuko dute bertan. 2007an sortu zen EH Bai, AB, Batasuna eta EAren arteko koalizio gisara; 2014an, hiru alderdiek mugimenduari lehentasuna ematea erabaki zuten, eta ordutik pixkanaka ezabatuz joan dira. Irailean, bere burua desegitea erabaki zuen ABk. Kongresurako eztabaidagai jarri duten antolaketa eredu berrian, alderdiek ez dute gehiago ordezkaritzarik izanen. Hamairu kidek osatu behar lukete zuzendaritza: bihar bozkatuko dute.

Aspaldi ez zen halako prozesurik ikusi Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan: 250 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute udazken honetan herrietan egin diren 34 bilkuretan. Txosten politiko eta organizatiboari egindako zuzenketetan eta bozketan ere «parte hartze handia» izan dela erran dute. Lehen kongresuarekin, Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleen «erreferentzia nagusi» gisa errotu nahi du EH Baik. Mugarri bat izanen da bere ibilbidean. Txosten politikoaren azken bozketa eginen dute goizean, eta ekitaldi politikoa eguerdian. Euskal Herriko eta nazioarteko eragileetako ordezkariek parte hartuko dute.

EH Baiko kideen artean eztabaidagai izan duten txostenean, «ezkerreko abertzale guziak biltzeko gai» izanen den mugimendu bat bilakatzea aipatzen dute, «justizia sozialean oinarrituko den Euskal Herri burujabe bat» helburu. Bide horretan, arloz arlo, «gehiengo politiko eta sozialak» egituratzeko asmoa agertu dute. Hori lortuz gero «herri akordio bat» dago EH Bairen iritziz, eta Frantziako Estatuaren aitzinean «ahots bakarrez» mintzatzeko aukera ikusten dute. Bide horretatik, «instituzioetan eta karrikan» eragiteko beharra ikusten du, «kanpainak eta mobilizazioak» sustatuz. Hauek dira finkatu dituzten erronka nagusiak, azken asteetan bozkatu dituzten zuzenketak kontuan hartu gabe -EH Baik ez ditu oraindik komunikatu-. Bihar onartuko dute txosten definitiboa.

ESTATUS POLITIKOA

Euskal Elkargotik estatus politiko berri batera pasatzeko beharra aipatu du EH Baik, eta aldarrikapen hori lehen lerroan jartzeko asmoa du, erabakiak Euskal Herrian hartzeko beharra mahai gaineratuta. Batera plataformaren ildotik, «espazio partekatuak berrabiatzea» proposatu du: «Jendarte zibilaren eta hautetsien arteko eztabaidak egin, estatus politiko berria definitu, eta adostasunak karrikara eta instituzioetara eramatea».

GATAZKAREN KONPONBIDEA

Azken urteetan, gatazkaren ondorioen konponbidea kausitzeko «urrats garrantzitsuak» egin direla dio EH Baik baina euskal preso eta iheslarien auziak «aterabiderik gabe» segitzen duela azpimarratu du. Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapeko askatasuna onartua izan ondotik, gatazkaren ondorio guztiak «modu integralean» konpontzeko bidea irekitzeko beharra ikusten du.

EUSKALDUNTZEA

Euskararen «egoera larria» azpimarratu du EH Baik bere txostenean, baina azken urteetan, gizartean eta arlo politikoan «bere aldeko politika eta neurriekiko babesa» emendatu dela dio. Ipar Euskal Herrian «euskalduntze prozesua azkartzeko», euskararen ofizialtasunaren eta «hizkuntza politika eraginkor baterako koadro baten» aldarrikapena berreskuratu behar direla dio. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea eta murgiltze eredua orokortzeko estrategia bati buruzko adostasunak eraikitzea beharrezkotzat jo dute. EH Baik bere hizkuntza politika definitu eta instituzio guzietan iniziatibak martxan jartzea ere nahi dute.

LURRA ETA ETXEBIZITZA

Urte luzeetako espekulazioaren arazoa «larriagotu» dela uste du EH Baik. Azkenaldian «mobilizazio azkarrak» izan eta «egoerari aurre egiten hasteko neurriak» hartu badira ere espekulazioa ahalbidetzen duten lege eta politikek indarrean dirautela azpimarratu dute. Ipar Euskal Herriko biztanleen bizi baldintzei kalte nabarmena dakarkiela iritzi diote. Etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko aldaketa sakonak beharko direlakoan EH Baik «iniziatiba politiko-instituzionalak» hartu nahi ditu Euskal Elkargoan, lurralde eremuetan eta herrietan.

