AHTa Nafarroan: kimera bat

Pili Berrio Soltxaga eta Mauricio Olite Ariz
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Uda betean, eta sanferminik ezean, Nafarroako AHTari buruzko albiste ugari ateratzen ari da prentsan. Hogei urte baino gehiago daramate proiektu horrekin bueltaka, eta oso esanguratsua da oraindik ere hain anbiguo jorratzea gaia, gezur erdiak esanez eta errealitatea ezkutatuz.

Kurioski, modu esplizituan aitortu dute gezurretan aritu zaizkigula urteetan, seguru-seguru esaten baitzuten Europako Batzordeak Atlantikoko Ardatzean integratua zuela Nafarroako korridorea, eta Europak finantzatuko zuela. Eta, gaur egun ere, lehengo lepotik burua: iragarri dute 100-150 milioi euro lortuko dituztela agian kohesio funtsetatik. Lotsagabekeria galanta! Beste behin ere, funts sozialak hormigoitan gastatu nahian. Ez dute esaten obra proiektua 3.000-4.000 milioi eurokoa dela, eta azkenean askoz ere milioi gehiago izango direla proiektua burutan ateratzen bada. Arrandiaz esaten dute 2000. urtean 32 milioiren obrak egin zituztela, hots, aurreikusitako inbertsio osoaren %0,008renak. Begi bistakoa da, beraz, ekintza burutuetara jotzea dela AHTaren sustatzaile nafarren estrategia, proiektuak atzerakorik izan ez dezan; horregatik ospatzen dute jendaurrean obraren metro bakoitza eta diru sail bakoitza, nahiz eta behar dutenaren %1era ez iritsi.

Uztailaren 11ko prentsa erreportaje batean, aitortu zuten Villafranca eta Castejon arteko tartea baino ez dagoela amaituta, 14,8 kilometrokoa, eta ia bukatuta dagoela Azkoien eta Erriberri artekoa; antzekoak dira bi tarteak, erraz samarrak. Tafallako zatia, berriz, gaingiroki baino ez zuten aipatu, zera esanez: «Erriberri eta Tafalla arteko zatia, obretan». Egia hauxe da: 2019aren amaieran —hasi zirela hango lanekin sastrakak kenduz eta zerbitzu bideak, obra pasabideak eta hesiak jarriz—, baina duela urtebete bertan behera geratu zirela obrak, eta halaxe daudela gaur egun ere. 2020ko ekainean, hain zuzen, bi enpresei agindua eman zieten landabideak eta ureztatze zerbitzuak berrezarri eta handik erretiratzeko, eta eraman egin zituzten makineria, bulegoak, ordenagailuak eta abarrak.

Komeni da gogoan hartzea Tafallan hastekoak zirela berez benetako obrak, eta huraxe dela proiektua atzeraezin bihurtzeko zatitzat jotzen dutena: bi tunel, Monte del Plano eta Nafarroako ubidea zeharkatuko lituzketenak, 1.926 metrokoa bata eta 586 metrokoa bestea.

Kasualitatea ote AHTa berriz lehen lerrora ekartzeko interes hori piztea noiz-eta Abalos ministroa gobernutik joan den honetan? Azken batean, ministroa ez da argi eta garbi lerrokatu tren lasterrean egiten ari den inbertsio politika neurrigabearen alde: hortaz, izan ote du horrek zerikusirik Abalosek bere postua galdu izanarekin?

Ministro hori, izan ere, ez da nabarmendu AHTa gogoz sustatzeagatik—askotan kritikatu izan dute hala EAJk nola Nafarroako eskuinak—; aitzitik, inbertsioak arrazionalizatzeaz eta birplanteatzeaz hitz egin izan du, eta orobat iragarri izan du asmoa dagoela estatuko zenbait trenbidetan —Errioxan eta beste zenbait lekutan— gaur egungo bideak egokituz ezartzeko abiadura lasterra. Zerikusirik izan ote du horrek Nafarroako obrak hain motel joatearekin, Tafallako tartea geldi egotearekin eta hogei urteren ondoren proiektua oraindik hain zehaztugabea eta ziurgabea izatearekin?

Ikus dezagun nola dagoen gaur egun 2011n hasitako obra hori: Zaragoza eta Castejonen arteko zatia, proiekturik gabe; Tuterako zatia eta ustezko geltokia, proiekturik gabe; Ebroko zubiko 0 tartea, proiekturik gabe; Tafalla eta Campanas arteko zatia, proiekturik gabe; Campanas eta Etxabakoitz artekoa, proiekturik gabe; Iruñeko begiztaren eta geltokiaren zatia, proiekturik gabe; Iruñearen eta euskal AHTaren eta Europaranzko irteeraren arteko zatiak, proiekturik gabe…

Alegia: 2021eko uztail honetan, Nafarroako AHTaren parterik handiena —inbertsioaren %90— obraren proiekturik gabe dago, finantzaketarik gabe, eta tarte batzuk, berriz, hastapeneko azterlanen fasean oraindik.

Proiektuaren kontrako txosten tekniko guztiak eta arrazoi ekonomiko, sozial eta ingurumen arloko guztiak gutxi ez, eta sekula inon lurperatu al da dirurik hain segurtasun apaleko proiektu ziurgabe batean, eraikitzen hasi ere egin aurretik? Hori besteak engainatzea da, eta nork bere burua engainatzea. Diru publikoz bakarrik egiten dituzte halakoak, eta iruzur egin diote Nafarroako gizarteari. Izan ere, 2010eko apirilean, itun ospetsua sinatu zutenean, iragarri zuten «2015ean» abiaraziko zela «AHTaren zerbitzua».

Hainbeste porroten ondoren, oraindik garaiz daude Nafarroako trenbidearen proiektua berriz planteatzeko. Inberti dezatela gaur egungo trenbide sarean, estatuko trenbide sindikatu guztiek eta Nafarroako UGTk eta CCOOk ofizialki eta jendaurrean eskatu dieten bezala.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.