elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Kanpainako zaborra sailkatzen

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Etxe aurreko bebarruak garbitzen dabiltza buzo eta maskara zuriz jantzitako gizonezkoak. Garajeetatik ateratzen duten guztia kontainerrera botatzen dute; hor, goizean goizetik zain, bi emakumezko; horiek, edukiontziak jasotakoa miatu eta bereizi egiten dute; obra hondarren artetik, puska txikiak apartatzen dituzte: maletak, jostailuak, tresna elektrikoren bat... birziklapenean ari dira. Beste horrenbeste egiterik balego hauteskunde kanpainan entzun, irakurri eta ikusitakoarekin...

Berez egoten da hitz, idatzi, argazki eta irudien gaindosia hauteskunde kanpainetan, baina oraingoan bezala, hirukoitza suertatzen denean, ez dago hori dena liserituko duen amaren seme-alabarik. Hasteko, kokatze ariketa serioa eskatzen du: hau, alkatetarako doa, ezta? Beste hori? Europara. Eta hura, berriz, batzar nagusietara —edo Nafarroako parlamentura—. Aldiro, gutun azal zuri, urdin eta sepian klasifikatu behar begi-belarrien aurrean desfilatzen duten hautagaiak. Hortik aurrera, pareko langileei begiratu eta birziklatzen saiatu naiz ni ere, zaborra eta zikina ahalik eta txukunen sailkatzen.

Irribarre zuri izoztuak. Apirilaren 28an hartu zuen jipoiak oldarraren tonua apaldu egin dio Pablo Casadori, eta oraingo kanpainan irri zuria —zentzu literalean eta figuratuan— geratu zaio itsatsita bisaian. Beste horrenbeste gertatu zitzaion Pedro Sanchezi, arrakastak gainezka egin eta Miquel Iceta senatuko presidentetarako inposatu nahi izan zuenean: irribarrea izoztu egin zitzaion. Albert Riverari ezta hori ere, Ugaorako espedizioan. Kalean, hauteskunde karteletako irribarre zuri izoztuek egiten diote diosala oinezkoari.

Hainbat nahasmen. Badira egitasmo batzuk ezker-eskuin errepikatzen direnak kanpainetan; adibidez, trenari dagozkionak. Kontua da trenaz ari denean hautagairen bat, bi aldiz pentsatu behar duela hartzaileak abiadura handikoaz ari den, tren sozialaz ala bere herrian jarri nahi duen tren txutxuaz. Badira beste nahasmen mota batzuk ere; Interneten, juanikoteak konpontzeko erremedio infaliblearen iragarkia eta jeltzaleen hautagai nagusien propaganda bata bestearen atzetik ateratzen ziren txandaka, leihatila berean. Azkenean, amets kiribilduetan bezala, diputatugai nagusi bata zuriz ikusten du batek, juanikoteak limatzen.

Paraxutak. Hurrena, paraxut-zerrendek uzten zaituzte KO: Lizartzan —paraxutistek estimazio handia dioten herrian— hiru lizartzarrek eta lau bizkaitarrek osatutako zerrendarekin aurkezten omen da Equo udalera. Zinegotzi telematikoak, Bizkaitik Lizartza gobernatzen? Aitortu behar da Bizkaiak askorako ematen duela, zentzu anitzetan. Adibidez, PPkoek Araban eta Gipuzkoan Bizkaiaren kontrako bandera astindu dezaten, egunkari probintzialek egin ohi duten bezala.

Hitz birrinduak. Batzuetan, buzoian bertan hasten da okerra. «Desde el corazón» izeneko sobrea jaso nuen, bihotz eta guzti, perfumeren bat iragarriko zidalakoan... baita zera ere! PSEtik zetorren mezua. Letra txikia irakurtzen hasi, eta, hara hor: gaztelaniaz «la Gipuzkoa del empleo» dena, «etsenpluaren Gipuzkoa» bihurtu da euskaraz. Zuzentzaile automatikoaren traizioa?

Hitz betegarriak. Bada gaztelaniaz makulu-hitz bat, arrakasta handikoa politikari eta tertualiakideen artean: «insisto». Hitzetik hortzera darabilte, kalanbre zartadak jaurtiz entzuleari. Bistan da hitz betegarri hori ideia berbera behin eta berriz errepikatzeko amarrua besterik ez dela —bide batez, ideien eskasia agerian utziz—. Pozik nengoen euskaraz ez zegoelako horrelako makulu-hitzik. Ba, kanpaina honetan harrapatu dut ordaina: «errepikatzen dut». Horixe bota zuen EH Bilduko hautagai batek telebistan.

Gainontzean, zuzenean eta ziztu bizian zabortegian botatzeko bukaera eman diote kanpainari. Zuzenbidezko —omen— Estatu espainiarrak bere buruari egin baitio harakiria, behin berriro ere, apirilaren 28an herritarrek aukeratutako preso politiko katalanak linbora bidalita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.