garbine ubeda goikoetxea

Lobby baten premiaz

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Euskal kultur industria entzuten edo irakurtzen dudan bakoitzean (aspaldi honetan sarri), zeharbideetan galtzen naiz. Jirak eta bueltak ematen dizkiot nire baitako iparrorratzari, astindutxoak ematen dizkiot, tuntun sentitu arte eman ere, toki berberera iristen naizelako beti: ez dakit kontzeptu horrek zer harrapatu nahi ote duen bere sarean.

Inoiz ez naiz industria baten barruan sentitu. Ezta komunikabideetan albisteak produzitu eta produzitu aritu izan nintzen garai dohakabeenetan ere. Areago. Industriaren definizio, ezaugarri, prozesu eta manerak txertatu nahi izateak hekatonbeak eragin izan ditu euskal kulturaren barruko fabriketan. Ez noa adibide zehatzak aipatzera, baina bai bide horretan abenturatu zirenen bi ondorio nabarmentzera. Lehena, kontraesankorra: estruktura mantendu behar izateko, txorizoak ere saldu beharra. Eta bigarrena, larria: kontsumoaren logikan edo mozkinaren menpekotasunean, enpresak, langileek edota biek euskal kulturarekiko atxikimendua galtzea.

Izenak izana baldintzatzen duela ergelenak ere badakienez, garrantzitsua da kontzeptua argitzea. Industriaren oinarrizko funtsak lehiakortasuna eta mozkinak baldin badira eta horietan fin ez dabilenak jai baldin badu, gupida izpirik gabe fueratuko badute, bereak egingo badu, ez da makala euskal kulturari ezarri nahi zaion zama, euskaraz plazaratzen dena industriaren parametroetara eramanda. Nahi eta ezin endemikoa transmititzen du. Gutxiespena sustatzen du, konparaketa hutsez. Kulturarena, makina erremintaren aldean, beti izango da kaxkarra, bigarren mailakoa, eltzetik babarrunak ateratzeko balioko ez duena, kasik barregarria. Euskal kultura, Basque Country-k eta enparauek ezartzen dituzten parametro horietan, kakatzarra da. Albo kaltea da. Industriara baino gehiago, zerbitzuetara lerratzen den jardun kontsumista ludiko frikia da, aisia, denbora-pasa, afizioa. Inoiz ez ofizioa. Ez behintzat, pulamentuzkoa.

Zerbaiten balioa erakutsi nahi dugun bakoitzean zifretara jotzen dugu, zifra progresiboetara. Geure txikian handi egingo bagintuzte bezala hartzen ditugu, markarik gabeko egiak balira bezala. Konplexuak jota bizi denaren arrazonamendua dirudi, eta maitasun eternoaren aitortza erromantikoa (aurreko edizioan baino gehiago, baina hurrengoan baino gutxiago beti, snif, snif). Neure gusturako, infantil samarra. Durangoko Azoka mundiala baldin bada, ez da bere eragin ekonomikoa, aurtengo edizioaren kasuan, sei milioi euroan kuantifikatzen ikasi dugulako. Edo batek daki zenbat stand, gune edo txoko jarri dituelako. Edo jende gaztea zaharra baino gehiago erakarri duelako kontsumora. Hori baino askoz ere esanguratsuagoa du meritua.

Durangoko Azoka mundiala bada, globala delako da. Muga administratibo madarikatuez gaindi, geure mundua bere osoan ispilatzen ahalegintzen delako. Aldez edo moldez, kultur arlo gehientsuenak bildu nahi dituelako. Espazioan eta denboran, unitate bakar moduan agertzen gaituelako, eta hain zuzen horregatik, Big bang propio bat eragin dezakeelako, halako beste bilgunerik ez dugunez.

Euskara garaian garaiko beharretara egokituko duen liderra Euskaltzaindia baldin bada, Durangoko Azokak, kontsumorako asteburu seinalatua izateaz harago, euskal kultura osoaren erakusleiho permanentea behar luke izan. Gune bat, fisiko zein birtuala, non, urte osoan eta noiznahi, euskal kulturaren labetik ateratzen dena jar litekeen ikusgarri; non aurreko edizioei, historikoei, nobedadeei eta katalogoei erreparatuz egun-pasa eta mende-pasa egin litekeen; non sortzaileen eta bisitarien arteko harremana zainduko den, batzuen eta besteen artean standaren mahaia tartean jarri gabe; non molde bateko eta besteko sortzaileak, elkarrekin, arlo eta produktu berriak asmatzera akuilatuko diren; non I+G propio bati lekua egingo zaion; non, salmenta zifrez harago, beste balore batzuk balioetsiko zaizkigun; non eztabaida eta gogoeta parte-hartzaileak garrantzia hartuko duen; non ikastaroak, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, gomendioak, kritikak eta osagarriak eskainiko diren; non proposamen berriak iragarri, probatu eta neurtzeko bitartekoak eskainiko diren; non produktuek eta produktoreek elkarrenganako beharra eta begirunea erakutsiko duten; non sortzaileari diru-laguntza publikorako nahiz finantzamendurako bidezidorrak erakutsiko zaizkion; non argitaratzeko aukerak zabal litezkeen; non iritsi berriak bidea urratzen hasteko erreferentzia garbia aurkituko duen. Finean, gune metatzaile eta biderkatzaile bat, fisikoa eta birtuala, Durangoren espazioa eta denbora gaindituko dituena, puntuala eta permanentea, ikusgarritasuna eta lankidetza bermatzera bideratua.

Internet ez bada industria kontsideratzen (batzu-batzuei lehiakor bilakatzea eta mozkinak batzea galanki ahalbidetu dien arren), euskal kultura ere ez da industria. Euskal kultura bagarenaren froga da. Eta Durango, izate bizi hori koherentziaz eta batasunaren logikaz dinamizatu dezakeen tresna. Ez ditzagun gutxietsi, parametro okerretara eramanda.

Durangok lobby bihurtu behar gaitu, industriaren legeetatik eta administrazio nahiz politiken apetetatik babestuko gaituen nukleo lagungarri eta eraginkor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.