TRANTSIZIO EKOLOGIKOA

Trantsizio ekologirako egitasmoak eta egoera horren aitzineko mobilizazioak ugaritu badira ere, oraino gaiak duen« larritasuna eta dimentsioa» ez dira «behar bestekoak jendartean» EH Bairen iritziz, eta azken urteetan herri mailako eta «oso lokalak diren borroketan» zentratu direla diote. «Eskala txikitik handira pasatzea» premiazkotzat dute «burujabetza energetikoaren bidean». Zeharkako gaia da EH Bairen aburuz. Ingurumena suntsitzen duten proiektuak salatzeaz gain, «trantsizio ekologikoa eta energetikoa gauzatzeko lurraldeko zein tokiko alternatibak eta politika publikoak» plantan ezartzeko beharra azpimarratu dute, eta EH Baik «ikuspegi, proposamen eta alternatiba orokorren ekartzeko gaitasuna» izan beharko lukeela jaso dute.

EKONOMIA HERRITARRA

«Sistema publikoaren pribatizazioaren eta erreformen bidez eskubide sozialen murrizketak prekaritatea emendatu du» EH Bairen hitzetan. «Euskal Herriak ez du aski ahalmen eta eskumenik langile klase eta herri xumeen bizi baldintzen inguruko politikak garatzeko». Halaber, «kapitalismoaren erasoaldiari aurre egiteko eraldaketa sozial eta ekonomikorako proposamen osoa» egiteko beharra ikusten du, «ekonomia herritarraren zerbitzurako tresna izateko alternatiba bideragarriak eta demokratikoak ahalbidetzeko».

BORROKA FEMINISTA

«Patriarkatuak gizartean erroturik» segitzen duela eta «sistema kapitalistak azken urteetan egin dituen erreformetan kaltetuenak emakumezkoak» izan direla dio EH Baik. «Zapalkuntza eta diskriminazio egoerari buruz sentsibilizazio azkarrago bat» behar dela eta «feminismoa indartu» behar dela uste dute ezkerreko abertzaleek. Bere proiektu politikoan feminismoa bermatuko du, eta plan feminista garatuko du.

NAZIO ERAIKUNTZA

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan «errealitate administratibo eta erritmo ezberdinak» izanik ere, nazio ikuspegia eta estrategia partekatua dagoela dio EH Baik. «Harremanak sendotzeko» beharra ikusten dute, Euskal Herriaren burujabetzaren bidean aitzinatzeko. «Nazio mailako askotariko dinamika sozial, kultural, ekonomiko eta politikoak» sustatu nahi ditu, eta, alde horretatik, EH Bildurekin duen akordio estrategikoari «bizia» emanen dio. Horretarako, bi mugimenduen arteko lantalde bat sortuko dute.

MUGIMENDU ABERTZALEA

Azken urteetan mugimendu abertzaleak «aitzinamendu argiak» izan dituela deritzo EH Baik: «Abertzaleon ideiak jendartean nehoiz baino hedatuago izatea, askotarikoa den ekosistema bat ukaitea eta gainerateko sektoreak ere haien posizioak egokitzera eramatea». Halaber, Ipar Euskal Herria n«nora eta nola eraman nahi» duten gogoetatzea baitezpadakotzat dute, «finkatzen ahal diren helburuak, elkarrekin eraman beharreko estrategiak eta sektore ezberdinetan pentsa litezkeen arraberritzeez» aritzeko. 2023 eta 2024 artean mugimendu abertzalearen jardunaldiak eginen dira Ipar Euskal Herrian, eta ekimen komun horren aldeko parioa egiten du EH Baik. «Ezkerreko abertzale guzien topaleku eta erreferentzia» izatera iritsi nahiko luke.

HAUTESKUNDEAK

2026 herriko bozak ditu EH Baik lehentasun nagusietako bat. Hauteskunde horietan ahalik eta hautagaitza abertzale gehien aurkezteko parioa eginen du, bere hautagaitzak «gaztetu eta berritzearen» alde eginez. Hauteskunde aliantzaak egiteko irizpideak ere finkatu ditu: «Herria aldatzeko eta aitzinamendu politikoak lortzeko tresna bat» izan behar direla dio. «Arretaz» zainduko ditu instituzioetan parte hartzeak denboran ekar ditzakeen «arriskuak», hala nola «osoki instituzioei begira aritzen den mugimendu bat bilakatzea, beste funtzioak ahulduz edo mugatuz»; edota «ikuskera mugatuak mugimenduaren ildo politikoa eta erabakiak gidatzea». Hautetsi abertzaleak zentzu guzietan eredugarriak izatea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.