Angel Erro.
JIRA

Auzo baratzea

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Landare erreinua aspaldian da errepublika. Maite ditut auzo baratzeak. Oasi bat zer den ezagutzeko biderik errazena zaigu kaletar askori. Parkeak eta lorategiak ere badaude, egia da, eta horiek ere maite ditut, baina auzo baratze batek erein ahal duen beste gizarte kontzientziatuago eta solidarioago baten hazia gauza bakana da. Ezin dut etxetik gertu dudan auzo baratzearen ondotik igaro irribarre bat ezpainetaratu gabe.

Donostiako Jazzaldira (oraindik Jazzaldia deitzen baldin bada, eta ez, zer dakit nik, San Sebastian Jazz Or Whatever Festival) etorritakoen sentiberatasuna ez mintzeagatik edo, «auzo baratzea bizirik» zioen pintaketa bat beltzez estali dute eta garagardo enpresa berde baten anagramarekin apaindu. Horretan asko pentsatu arren, ez zait bururatzen hala egitearen arrazoia. Trinitate plazako espazioa zertaz nahi izan dute garbitu? Auzo baratzearen aldeko mezua, nire ustez, aski neutroa zen, edozeinek babesteko modukoa. Ezabatu izanak oker nagoela demostratzen du. Hiriko espazioak modu jakin batean (kontzesioen bidez, enpresei saldurik, benetako erabilera publiko askerik gabe...) ustiatzeko borondatearen erakusgarria da.

Eta gainera, susmagarriagoa egiteko aldarrikapena, euskaraz idatzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.