Angel Erro.
JIRA

Grafikoak (II)

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Euskararen datu gaurkotuek eman dituzten grafikoez idatzi nuen atzokoan, honako ondorio honetara iritsita: grafiko batek ez du lehenagotik konbentzitu gabeko inor konbentzituko, ezertara mugituko. Ezkorra naiz, badakit. Hura idatzi ondoren irakurritako erreportaje luze-zabal batek berretsi nau neure iritzian (bai, lehenagotik konbentzituta nengoenaz konbentzitu nau, badakit).

Egunotan gaztelaniaren (berez, espainiar hizkuntzaren) nazioarteko kongresua izaten ari da Cadizen. Horren harira, Madrilen argitaratzen den egunkari atzerakoi xamar batean plazaratu duten artikulu luzea irakurri ahal izan dut: akademikoen topaketa horretan esandakoez aritu beharrean, gaztelaniak munduan duen toki gailen gero eta indartsuagoaz ari zen. Sinetsiko didazue goiburuan conquista hitza zeramala esanen banu? Grafiko eta infografia lan andana ere bazekarren, irakurleoi harro erakutsiz gaztelaniak mundu mailan postu hegemonikoari nola eusten dion. Bertako datu bitxi bat, ospatu beharrekoa omen: Espainian 3,5 milioi lagunen mantenubidea omen da gaztelania: Euskal Herriko populazio osoa baino gehiago. Kazeta horretantxe sutan jarri ohi dira euskararen aldeko edozein politikaren aurrean. Ez dago iritziz aldaraziko dituen grafikorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.