Eraldaketa berriak

Gorka Espiau
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal gizartean azken hamarkadotan izandako eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak adierazle apartak erakusten ditu oso egoera zailean. Kolapso industriala, langabezia tasa ezinago handiak, diktadura frankistaren amaiera eta instituzio sare berriaren eraketa (1978az geroztik), eta, horrez gainera, giza eskubideen urratze etengabea eta bereizi gabeko indarkeria. Antzeko egoeretan izan diren gizarte gehienek ezin izan dute irauli halako egoera korapilatsu eta negatiboa.

Hala ere, euskal gizarteak modu ikusgarrian erantzun zien mehatxu eta erronka guztiei. Garai hartan gailen ziren aholkuei segitu ordez desindustrializazioa eta politika neoliberalak, Euskal Herriak erabaki zuen bere manufaktura egitura berriro asmatzea, eta publiko-pribaturako lankidetza sistema berriak diseinatzea, eta aberastasunaren banaketa bidezkoago batean oinarrituriko lehiakortasun eredu berriak zehaztea, ekonomia sozial eta kooperatiboak bultzaturikoak bezalakoak. Aldi historiko horretan bertan, euskal gizartea gai izan zen euskal hizkuntza gutxitzeko prozesua geldiarazteko eta zio politikoko indarkeria behingoz amaitzeko.

Gaur egun aurpegi eman beharreko eragozpen eta erronka guztiak gorabehera, adierazle horiek agerian uzten dute badela garapen iraunkorreko eredu bat, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik moldatua, etorkizunean ere herrialdeko sor-marka gisa balia daitekeena. Azken hamarkada honetan Mendebaldeko herrialdeetan izandako aldaketek, berriz, sekula baino gehiago eskatzen dituzte garapen eredu alternatiboak, enpirikoki egiaztatua dutenak lehiakortasun ekonomikoa eta oreka soziala uztartuko dituztela. Halako testuinguru batean, eta gure instituzioen neurria eta mugak gorabehera, euskal herriakherritarrek, erakunde sozialek, enpresek eta instituzioek aukera historikoa dute nazioartean bere burua agerrarazteko giza garapenerako eta berrikuntza sozialerako eredu gisa, merkatu globalean erabat lehiakorra dena.

Ikuspegi ekonomiko tradizionaletik, aise azal dezakegu nola gertatu den berrikuntza prozesu hori, zeintzuk izan ziren erabaki estrategikoak hezkuntzan eta babes sozialean inbertitzea, espezializazio inteligentea, eta abar, baina faktore sozial eta kulturalik gabe ezin dugu jakin zergatik hartu zituzten erabaki horiek, beste herri batzuek antzeko egoeretan hartu zituztenen aldean hain bestelakoak. Hein batean, badakigu kuantifika daitekeen horren berri proiektuak eta erabakiak, baina ez dakigu nola funtzionatzen duten elementu ukiezin horiek, eta kalitateari dagozkionek. Horiexek dira elementu bereizgarriak errealitate kultural bakoitzean.

Faktore kulturalaz ari garelarik, ez gara ari soilik adierazpide kulturalez; ari gara, halaber, geure burua herri gisa definitzeko darabiltzagun kontakizun kolektiboetan adierazitako balioen sistemaz. Kontakizun horiek azaltzen dizkigute historiaren joanean hartu izan ditugun erabakiak. Horrela definitzen du bere burua gizarte batek, eta horrela jokatzen du zenbait egoerari aurre egiteko orduan. Faktore kultural hori izan ezean, gizarte guztiek berdin helduko liekete erronka berberei.

Oso garrantzitsua da faktore kultural hori ezagutzea eta neurtzea, hala sakonago aztertzeko gure eraldaketa sozial eta ekonomikoaren prozesua, nola, batez ere, etorkizunera begira dituen elementu estrategikoak abiarazteko.

Beren dimentsio kultural propioa erantsi ahal izan duten berrikuntza eta espezializazio prozesuak dira, hain zuzen ere, nazioartean arrakastatsuenak (Finlandia, Bavaria, Quebec, Estonia, eta abar).

Helburu nagusi bat dugu aurrez aurre: euskal gizarteari buruzko barne kontakizun horiek bizi-bizi ari direla aldatzen. Horren adibiderik garrantzitsuena da, esaterako, desberdintasuna modu arriskutsuan ari dela handitzen Euskal Herrian, autogobernua berreskuratu zenetik aurrenekoz, eta arriskua badagoela aurrerantzean aberastasunaren banaketa bidezkoagoa ez izateko euskal eredu deritzon horren elementu oinarrizkoetako bat.

Oraindik ere garaiz gabiltza berriro konektatzeko 80ko urteetako eraldaketa hura garatzeko bidea eman ziguten elementu eragile haiekin; baina euskal gizartea berriro asmatzeko, ezin dugu modu mimetikoan errepikatu beste gizarte batzuek egiten dutena. Euskal herriak bere historiaren joanean ezaugarri izan dituen balio sistemarekin eta jokamoldeekin konektatu behar dugu berriro. Euskal eredu berria, hain zuzen, elkartasunezko lehiakortasun balioekin konektaturiko ekinbideetan eratu behar da, horiexek ekarri baitizkigute gaur egun giza garapenari dagokionez ditugun mailak. Geure nortasun propiotik begiratu behar dugu bestelako etorkizun bat ikusteko. Gainerakoen ikusmoldea baliatuz gero, ez dugu ikusiko ezer propiorik eta bestelakorik.

Orain, kontua izango litzateke modu berean erantzutea gauzak hobetzen direnean. Iraganean, bizirik irauteko espiritua erabili genuen eraldaketarako palanka gisa. Orain, beste bat erabil dezakegu: desberdintasunaren kontrako borroka. Beste aukera bat irekitzen zaigu geure onena erakuts dezagun. Hori aprobetxa dezakegu, edo beste batzuek markaturiko bidetik jo dezakegu herri gisa gure nortasuna galtzeraino.

Iritsia da abagunea erabakitzeko ea nola nahi dugun gu oroitzea etorkizunean. Izan gaitezke gizarte bat denik eta zailena egin zuena, bere burua sakon eraldatu bestelako eredu bat baliatuz, baina, azkenean, jitoan doan beste itsasontzi bat bihurtu zen. Edo erabaki dezakegu eraldaketa berri bati ekitea, giza garapen iraunkorrari dagozkion sailkapenetan buru izateraino nazioartean.

Ez da erraza, baina 80ko eta 90eko urteetako eraldaketa handi haren buru izan ziren pertsona haiek badakite posible dela. Orain hartzen ditugun erabakien mende dago dena. Gainerakoek egiten dutenarekin etsitzen badugu, gainerakoak bezalakoak izango gara azkenean. Taldean eta bide alternatibo batetik jotzea erabakitzen baldin badugu, zailtasun askorekin topo egingo dugu, baina, seguru asko, askoz ere emaitza hobeak lortuko ditugu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.