Txema Ramirez de la Psicina

Gorrotoa lege

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Begi-ninian antzematen zaio. Distira berezia du. Aurrean paratzen dizkioten fokuek biderkatzen dute begietako dirdiraren indarra. Irriñoaren imintzioa egiten duenean arima izozten dizu. Azken bi asteotan sarritan ikusi dugu Gaztela eta Leongo etxaldeak bisitatzen edota erremolatxaren gorazarrea eginez. Pablo kortaraino sartu da. Berdin zaio atzean behiak, ardiak edota urdaiazpikoak izan. Berdin zabaltzen du ahoa bere buloak, hiperboleak eta mezu alarmistak zabaltzeko. Bere alderdiak Lan Erreformaren bozketan erakutsitako esperpentoak ez du kikildu. Gehiago harrotu da. Patetikotasunak ez du mugarik. Gorrotoa isurtzen du. Herra, antzezpen bakoitzaren atzean. Botoak emango dizkio jarrera horrek? Gaur jakingo dugu. Kontua da askok eta askok gaizkinahia ikusten dugun tokian, seguru beste batzuek adore eta ausardia ikusiko dituztela.

Espainia beltzaren bertsio eguneratua da. Ez da soilik Casadoren kontua. Aski da egun hauetan José Javier Esparzak, Sergio Sayasek edota Carlos García Adanerok eman dituzten argudioak aztertzea jabetzeko beren benetako asmoa ez zela Lan erreformaren kontra bozkatzea, baizik eta sozial-komunistatzat jotzen duten gobernuari kontra egitea eta, batez ere, gorrotatzen duten Euskal Herriaren ideia leherraraztea. Negazionista hutsak dira. Adanerok berak esana du behin baino gehiagotan: «Euskal Herria ez da existitzen».

Injustua litzateke Espainia bakarra dagoela esatea. Bestelako indarrak ere badira, noski. Botoa eta gizartea bera ere gero-eta zatikatuago dago. Bestalde, bistan da Galizian, Katalunian eta Euskal Herrian indar subiranista aurrerazaleen indarra gorantz datorrela. Madrilgo exekutiboaren gobernantzan eragiteko duten ahalmena nabarmen geratu da azken bi urteotan, nahiz eta Lan Erreformaren inguruan gertatutakoak kontrakoa iradoki.

Hala eta guztiz ere, bi Espainien irudiak —faktikoa eta beltza alde batetik eta aurrerazalea bestetik— oraindik ere indar handia dauka. Nahi besteko ñabardura egin litezke baina frankismoa inoiz baino biziago dago egitura guztietan: epailetzan, politikan, komunikabideetan eta ekonomian, besteak beste. Egitura horietan dauden asko eta asko Francorekin batera matxinatu ziren kolpisten seme-alaba edo bilobak dira. Ondorengo zuzenak dira.

Almudena Grandesen «García doktorearen pazienteak» (Los pacientes del doctor García) nobela oso interesgarria da Francisco Francoren diktadurak zergatik iraun zuen hainbeste ulertzeko. Bertan azaltzen da nola, II. Mundu Gerraren ostean, frankismoak ehundu zuen sare bat gerrako kriminal nazien ihesa bideratzeko (Juan Domingo Peronen Argentinara, batik bat). Orobat, deskribatzen da nola Espainiako II. Errepublikak antolatu zuen, erbestean eta klandestinoki, erresistentzia diplomatiko serio bat nazi eta frankisten arteko konplizitate hura nazioarteko foroetan salatzeko. Bide diplomatiko haren azken helburua Francoren diktaduraren amaiera lortzea zen. Eleberria errealitatearen gainean eraikitako fikzioa da. Pasarte arras interesgarriez josita dago.

Liburuaren amaiera aldera, agertzen da bi espioien arteko alegiazko elkarrizketa mamitsu bat. Bata Fred Goodman CIAko agentea da. Bestea Manuel Arroyo Benitez, II. Errepublikako mandataria eta sare klandestino kriminal hura dokumentatu eta nazioarteko foroetara agerian utzi zuen agentea. Topaketa 1950ean gertatzen da, Buenos Airesen. CIAko agenteak komunikatzen dio Arroyori AEBetako Gobernuak ez duela Franco kargugabetzeko ahalegin efektiborik egingo. «Izan ere, mundua aldatu egin da», esaten dio Goodwinek Arroyori. Gerra hotzaren logika makurra: AEBetako Gobernuak ezin zuen Francoren gainbehera bideratu ekintza hura Moskuren mesederako izango litzatekeelako. Manuel Arroyok ezin du logika hori onartu. Ezin du sinetsi: «Beraz, gerrako krimenak ez dira zuentzat aski izan?, ezta milioika errugabe hilda egotea ere? edota ehunka gerrako kriminal mundu osoan zehar paseatzen egotea, etxean baleude bezala, El Pardon bizi den hiltzailearen eta Peronen abegiari esker? Hori guztia bost axola zaizue?».

Aurrerago, Arroyok CIAko agenteari gogorarazten dio II. Mundu Gerraren amaiera nola suertatu zen: «Stalinek zuentzako irabazi zuen gerra. Bera gabe ez zineten inoiz Berlinen sartuko. Orduan bost axola zitzaizuen Stalin tirano bat izatea, edo ez al zenekiten nolakoa zen? (...) Zein izan da gure bekatua, zuen baimenik gabe antifaxistak izatea? Hau izorratzea hau!». Almudena Grandesen liburua —barka diezadala hemen egindako itzulpena— porrot mingots baten historia da, Espainiako ezkerrak bide diplomatikoetan jarritako esperantza zapuztuaren kronika gordina. Galtzaileen inpotentzia zoragarriki kontatua eta dokumentatua.

Gerora gertatu zena ezaguna da: AEBetako presidente Dwight D. Eisenhower 1959an Espainiara joan zen bisita ofizialean. Francok arnasa hartu zuen. Diktadoreak beste 16 urtez jarraitu zuen El Pardon, harik eta 1975ean Juan Carlos I.ari boterea eskutik eskura entregatu zion arte. Kaudilloak azken hatsa ohean eman zuen. Espainian ez da hausturarik izan. Frankismoaren aparatuak ez dira inoiz garbitu. Gerrako irabazleen herrari ugerra dario oraindik. Frankistek diru publikoz hornitzen diren fundazioak dituzte eta lasai antzean dabiltza «etxean baleude bezala» Manuel Arroyo Benitezek salatzen zuen bezala.

Espainiako ezkerrak benetan du erronka zaila. Are eta zailagoa bere aliatu naturalak diren estatuko beste nazioetako ezkerrak baztertzen baditu azken Lan Erreformaren negoziazioan egin duen bezala. Eskuin frankistaren oldarraldia ez da Espainiako ezkerrak duen desafio bakarra. Gainditu gabeko beste erronka historiko bat du konpontzeke: estatua osatzen duten beste nazioen subiranotasunaren aitortza. Luze gabe konpontzen ez bada, PSOErisuteak biderkatuko zaizkio.

Ausardiaz jokatu behar da. Jose Luis Otamendik dioen bezala «orain den-dena beste norabait doa». Ez dakigu oso ongi nora goazen. Oso ongi dakiguna da, ordea, Casado, Abascal, Esparza, Sayas edota Adaneroren begi ninietatik isurtzen den gorrotoak nora eraman gaitzakeen. Eta guk ezin dugu —Jon Etxaideren nobela gogoan— «gorrotoa lege» bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.