elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Sugetzarra

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Julio Caro Barojak badu liburu bat historiaren faltsifikazioei buruzkoa (Las falsificaciones de la Historia, Círculo de Lectores, 1991). Hor sartzen ditu, beste askoren artean, Orreagako borrokarena—Altabizkarreko kantua— edo Tubalen legenda. Dioenez, antzinatetik gertatu da fenomeno hori, nonahi, baita greziarren eta erromatarren artean ere. Helburua, beti, iragana ederrestea. Hori lortu ahal izateko, testu ezkutu apartekoen aurkikuntza leku arraroetan eta egoera ezohikoetan gertatu ohi omen da. Ohartarazpen hau ere egiten du Caro Barojak: esperientziak erakusten duenez, pertsona asko kausa baten alde ala kontra jartzen dira arrazoiak baino areago pasioak eraginda. Nolanahi ere, uste du kontuan hartzekoa dela historiaren inguruko iruzurra: «Komeni da lasaitasunez hausnartzea gizakiak historia iruzurtzeko daukan joeraz. Gaur egun azter dezakegu gauza interesgarri modura; ez bakarrik ikuspegi kritikotik, baita indar sozial, politiko eta estetikoa daukan zerbait bezala ere».

Eskuartean Iruña-Veleia Argitu plataformak zabaldutako orri parea: azalean, justiziaren irudia; balantzaren alde batean daramatza «zazpi txosten, 326 orrialde, faltsukeriaren aldekoak»; beste aldean, «20 txosten, 2.104 orrialde, benetakotasunaren aldekoak». Erdiko bi orrietan, «benetakotasunaren aldeko txostenak egin dituzten zientifikoak»: hamazazpi aditu, nazioartekoak nahiz hemengoak; horiezaz gain, beste lau lagun benetakotasunaren alde egin dutenak —eta zutenak, tartean Henrike Knörr eta Txillardegi—. Kontrazalean: «Analitikarik gabe, indusketa kontrolaturik gabe, zientziarik gabe, ezin da justiziarik egin». Izan ere, eskuorriak Iruña-Veleia aferari buruzko epaiketa du jomugan, otsailaren 3an hasiko baita Gasteizen. Akusatuak Eliseo Gil —aztarnategiko zuzendari ohia— eta haren laguntzaile izan ziren Oscar Escribano eta Ruben Cerdan dira. Salaketa Arabako Foru Aldundiak jarri zuen, 2009an, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoak faltsutu zituztelakoan.

Kontua da 2006ko ekainean albiste miragarri batek astindu zuela euskal mundua: Iruña-Veleian grafito sail bat aurkitu zuten arkeologoek, horien artean euskaraz idatzitakoak, ustez III. mende inguruan. Hitz solteak ziren, baina poesia modura irakurri genituen: zuri urdin gori, edan ian lo, geure ata zutan... Xarmak ez zuen, ordea, asko iraun; laster hasi ziren zalantza adierazten hizkuntzalari batzuk, Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra Euskal Herriko Unibertsitateko adituak buru. Zalantzatik eztabaidara eta eztabaidatik salaketara, jostailu hautsien pare geratu ziren grafitoak. Eta aldi berean, gurean ezaugarri den «bat bitan banatzen da» fenomenoa gauzatu zen: Eliseo Gilen aurkikuntzan sinesten zutenak batetik, eta iruzurrari egiantzekotasun handiagoa hartzen ziotenak bestetik. Bando bakoitza berean gotortuta.

Veleia afera liburuan (Elkar, 2010) jaso zuen Alberto Barandiaranek prozesu osoa, kazetaritza lan zehatz eta zorrotza eginez. Batzuentzat, dena den, bertsio ofizialaren bozeramaile gertatuko zen Barandiaranen lana. Beste aiekan, Juan Martin Elexpuru filologoa izan da eledun aktiboena urtetan, eta ¿Qué está pasando con Iruña-Veleia? liburuan (Pamiela, 2018) dauzka bilduta grafitoen sinesgarritasuna defendatzen dutenen argudioak.

Ikusi egin behar epaiketak zer ematen duen. Nolanahi ere, tristea da gero dena judizializatu behar hau; etsigarria, sugetzarraren mugimenduan igartzen eta gurutzatzen diren interes-jokoak. Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek —Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak...— horretan ez lagundu izana. Puntu honetan, Caro Barojaren gomendioarekin kontsolatu behar: har dezagun afera indar politiko, sozial eta estetikoa daukan zerbait bezala. Hau da, XXI. mendeko euskaldunoi axola zaigula III. mende inguruan norbaitek, norbaitzuek, zeramika pusketan euskaraz idatzi zuten ala ez jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.