Tere Maldonado.

Gain-informazioaren sareetan harrapatuta

2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gehiegizko informazioa etengabe hedatzea boteretsuen estrategia delakoan nago. Halako informazio kopuruarekin bonbardatzen gaituzte, non ezinezkoa den hura maneiatzea. Gehiegizko datuak, gertaera izugarriak, hotsandiko adierazpenak, honen aldeko eta haren aurkako ekintzak... biodegradatu ezinezko hondakinak mendiak balira bezala pilatzen dira gure inguruan, ito arte. Teleberrietan, lokutoreak albisteak ahoz kontatzen dituen bitartean, pantailako beheko partetik idatzita pasatzen dizkigute beste hamaika kontu etengabeko jarioan. Irratian, eguneko albisteen laburpena ipintzen digute txirrindu-itzuliaren moduko musika biziarekin.

Sakelakoa eskura badugu, gainera, beste informazio batzuk jaso ahal ditugu aldi berean; beste mezu, berri, abisu, ohar. Mugikorrak ahozko mezuen grabazioak bizkortzeko aukera ematen du. Gero, asteroko agendan tarte bat aurkitu beharko dugu nekez yoga, txi kung edo meditazio eskolak sartzeko, gainkargatutako gogamena eta nerbio-sistema berrabiarazteko eta arreta fijatzen berrikasteko. Unibertsitateko ikasle asko ez dira gai liburu oso bat irakurtzeko (lasai, hemendik gutxira ez da nabarituko, euren irakasleak izango dira ezgaiak). Bigarren Hezkuntzakoek ezin dute hamar minutu baino gehiago irauten duen ideia baten azalpenik jasan: berehalaxe hasten dira aulkian urduri mugitzen, begiradarekin estimulu berrien bila, irrikaz, burmuin gainkargatuari gehitu beharreko datu berri eske, jonkien legez. Agustin Hiponakoak zioen gorputzak janaria behar duen bezala, arimak ere jakinduriaz elikatzea behar duela. Baina janari lasterra zabor-jana da, ez gaitu elikatzen, pozoitu egiten gaitu. Gehiegizko informazioa arimaren zaborra da.

Adibide bat: mugimendu laizistatik ikasleen curriculumean ikasgai konfesional bat egoteak dakarren bidegabekeria lau haizeetara zabaltzen dugu ahal dugun beste. Entzuten digun edozein pertsona zentzudunek, sinestuna izan ala ez, onartzen du horixe eskandalua eta zentzugabekeria hutsa dela. Zertarako balio du onarpen horrek? Nola eragotzi abusua?

Izan ere, ez ditut alderatu nahi, baina hor daude argindarraren igoera; eta Mediterraneoan hildako errefuxiatuak; eta jarraitzen duten etxegabetzeak; eta.... Ekidin beharko genituzkeen gauza beldurgarrien zerrenda, XXI. mendean gertatzea lotsagarria denarena, hain da luzea, ezen horrekin amaiera gabeko orrialdeak bete genitzakeen. Milaka orrialde datu, analisi, hausnarketa, deskribapen eta balorazioekin. Ez du ezertarako balio. Gauza gehiegi dira. Ezin dugu dena metabolizatu. Trabatu egiten gara. Informatuta egoten jarraitzeko, pentsatzeari utzi behar diogu. Pentsatzeari uztean, ezin dugu erabaki zer egin, nola, noiz, norekin. Uholdeak garamatza. Informazio-gainkarga edo infoxikazioa, wikipedian daude jada bi hitzok, existitzen direlako seinale (jakina, hitzak existitzen dira, baina baita izendatzen duten errealitatea ere).

Datuz gainezka, analisiak soberaxe, izpirituaren drainatze-sistema kolapsatuta, hustu egiten gara, ustez, sare sozialetan. Baina husten eta garbitu baino gehiago, berriz ere datuak erdiesten ditugu. Gure jarrera aurrerakoia erakusten dugu. Haserretu egiten gara eta gure haserrea zabaltzeaz arduratzen gara. Bidezko kausa honekiko edo harekiko elkartasunik sendoena erakusten dugu, ozen, munduaren aurrean. Artikuluak (hau barne), postak, blogak, liburuak, idazten ditugu suminduak, horren kontra eta haren alde zenbat arrazoia dugun nabarmenki erakutsiz. «Nik kausa hau babesten dut», irritsu agertzen garen argazkia partekatzen dugu, edo serio eta arduratsu, baina beti erakargarri, eta apurka-apurka, mezua alde batera irristatzen da, enfasia kausan baino gehiago nia-rengan jartzera pasatzen gara. Besteei gustatzen zaie nik kausa hau babestea, eta jakinarazten didate (niri eta, bide batez, mundu osoari). Eta niri gustatzen zait beraiei gustatzea. Eta horrela denbora tarte luze batez, hondorik gabeko putzu-oihartzunaren modura. Milioika bit hemendik hara denak bere lekuan jarraitzeko; hau ez da eraldatzen eta hura ez da inoiz iristen. Eta gertatu behar ez liratekeen gauzak gertatzen jarraitzen dute, etengabe, gu jakitun eta informatuta.

Informazioa boterea zela esan ziguten, eta haren bila abiatu ginen, sutsuak, frenetikoak. Ez genuen ikusi gain-informazioak ezintasuna, larritasuna eta antsietatea besterik ez dakarrela. Gain-informazioa desinformaziotik hurbilago dago, informaziotik baino. Gain-informazioa hiper-konexioarekin batera doa. Hiru, lau, hogei, berrogei lagunekin konektatzeak komunitatea egin dezake. Ezagutzen ez ditugun eta interesatzen ez zaizkigun milaka pertsonarekin etengabe konektatuta egoteak ez du errealitatea hobetzen, ez du inolako penarik arintzen, ez du inolako poz iraunkorrik ematen. Paralisia sortzen du. Paralisi iraunkorra.

Sarea bilbea da, irazki-haria, ehuna, tresmaila. Lagunen eta gertukoen sareak babesten gaitu oihal mehe eta lasaigarri bat bezala, erorketak moteltzen ditu sare malgu eta bigun baten antzera. Baina sarea tranpa, ardaila, engainua ere bada. «Sozialak» adjektiboa jarri zizkioten eta euren sareetan zimitzak bezala erori ginen, bata bestearen atzean. Eta hor gaude, zepoan, sare-segadan lotuta, besoak astintzen lagun faltsuek ikus gaitezen. Nartzisismo suminduaren eta gehiegizko informazio maneiaezinaren konbinazio hilgarriak itxaropen guztia amaitzeko bidean ipini gaitu. Badu erremediorik honek? Gai izango gara hamsterren gurpiletik ateratzeko? Esadazue nola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.