Auzo-lotsa

Izaro Gorostidi Bidaurrazaga - EHUko irakaslea

2019ko uztailak 14
Jabetza lapurreta da. Anarkismoaren aita legez ezaguna den Pierre Proudhonen Zer da jabetza (1840) liburuan irakur daiteke esaldi hau. Haren lana astuna edo nahasia dela esango dute hainbat kritikarik, baina ni sakonki hunkitu ninduen jabetzaren inguruan autore horrek egindako analisia. Proudhonentzat, askatasun, berdintasun eta segurtasun eskubideak naturalak dira, hots, eskubide bortxaezinak, edozein gizarteren oinarrizko euskarriak. Baina liberalismoaren aitak Jhon Lockek, defendatutako jabetza eskubidea, antisozialtzat jo zuen. Haren ustez, aberats eta pobreen askatasuna batera existi daiteke, baina aberats eta pobreek ezin dute aldi berean jabetzaren ustezko eskubide naturala garatu. Beste era batean esanda: hainbatek asko dute beste askok gutxi dutelako edo Miguel de Cervantes Saavedraren On Kixote Mantxako liburuan Sancho Panzak On Kixoteri komentatzen zion moduan: Nire amona batek zioen bezala, bi leinu bakar daude munduan, badutenena eta ez dutenena.

Pentsamendu politikoaren historia lantzeko irakurritako obretatik interesgarrienetarikoa iruditzen zait aipatutakoa; beraz, atsekabea hartu nuen haren misoginia deskubritzerakoan. Anarkismoaren aita matxista hutsa zen, eta andreak esfera publikotik at egon behar zuela aldarrikatzen zuen. Adibidez, haren La pornocracia, o las mujeres en los tiempos modernos (1875) (Pornokrazia, edo emakumea aro modernoetan) lanean aipu hau irakur dezakegu: «Zenbat eta gehiago pentsatu, gutxiago ulertzen dut emakumearen patua etxetik eta familiatik kanpo. Prostituta edo etxekoandrea (etxekoandre esaten dut, ez morroia) nik ez dut erdibiderik ikusten». Garai hartan denak matxistak ziren baieztapena errefusatzeko Bakuninek garai berberetan idatzitako El Catequismo Revolucionario, 1866 (doktrina iraultzailea) liburuko adibide hau nabarmenduko dut: «Emakumea, gizonaren desberdin, baina ez bera baino gutxiago, argia, langilea eta askea da, gizonaren moduan, haren berdina da bai eskubideetan, bai edozein funtzio eta betebehar politiko eta sozialetan».

Arte munduan ere halako adibide matxistak topatu ditzakegu. Eta okerragoak. Poesiazalea naiz, eta, niretzat, Gioconda Belliren El ojo de la mujer liburuarekin batera, gazteleraz idatzitako poesia libururik ederrena Pablo Nerudaren Canto General da. Beraz, ezin sinistu, lagun batek esan zidanean Nobel saridun eta poeta txiletarrak bere Bizi izan naizela aitortzen dut liburu autobiografikoan berak egindako bortxaketa bat kontatzen duela. Liburura jo nuen, eta, bai, modu sotil baina zuzen eta lehor batean kontatzen du bortxaketa. Nire moduko irakurle arretagabe batentzat oharkabe pasa daitekeen pasadizoa da, baina argi azaltzen du nola Sri Lankan konsul zenean (1929) egunero bere komuneko gorozkiak husteko bere gelara joaten zen garbitzailearekin ez adostutako sexua eduki zuen. Nerudaren arabera, zerbitzariarekin kontaktua ezartzeko hainbat saiakera egin zituen, eta, emakumeak erakutsitako ezetzaren eta pasibotasunaren aurrean, lehen unetik desiratzen zuena egitea erabaki zuen, andrearen onespen barik. Imajinatuko duzuenez, andrea bere herrialdeko klaserik apalenetakoa zen. Hortaz, aktibista politiko komunistaren mitoa ere mila zatitan apurtu zitzaidan.

Baina, zoritxarrez, ez da arte sorkuntzaren munduko bortxatzaile bakarra. Rita Marleyek, Bob Marleyen alargunak , No woman, no cry bere autobiografia liburuan kontatzen duenaren arabera, bikotearen azken semea bortxaketa baten emaitza izan zen. Abeslari rastafariak jokabide jeloskorrak eta jarrera bortitzak erabili zituen haren kontra, eta, bere emaztea izateagatik, plazera hari ematera behartuta zegoela pentsatzen zuen, bere borondatearen kontra ere. Gainera, Ritak bakarrik hazi zituen bikotearen seme-alabak eta Bob Marleyek beste andreekin edukitako ume batzuk. Hala ere, Ritak abeslari jamaikarrak zabaldutako rastafari mezuaren eta gizaki gisa zuen portaeraren arteko bereizketa argia egiten du liburuan. Posible da hori? Autore horien irudia ez litzateke aldatu behar bortxatzaileak direla jakinda? Los libros de la Mujer Rota-ren argitaratzaileak, Claudia Apablazarrek esaten duen moduan, zaila da Nerudaren irudia aldatzea halako falo sakratua delako eta gizaki legez egindako dena barkatzen zaio, artearen alde.

Zaila bada halako ekintza higuingarriak egin dituzten gizon handi horien irudia aldatzea, behintzat saiatu beharko ginateke gizon handien ekintzak kritikatzeko eta hausnartzeko saiakerak txalotzea. Hugo Chavezek argi zeukan jendartearen askatasun osoa ezin dela lortu emakumeak sexismoaren uztarripean egonda. Baina nik ezin dut ahaztu 2000. urteko San Valent(hil) egunean bere Alo presidente programa famatuan bere emaztea zenari zuzendutako esaldia: «Marisabel, preparatu, gaur gauen zurea emango dizut eta!».

Halakoen aurrean, «gizakiak gara», «iraultzaile guztien atzean ere gizaki bat dago» moduko esaldiak entzutera ohituta gaude. Baina iraultzaile guztien atzean dagoena ere, patriarkatua da, eta kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriak aztertzeko eta identifikatzeko gai garen moduan, gure ikuspegi kritikoa patriarkatuak sortzen dituen asimetriak identifikatzeko gai izan beharko litzateke. Bere burua ezkertiar eta iraultzaile gisa definitzen duenak, are gehiago.

Onintza Enbeitak ez ditu jazarpenak jaso «ar-erruaren sentimenduarekin jolastu duelako» edo «antikomunista zikin bat izateagatik» edo bere iritzi artikuluak «inperialismoari zerbitzua» egiten diolako, baizik eta artikuluan, gizonen pribilegioen inguruan berba egin duelako. Eta oraingoan, gainera, ez du BBVA gizon estiloaren inguruan idatzi, (blanco, burgués, varon y adulto). Iraultzaile ezkertiar bat eduki du hizpide, eta hori izan omen da bere bekatua. Halako gizon handiei ezin baitzaie kritikarik egin, behintzat feminista bazara.

Algortan agertu diren pintaketak ikusitakoan auzo-lotsa besterik ezin izan dut sentitu. Gero eta argiago daukat argudioen lanketa beharrezkoa dela desideologizazio garai hauetan, eta ezin ditut ulertu halako ekintzak. BERRIAk esaten zuen moduan iritziak eztabaidatu daitezke, desadostasunak plazaratu, baina ezin daiteke pertsonen aurka jo haren iritziaren aurka zaudelako. Babes osoa Onintza Enbeitari.