Istanbulgo kaleetako errefuxiatuak

Turkian dauden lau milioi errefuxiatuetatik askok eta askok Europara iristea dute amets, baina herria lde horretan harrapatuta daude, egoera gogorrean irauten. Haien aurkako jarrera areagotu egin da denborarekin.

Siriako errefuxiatu bat, seme-alabekin, Istanbulen. Taksim inguruan elkartzen dira iheslariak. AITOR TXABARRI.
Istanbul
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Istanbulgo Taksim ingurura hurbiltzea aski da kalean bizi diren errefuxiatuen egoeraz ohartzeko.Taksim Istanbulgo erdialdea da; errefuxiatuetako asko kale horietan bizi dira, eta haien egoera ez da jaioterrian zutena baino askoz hobea. «Bizitzeko aukeraren baten bila alde egin genuen gure herrialdeetatik, eta honekin egin dugu topo», dio Siriatik etorri eta kalean bizi den emakume batek, negarra begietan eta seme-alabak lurrean lotan dituela. Emakume horren egoera berean bizi diren hainbat pertsona ikus daitezke gune horretako kaleetan. Ez da adibide soil bat. Edonork ikus dezake gauetan zer egoera dagoen. Eta ez da Istanbulgo toki bakarra horrelako bizimodua ikus daitekeena.

«Lau urte daramatzat Istanbulen; lan egiten dut, ez dut besterik egiten, eta ez zait iristen bizitzeko», dio Mohamedek, Afganistandik etorritako errefuxiatuak. Lau pertsonaren artean alokatutako pisu batean bizi da. Egunero ordu asko ematen ditu lanean, baina lo egiteko leku bat ordaintzeko baino ez zaio iristen hilabete bukaeran. «Jendearen laguntzei esker bizi naiteke».

Turkiako Gobernuak ez du erantzunik ematen, harentzako konponbide bakarra errefuxiatuak jaioterrira bueltaraztea baita.

Oposizioak, baina, egoera salatzeari ekin dio. «Lau milioi errefuxiatu inguru bizi dira gaur egun Turkian; horietako gehienak, kalean edo errefuxiatuentzako kanpamentuetan», azaldu du Ilayda Kocoglu CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko kideak, oposizioko alderdi nagusikoak.

Errealitatea latza da. Asko kaleetan bizitzera behartuta daude, zeukaten guztia bidaian galdu dutelako. Beste batzuek lana daukate, baina soldata barregarria dute. «Hamabi orduz lan egiten dute, eta 15-60 lira ordaintzen dizkiete, zortzi euro inguru», zehaztu du Kocogluk. Beste gutxi batzuek duintasunera hurbiltzen den lan bat lortzen dute, eta etxe batean lo egiteko aukera daukate. Baina horien bizitza ere ez da erraza. Kocogluk ohartarazi du, ordea, errefuxiatuen egoera zail horrek ez duela errudun bakar bat. «Turkian errefuxiatuekin gertatzen denaren errua ez da soilik gurea. Europatik egoera hau elikatzen da. Diruaren truke, pilota gure teilatura botatzen dute» .

Errefuxiatuek Turkiako kanpamentuetan duten egoera ere jasanezina da. Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek lan egiten dute halako eremuetan pertsona horien bizitza pixka bat hobetzeko. Yuva Dernegi da horietako erakunde bat. GKE hori boluntarioen bidez saiatzen da errefuxiatuek kanpamentuetan dituzten premiazko beharrak asetzen, baina ez da iristen. Ezin ditu guztien beharrak bete.

Turkiako egoera ekonomikoak ere ez du asko laguntzen. Egoera horrek arrazoi bat ematen dio gobernuari errefuxiatuen aurkako mezua indartzeko. Herritar askok uste dute lan falta errefuxiatuen errua dela; kanpotik etortzen direla eta lanpostuak hartzen dituztela. Halako pentsamoldeak Recep Tayyip Erdogan presidentearen diskurtsoaren ondorioak direla esaten dute oposizioko alderdiek. Kocogluk argi dauka: «Erdoganen diskurtsoak, gai honetan, ura botatzen dio gorrotoaren haziari. Diskurtso mota horrek turkiarrengan eragin handia dauka, eta ondorioak iristen ari dira». Herritar asko errefuxiatuekin haserretzen dira, beraz; beste batzuek, berriz, Europari begiratzen diote, eta kontinentetik aplikatzen diren migrazio politiken kontra egiten dute.

Elkarbizitza umeekin

Badira, hala ere, horri kontra egin nahi dioten egitasmoak. Istanbulgo Goethe institutuan flying bibliothek izeneko proiektu bat jarri dute martxan. Helburua da errefuxiatuen seme-alabak eta turkiarrenak elkartzea. Gehienetan, ondo moldatzen dira umeak, baina, batzuetan, ume turkiarrek ez dute harremanik izan nahi errefuxiatuekin, kanpotarrak direlako. Hori ez da umeengandik sortzen: nonbaitetik ikasi dute jarrera hori. «Ume hauek Turkiako etorkizuna dira, eta horrelako jarrerak ezin dira onartu», dio Kocogluk.

Turkian, arazo ekonomikoaz gain,arazo humanitario larri bat dago. «Gobernuak eta Europak ez dute konponbiderik ematen, eta arazo hau ez da bakarrik konponduko», kexatu da Kocoglu. Mohamed afganiarrak turkiarrei eta europarrei eskatu die laguntza: «Guretzat ez da erraza gure bizitza alde batera uztea eta gure herritik alde egitea ezer gabe; leku berri batera iristea eta laguntzarik ez izatea. Gurea ez da bizitza erraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.