elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ez daudenak

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ole-Olentzero entzun eta erabat hustu zitzaidan eguberrietako espirituaren zaku ordurako zimel samarra. Tokia ere halakoa izan zen: Donostiako udaletxearen aurrean jarri duten globo argiztatutik zetorren kanta; ez dakit zertan ari ziren barruanhalako jendetza zegoen!; kontua da globoaren estetikak eta kantaren lelo leloak osatzen zuten konbinazioak erabat birrindu zidatela gabon gogo eskasa. Enpatxatuta ere banago jada otarrainxka eskaintzekin; lehertuta erabat kiroletako ekipamendu osoa saldu eta sartu nahi dizuten iragarki gogaikarriekin; intoxikatuta, ziplo erortzeko zorian, perfumeen iragarki finolariek jariatzen duten kiratsarekin.

Hartan, Whatsappez iritsi zait herritar batek bidalitako gabon-kanta Mendirik mendi proposamen batekin: hilaren 24an urtero egin ohi dugun gaueko saioan kanta hori berreskuratu behar dugula. Abestiaren azken ahapaldiarekin geratu naiz: «Bildu zotza, bota enborra, egin tontorretan garra/ospatu alaitsu gaua...». Kantari eduki kristaua erantzi eta beste eszenategi batean jartzen gaitu: tontorretan sua ikusteko gogoz. Kristautasunak lapurtu zigun neguko solstizioaren ospakizunerako prest. Zorionez, suak argitu eta berotuko ditu hainbat plaza; esaterako, Atharratzen, hilaren 23ko iluntzean, Negüko Süa piztu eta Negü Bürüko Bralea dantza egingo omen dute.

Haurtzaroko oroitzapenak traidore samarrak izan ohi dira, baina azala marraskatu eta ezkutuan gordetako zentzua atera dakieke. Abenduaren 24an herria alderik alde pasatzea, etxez etxe, baserriz baserri, kantuan eta diru-eske... Oroimenean, nola egun horretan sarbidea zeneukan, beste inoiz ez bezala, herriko etxe guztietara; nola iristen zinen herria sekula ez bezala ezagutzera: etxe dotoreak, baserri ezkutuak, kale-zirkiluak, pisu pobreak... Eta horietako bakoitzean bizi zen jendea. Umemokoek harreraren arabera sailkatzen zituzten familiak: jasotako saria izango zen onarpen mailaren lehen neurgailua; horrezaz gain, bazegoen beste bat, sutilagoa: taldearen bisita pozgarria ala molestia, zer gertatzen zen etxekoentzat. Nolanahi ere, antropologoak esango dizu etxez etxeko diru eske kantaria komunitatea aitortu eta sendotzeko errituala dela, beste kultura batzuetan ere ageri dena, data horretan nahiz beste batzuetan.

Lehen erlijioak zeuzkan bahituta eguberriak; orain, paradigma kontsumistaren erasoak. Kulturizazio arrotzarentzako aitzakia gupidagabea ere badira. Hego Amerikako hiriburuetankaleak Aita Noel eta elur oreinez apaintzea, anatopikoa eta anakronikoa izateaz gain, kolonizazio kulturalaren ezaugarri da.

Desmitifikazio prozesu sakona jasan dute neguko ospakizunek azken hamarkada hauetan. Eta, hala ere, trantze txar modura bizi du askok garai hau: parafernaliari inolako zentzurik aurkitu ezinik, edota borborka egiten duen sentiberatasunak jota. Hor agertzen den motibo errepikatuena «ez daudenen falta» da. Ez dauden horien artean, presoak. Zerbaitegatik izan da gabonaldia, urteetan, euskal presoen aldeko kanpainen ardatza. Orain, badaude beste preso politiko batzuk ere. Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilari ohiak, Escrits de presó liburuan, 2017ko azarotik 2018ko uztailera Estremerako espetxean igaro zuen aldiaren egunerokoa argitaratu du. Nadal-ari, egun horiek kartzelan bizi beharrari, aipamen ugari egiten dio. Printza batzuk: «Ez dira egun errazak. /Giroa, moduluan, tristea da./ Eguberri da. Egun grisa egin du, euritsua. Egunaren tristura erantsi egin zait. Egun osoan izan dudan sentsazioa: presoek denbora ahalik eta azkarren pasatzea espero zutela. Badakite gabon dela, telebistak esan duelako, baina oso gutxi dira hori intentsitatez bizi izan dutenak».

Gabonetan, presoak ez daude. Presoak komunitatetik erauziak izan direla gehien nabaritzen den urteko sasoia da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.